Zerga pizgarriak

Zerga pizgarriak dira zerga betebehar batzuen ordainketan ematen diren hobariak, sektore publikoak interesekoak jotzen dituen jarduera zehatz batzuk sustatzeko ematen direnak.

Urtero, Arabako Foru Aldundiak lehentasunezko mezenasgo jarduerak ezartzen ditu, bai eta erakunde onuradunak zein izango diren eta zer baldintza bete behar dituzten ere.

Sozietateen gaineko zergan (SZ)

Lehentasunezkotzat jo diren jardueretarako diru zenbatekoak gastu kengarri izango dira sozietateen gaineko zergaren oinarria zehazterakoan.

Gainera, SZren subjektu pasiboek kendu egin dezakete zehaztutako kuotatik (ezarpen bikoitzagatiko kenkarien zenbatekoan kuota osoa gutxitzetik ateratzen den kuota likidotik eta, hala badagokio, hobarietatik) lehentasunezkotzat jotako jarduera edo programetarako diru kopuruaren ehuneko 18; baita publizitate babeserako kontratuak direla-eta emandako dirua ere.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan (PFEZ)

Zerga honen barruan, bi zergadun mota bereizi behar dira

a) Enpresa jarduerak edo jarduera profesionalak gauzatzen dituzten zergadunak, zuzeneko zenbatespenaren pean gauzatzen badituzte:

- Lehentasunezkotzat jo diren jardueretarako edo programetarako diru zenbatekoak partida kengarri izango dira PFEZren oinarria zehazterakoan.

- Zerga honen subjektu pasiboek, zuzeneko zenbatespenaren pean gauzatzen badituzte enpresa jarduerak edo jarduera profesionalak, kendu egin dezakete kuota osotik lehentasunezkotzat jotako jardueretarako diru zenbatekoaren ehuneko 18, publizitate babeserako kontratuak direla-eta emandako diruak ere barne direla.

b) Zerga honen gainerako zergadunak:

- PFEZren gainontzeko subjektu pasiboek kendu egin dezakete kuota osotik lehentasunezkotzat jotako jardueretarako diru kopuruaren ehuneko 30. Kenkarien oinarria ez da izango zerga honen oinarri likidagarriaren % 30etik gorakoa.

Ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga (EEEZ)

Horretara bideratutako zenbatekoak partida kengarri izango dira EEEZren zerga oinarria zehazterakoan (establezimendu iraunkorraren bidez dihardutenean). Zergadunek kuota osotik % 18 kendu ahal izango dute.