1.6. Nori eragiten dio TicketBai sistemak?

TicketBAI sistemak jarduera ekonomikoak garatzen dituzten pertsona fisiko eta juridiko eta nortasun juridikorik gabeko erakunde guztiei eragiten die (aurrerantzean, pertsonak eta erakundeak), baldin eta Euskadiko foru ogasunen PFEZ edo SZ zergei buruzko araugintza eskumenari lotuta badaude, maiatzaren 23ko 12/2002 Legeak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunean xedatutakoari jarraiki.

TicketBAI sistema indarrean jartzen denetik aurrera, fakturak egiten dituzten pertsona eta erakunde guztiek honelako gailuak erabili beharko dituzte: saltokiko terminalak (ST), ordenagailu pertsonalak, vending-makina aurreratuak, balantza aurreratuak, tabletak, telefono mugikorrak eta sistema hori arautzen duen araudian zehaztutako eskakizun teknikoak eta funtzionalak garatu behar dituzten gainerako gailuak.

Araudi erregulatzaileak zehaztuko du TicketBAI sistemaren betebeharrak betetzetik salbuetsita geratzen diren zergadunak, osorik edo zati batean, zehazten diren eragiketei dagokienez.

volver atrás  Itzul