Laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa (LPPE)

Laguntza ekonomikoa ematen da mendekotasuna duten pertsonen autonomia errazten duten laguntzaile pertsonalen kontratazioaren gastuetarako, horrela errazagoa baita hezkuntza jasotzea, laneratzea, komunitatearekin bat egin eta hartan parte hartzea eta eguneroko bizitzako oinarrizko jardueretan autonomia handiagoa lortzea.

Mendekotasuna duten pertsonak, hiru urte edo gehiago dituztenak; I., II. eta III. graduak edo 25-100 bitarteko puntu kopurua mendekotasuna baloratzeko baremoan (MBB); gainera, baldintza hauek bete behar dituzte:

  • Banakako arreta programa izatea eta bertan jasota egotea prestazio ekonomikoa egokia dela

  • Eskaera aurkezten den egunean Araban erroldatuta egotea eta bertan bizitzea benetan.

  • Gaitasuna izatea zer zerbitzu behar dituen zehazteko, horiek kontrolatzeko eta laguntzaile pertsonalari jarraibideak emateko zerbitzuok egiteko moduari buruz (horretarako gai ez bada, haren legezko ordezkariak beteko du eginkizun hori)

  • Hezkuntzan edota lanean jardutea eta jarduera horietarako laguntza behar izatea, edo laguntza behar izatea eguneroko bizitzako jarduerak egiteko.

  • Laguntzaile pertsonal bat edo, hala behar denean, laguntzaile pertsonal batzuk kontratatzeko erabiltzea prestazio ekonomikoa.

  • GOFEri baimena ematea etxera sar dadin, prestazioa egokitzat jotzeko kontuan hartu zen egoerak iraun egiten duela egiaztatzeko.

 

Laguntzaile pertsonalak baldintza hauek bete behar ditu:

  • 18 urte baino gehiago edukitzea eta legez Espainian edo Frantzian bizitzea

  • Pertsona hartzailearen senidea ez izatea eta laguntza pertsonaleko zerbitzuak behar bezala emateko gaituta egotea.

  • Gizarte Segurantzako afiliazioa, alta eta kotizazioa frogatzea.

  • Zerbitzua emateko kontratua izatea, enpresa baten bitartez nahiz zuzenean pertsona hartzailearekin edo haren ordezkariarekin.

  • "Pertsonei Etxean Arreta Soziosanitarioa Emateko" lanbide-kualifikazioa izatea, edo, bestela, laguntzaile pertsonal jardun ahal izateko salbuespenezko edo behin-behineko gaikuntza izatea.

Familia giroan zaintzeko prestazio ekonomikoa (FGZPE)

Dirulaguntzaren helburua da mendekotasuna aitortua duen pertsona bat beraren familia giroko zaintzaile batek zaintzearen ondoriozko gastuei aurre egiten laguntzea.

Mendekotasunean dauden pertsonak; I., II. eta III. graduak edo 25-100 bitarteko puntu kopurua mendekotasuna baloratzeko baremoan (MBB); gainera, baldintza hauek bete behar dituzte:

  • Banakako arreta programa edukitzea eta bertan jasota egotea prestazioa egokia dela.

  • Eskaera aurkezten den egunean Araban erroldatuta egotea eta bertan bizitzea benetan

  • Mendekotasuna duen pertsonaren ohiko bizilekuan emango dira zainketak.

  • Zainketa eginkizun nagusiak bere gain hartu behar dituen pertsona zaintzailea izendatu izana.

  • Eta behar diren zainketak emateko bizigarritasun eta bizikidetasun baldintza egokiak betetzea.

 

Zaintzaileak baldintza hauek bete behar ditu:

  • 18 urte edo gehiago izatea.

  • Legez Estatuan bizi izatea.

  • Ahaidetasun lotura: ezkontza edo horren pareko lotura –behar bezala egiaztatua– eta odol, ezkontza edo adopzio bidezko ahaidetasuna, hirugarren graduraino; baita mendekotasuna duen pertsonaren familia-harrera ere.

  • Mendekotasuna duen pertsonarekin benetan bizitzea etxe berean eta bertan erroldatuta egotea, dokumentazio osagarria aurkezten den eguna baino urtebete lehenagotik, gutxienez.

  • Zainketa eta laguntza lanak bere kabuz egokiro egin ahal izateko gaitasun fisiko eta psikiko nahikoa izatea.

  • Mendekotasuna duen pertsona zaintzeko nahiko denbora izatea (ezingo dizkio bere zerbitzuak mendekotasuna duten hiru pertsonari baino gehiagori eman, salbu eta mendekotasuna duten pertsona horiek adingabeak izan eta pertsona zaintzailea aita edo ama denean).

  • Gutxienez urtebetean zainketa eta arreta lanak etengabe eta egokiro egiteko prest egotea.

  • Prestakuntza jasotzeko eta erreferentziako gizarte zerbitzuaren aholkuei jarraitzeko prest egotea.

  • Mendekotasuna duen pertsona zaintzeko konpromisoa sinatzea.