Arabako Foru Aldundia

Erakunde gisa, Araba 1463. urtean sortu zen, Ermandade Nagusia eratu zenean. Hiriko eta landa eremuko beharginen elkarte gisa sortu zen, jaunen gehiegikerien aurka, maila apaleko kapare batzuk eta Gasteizko eliteko kideak ere aintzat hartuta, eta erregearen babesa izan zuen. 

“Justiziaren alde eta gaizkileen aurka” jarduten zuela, Ermandadeak -erakundearen aurrekariak 1417. urtekoak dira-, ordenantzen koadernoa prestatu zuen eta manu horiek, aldaketa txiki batzuk eginda, indarra izan zuten luzaroan, hurrengo lau mendeetan, hain zuzen ere. Azken batean, XVIII. mendean, ordenantzak foru bilakatu ziren eta, horregatik, probintziaren izaera are indartsuagoa izan zen.

Era berean, probintziako bi erakundeak sortu ziren: Batzar Nagusiak eta Aldundia. Batzar Nagusietan, urtean birritan biltzen ziren eskualdeetako ermandadeetako prokuradoreak. Aldundia edo Diputazioa, berriz, batzarretan hartutako erabakiak betearazteko erakundea zen. Lau diputatuk (prokuradoreak) eta Batzar Nagusiek hautaturiko bi komisariok osatzen zuten diputazioa.  Diputatu nagusiak buru jarduten zuen Batzar Nagusien batzarretan eta Batzar Bereziaren (Diputazioaren) batzarretan. Diputatu nagusia erregearen ordezkaria zen probintzian -Araban, ez zen korrejidorerik izan-, eta hura zen agintari nagusia, esparru zibilean, politikoan eta militarrean. Mariskalen antzera, “buruzagi militarra zen, komisarioa eta diputatu nagusia, eta erabateko jurisdikzioa zeukan legeen koadernoan jasotako kasuetan”. Lehen diputatu nagusia Lope Lopez Aiarakoa eta bigarrena Diego Martinez Arabakoa, biak ala biak erregeak izendaturik. 1534. urteko hitzarmenaren ondotik, probintziak izendatu ohi zuen diputatu nagusia Gasteizko prokuradoreen artean.

Erakunde horiek sortzeko arrazoi gisa baliatu ziren defentsa auziak (“ermandadearen auziak”) gero eta gehiago izan ziren eta, azkenean, eragina izan zuten arlo publikoetan (auziak bideratzeko zerbitzuak eta ordaintzeko zergak eta kudeatzeko kargudun politikoak). Nolanahi ere, ermandadea herri ekimenez sortu bazen arren, aitoren semeek berehala hartu zuten lanbideen eta karguak hautatzeko prozeduraren gaineko kontrola eta gerora ordaindu beharko ziren zergetatik libratu ziren.   Beste muturrean, erregearen babesa zeukan Gasteizko oligarkia diputatu nagusiaren karguaz jabetu zen 1804. urtera arte -egiatan, handik berrogei urtera arte ere, Menagaraiko Frantzisko Urkixo Irabien karguaz jabetu zelarik-, komisarioetako bat kontrolatzen zuen eta Gasteizen egiten zuen bi urteko bi batzarretatik bat.

Era berean, XVIII. mendean izan zen botereen zentralizazioaren erakusgarri, Diputazioa eta diputatu nagusia garrantzia hartzen joan ziren pixkanaka-pixkanaka, Batzar Nagusien kaltetan.   Joera hori hurrengo mendean ere areagotu zen, udalak diputazioen menpe geratu baitziren; diputazioek, berriz, estatuarena egiten zuten, herritarrengandik hurbileneko jurisdikzio eta eskumenei dagokienez. Kontraesanez beteriko urteak izan ziren XIX. mendearen erdialdekoak; bada, foru zaharrak gero eta indar gutxiago zeukan eta, Foru Aldundiak, berriz, ordura arteko botererik zabalena izan zuen. Ogasuna ere bazeukan eta arlo askotan esku hartzea zeukan. Gainera, 1876.ean, foruak indargabetu zituztenean, Foru Aldundiaren eskumenak ez ziren batere murriztu. Hala, Arabako Foru Aldundia lurraldeko erakunde nagusia izan zen. Eta gaur egun ere bada.