Arreta goiztiarreko zerbitzua

Balorazio, estimulazio eta errehabilitazio programez osatutako zerbitzua, xedetzat duena lehenbailehen erantzun integrala ematea garapenaren nahasmenduak dituzten edo izateko arriskuan dauden haurren beharrizan iragankor edo iraunkorrei.

Helburu hauek ditu:

  • Urritasun edo defizit batek haurrarengan izan dezakeen eragina arintzea, haurra bere osotasunean hartuta.

  • Nahasmendu batek edo arrisku handiko egoera batek urritasuna edo defizita eragin dezan ekiditea.

  • Haurraren garapena ahal den neurrian hobetzea.

  • Konpentsaziorako, oztopoak kentzeko eta beharrizan berezietara egokitzeko beharrezkoak diren mekanismoak jartzea.

  • Familia eta gizarte integraziorako eta bizi kalitaterako aukerak ematea haurrei eta haien familiei.

Garapenaren nahasmenduak dituzten edo halakoak izateko arriskuan dauden 0-6 urte bitarteko haurrak, baldintza hauek betetzen badituzte:

  • Euren garapenean nahasmendu fisiko, psikiko edo sentsorialen bat diagnostikatuta edukitzea edo horrelako bat jasateko arriskuan egotea, garaiz aurretik jaio direlako edota sortzetiko arazoak, entzefalopatiak, atzerapen psikomotorra edo bestelako arazoak  dituztelako.

  • Arreta goiztiarreko zerbitzuen beharra izatea, Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldeak (AGBT) egindako balorazio teknikoaren arabera.

Laguntza teknikoak emateko eta ingurune fisikora egokitzeko zerbitzua

Helburu nagusia da desgaitasuna duten pertsonen autonomia erraztea eguneroko bizitzako jarduera guztietan, baita haien parte hartzea eta gizarteratzea ere, laguntzarako konponbide teknologikoei buruzko informazio egiaztatua eta pertsonalizatua eskainiz.

Zerbitzu horrek informazioa eta aholkuak ematen ditu gai hauei buruz:

  • Irisgarritasuna (oztopo arkitektonikoak kentzea etxebizitzako sarbideetan, ibilgailu pribatuak egokitzea, informazio eta komunikaziorako gailuen erabilgarritasuna).

  • Etxebizitzen egokitzapen funtzionala.

  • Komunikazio handigarria.

  • Laguntzarako produktuak.

Informazio ugari dago kontsultagai, hala nola, katalogoak, gidak, argitalpenak, txostenak, araudi teknikoak eta aipamenak. Probatu eta erabili egin ahal izango dira laguntzarako produktu ohikoenak, erosi aurretik.

Adimen desgaitasuna edota gaixotasun mentala duten pertsonak, 18 urtetik gorakoak, mendekotasuna edo mendekotasun arriskua dutenak edo gutxienez % 33ko desgaitasuna dutenak, baldintza hauek betetzen badituzte:

  • Mendekotasunik aitortu ez bazaie, EAEko edozein udalerritan erroldatuta egotea eskaera aurkezten den egunaren aurreko 12 hilabeteetan.

  • Beharrezkoak diren laguntzak jasota bizimodu independentea egin ahal izateko trebetasunak izatea.

  • Laguntzen beharra izatea helburu hauetakoren baterako: komunitateko bizitza eta gizarteratzea errazteko eta bakardadea saihesteko; etxean eta komunitate, hezkuntza nahiz lan ingurunean bere kabuz moldatzea erraztu edo ahalbidetzeko.

  • Laguntza ematen den unean eta hura baliatu bitartean, erabilera pertsonalerako egokia den etxebizitza bat edukitzea, edozein titulu dela bide, prekarioa izan ezik.