Berrikuntzak sozietateen gaineko zergaren araudian 2018ko ekitaldirako

Jarraian sozietateen gaineko zergaren 37/2013 Foru Arauan 2018ko ekitaldirako egin diren berrikuntza batzuen berri emango dizuegu.

Laburpen hau aldaketen berri zabaltzeko besterik ez da; beraz, hoberena Foru Arauan aldatu diren artikuluak osorik irakurtzea litzateke.

25 bis art.: finantza gastuen kengarritasunaren muga

  • Artikulu hori gehitu da; horren arabera finantza gastu garbiak kengarriak izango dira honako muga honekin: ekitaldiko mozkin operatiboaren ehuneko 30.
  • Kentzen ez diren finantza gastu garbiak hurrengo zergaldietan kendu ahal izango dira, kasuan kasuko zergaldikoekin batera, honako  muga honekin: ehuneko 30.
  • Partaidetzak eskuratzea xede duten zorren ondoriozko finantza gastuek aurretiazko muga gehigarria dute: ehuneko 30.
  • Nolanahi ere, kengarriak izango dira zergaldiko finantza gastu garbiak: 3 milioi euro.
  • Muga hau aplikatzen bada, ez da aplikatuko azpikapitalizazioaren erregela.
  • 89 bis eta 99.1 c) artikuluetan zerga taldearen barruan egiten diren horrelako gastuen tratamendua arautzen da.

 

 

31.1 k) art.: gastu kenezinak

  • Kenezinak dira pertsona edo entitate lotuekin egindako eragiketei dagozkien gastuak, baldin eta, haien kalifikazio fiskal desberdinaren ondorioz, ez badute diru sarrerarik sortzen, edo sortzen duten diru sarrera salbuetsita badago, edo ehuneko 10etik beherako karga nominala badu.

 

 

32.4 art.: mikroenpresentzako konpentsazioa

  • 2018an hasitako ekitaldietan mikroenpresentzako zerga konpentsazioa, dimentsioagatik dituzten zailtasunengatik aplikatzen dena, txikiagoa izango da: lehen ehuneko 20koa zen eta orain ehuneko 15ekoa.

 

 

33.3 a) art.: dibidenduen gaineko zergapetze bikoitza ezabatzea

  • Zehazten da zergapetze bikoitza ez dela ezabatu honako kasu honetan: dibidenduak sozietateen gaineko zergagatik edo antzeko zerga batengatik ehuneko 10etik beherako karga tasa nominala jasan duen entitate batek banatzen dituenean.
  • Murrizketa bera aplikatuko da honako hauen gaineko zergapetze bikoitza ezabatzeko: partaidetzen eskualdaketak (37.4 art.) eta establezimendu iraunkorrek lortzen dituzten errentak (art. 35.1).

 

 

36.1 art.: aparteko mozkinak berrinbertitzea

  • Ezabatu egin da berrinbertsioa entitateen kapitaleko edo funts propioetako partaidetzen eskuraketan egiteko aukera.
  • Aldi baterako ezarri da 2018-01-01a baino lehen indarrean zegoen aparteko mozkinen berrinbertsioaren araubideari heldutako errentei araubide hori aplikatuko zaiela, nahiz eta berrinbertsioa egun horretatik aurrera hasitako zergaldi batean gertatu.

 

 

55.1 art.: zerga oinarri negatiboen konpentsazioa

  • Muga ezarri zaio zerga oinarri negatiboen konpentsazioari: konpentsazioaren aurreko zerga oinarri positiboaren ehuneko 50. Mikroenpresen eta enpresa txikien muga ehuneko 70 izango da.
  • Konpentsazioa aplikatzeko epealdia 15 urtetik 30 urtera luzatu da.
  • 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako lehenengo zergaldiaren hasieran konpentsatzeko dauden zerga oinarri negatiboak 55. artikuluan xedatzen denarekin bat etorriz konpentsatuko dira (adierazitako mugekin). Konpentsatzeko epealdia 30 urtekoa izango da sortzen direnetik.

 

 

56.1 art.: karga tasak

  • 2018an hasitako ekitaldietan tasa orokorra ehuneko 26 izango da.
  • Mikroenpresek eta enpresa txikiek ehuneko 22ko karga jasango dute.
  • Salbuespen partziala duten entitateek ehuneko 20 karga jasango dute.
  • Kreditu entitateen gaineko karga ez da aldatu eta lehengoan geratu da: ehuneko 28.

 

 

59. art.: gutxieneko tributazioa

  • Gutxieneko tributazioaren ehunekoak gehitu dira: igoeraren puntu portzentualak karga tasan aplikatu den murrizketarenak berak izan dira.
  • Oro har, gutxieneko tributazioaren tasa zerga oinarriaren ehuneko 15 izango da (lehen ehuneko 13 zen). Mikroenpresa eta enpresa txikinena ehuneko 13 izango da (lehen ehuneko 11 izan zen).

 

 

60.8 art.: zergapetze bikoitza saihesteko kenkaria

  • Kuota nahiko ez izateagatik aplikatu ezin diren kenkariak hurrengo 30 urteetan aplikatu ahal izango dira.
  • 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako lehenengo zergaldiaren hasieran aplikatu gabe dauden kenkariak sortu direnetik 30 urte baino lehen aplikatu behar dira.

 

 

61.3 d) art.: aktibo finko berrietako inbertsioengatik aplika daitekeen kenkaria

  • Inbertsioa 5 milioi eurotik gorakoa izanez gero, ez da egongo zertan bere honako baldintza hau: inbertsioaren xede diren aktiboen guztirako zenbatekoa, ekitaldi bakoitzean, aurreko kontabilitateko balio garbien baturaren ehuneko 10 baino gehiago izatea.

 

 

66. art.: enplegua sortzeagatik aplika daitekeen kenkaria

  • Kenkariaren zenbatekoa mugaegunik gabe kontratatutako pertsona bakoitzaren urteko soldata gordinaren ehuneko 25 izango da, gehienez 5.000 euro. Ezinbestekoa da soldata LGSren ehuneko 170 baino gehiago izatea.
  • Mugaegunik gabe kontratatutako pertsonen kopurua, kontratazioa egiten den zergaldiaren amaierakoa, mantendu beharreko epealdia 2 urtetik 3 urtera luzatu da. Gainera, plantillaren murrizpena kontuan ez hartzeko beste pertsona bat mugaegunik gabe kontratatzeko ezarritako epealdia 3 hiletik 2 hilera laburtu da.

 

 

67.1 art.: kenkariei buruzko arau orokorrak

  • Kenkarien batura (I+G+b arlokoak ez beste guztiak) ezin da izan kuota likidoaren ehuneko 35 baino gehiago (lehen ehuneko 45).
  • I+G+b arloko kenkarien muga ehuneko 70 izango da (lehen ez zegoen mugarik).
  • Bi muga horietako bakoitza aplikatzen zaien kenkariak aldi berean gertatzen badira, ehuneko 70ko muga honi aplikatuko zaio: ehuneko 35eko kenkarien baterako muga aplikatu ondoko kuota likidoaren soberakinari.
  • Kuota nahiko ez izateagatik aplikatu ezin diren kenkariak aplikatzeko epealdia 30 urtekoa izango da.
  • 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako lehenengo zergaldiaren hasieran aplikatu gabe dauden kenkariak sortu direnetik 30 urte baino lehen aplikatu behar dira, 66.7 artikuluan xedatzen denarekin bat etorriz.
  • Kenkariak aplikatzeko hurrenkera: Aurreko ekitaldietako kuota mugadun kenkariak (ehuneko 35 gehienez); ekitaldiko kenkarietatik ehuneko 35eko muga dutenak; aurreko ekitaldietako mugarik gabeko kenkariak (ehuneko 70 gehienez); ekitaldiko kenkarietatik ehuneko 70eko muga dutenak.

 

 

130 bis art.: ordainketa zatikatua

  • Urriko lehenengo 25 egun naturaletan ordainketa zatikatua egin beharko da urriaren 1ean indarrean dagoen zergaldiko likidazioaren kontura.

 

 

Hogeita bosgarren xedapen gehigarria: amortizazioa enpresaren kalifikazioa aldatzen denean

  • Hazkundea dela eta 13. artikuluan ezartzen denaren ondorioetarako kalifikazioa aldatzen zaien entitateek aldaketaren aurreko amortizazio araubide bereziari eutsiko diote.
  • 7 milioi eurotik 10 milioira igo da eragiketen bolumenaren atalasea, irizpidetzat hartzen dena zerga ordainarazteko eta egiaztatzeko eskumena nork daukan zehazteko, zerga egoitza non dagoen kontuan hartuz, eta aplikatu beharreko arautegia finkatzeko.
  • Arabako Foru Ogasunari ematen zaio eskumena foru arautegia aplikatzeko eta egiaztapenak eg9iteko zerga egoitza lurralde erkidean duten subjektu pasiboen inguruan, aurreko urteko eragiketen bolumena 10 milioi eurotik gorakoa dutenen inguruan, hain zuzen ere, baldin eta EAEn egin badute aurreko ekitaldiko eragiketa guztien ehuneko 75 gutxienez.
    Salbuespena ezarri da zerga egoitza lurralde erkidean duten zerga taldeei dagokienez: halako taldeetan dauden subjektu pasiboen aurreko ekitaldiko eragiketen bolumena 10 milioi eurotik gorakoa izan bada, ekitaldiko eragiketa guztiak EAEn egin dituztenek soilik jasan beharko dituzte ikuskapenak eta horiexei soilik aplikatuko zaie zergaren foru arautegia.