null Hegoiren hegaldia Kanpezu haranean nagusitu da

Hegoiren hegaldia Kanpezu haranean nagusitu da

Bonelli arranoaren ale azpihelduak ez du oraindik igorgailurik, baina otsailean hilda agertu zen Leo ordezkatu du jada


Araban sartutako Bonelli arranoaren aleek dei efektua dute penintsulatik datozen beste batzuengan.



Leo hil eta hiru egunera, haren ordezkoak ehiza eta ugalketa lurraldea partekatzen zuen jada Soraiarekin Kanpezu haranean.


Hegoi izeneko ar berriak 2 urte besterik ez ditu, lumaje azpiheldua du, eta remigeak partzialki mudatuta

Hegoi izeneko ar berriak 2 urte besterik ez ditu, lumaje azpiheldua du, eta remigeak partzialki mudatuta

2002/04/12

Aquila a-LIFE proiektuan Bonelli arranoaren populazioa indartzeko garatutako programak hainbat gorabehera izan ditu. Otsailean, Kanpezu haraneko arrano bikote berria (Soraia eta Leo) bigarren urtez jarraian ugaltzen hastear zela, Leoren igorlea Izki ibaira isurtzen diren erreketako batetik hurbil gelditu zela egiaztatu genuen GPS seinaleen bidez. Arabako basozainak eta parke naturaletakoak berehala joan ziren bertara, eta egiaztatu zuten Leo hilda eta partzialki kontsumituta zegoela.

Leo ar lurraldekoia hilda aurkitu zuten Arabako Foru Aldundiko zaindariek otsailaren 16an

Leo ar lurraldekoia hilda aurkitu zuten Arabako Foru Aldundiko zaindariek otsailaren 16an

 

.

Hegoi, ezkerrean, Soraiarekin, bikotearen Arabako Mendialdeko pausaleku gogokoenetako batean

Hegoi, ezkerrean, Soraiarekin, bikotearen Arabako Mendialdeko pausaleku gogokoenetako batean

Irrati bidezko jarraipenari esker, badakigu Leo otsailaren 15ean hil zela, 18:15 inguruan, bat-batean. Halaber, badakigu aurreko bi egunetan Leo oso asaldatuta egon zela, etengabe egin zituela hegaldiak, zeinak ezohikoak izan ziren bai iraupenagatik, bai kokapenagatik, eta horrek pentsarazten digu agian lurraldea defendatzen ari zela kanpotarren baten aurrean. Nekropsia ofizialaren emaitzak jakin bitartean, Leo jaso genuen eta ikusi genuen burua moztuta zuela eta gorpua partzialki kontsumituta zegoela; gainera, hainbat ebaki zituen saihetsen eta gilaren artean, itxura batean hegazti harrapari batek egindakoak izan zitezkeenak.

Leo jaso genuen egun berean, Bonelli arranoaren beste ale bat ikusi genuen lurraldean: 2 urteko azpiheldu bat, Soraiarekin alderatuta zuen tamaina erlatiboagatik arra zela zirudiena. Ale berriak (Hegoi deituko diogu) ar lurraldekoi gisa jokatu zuen lehen egunetik: etengabe egin zuen hegan Soraia emearekin; lurraldea markatzeko hegaldiak egin zituen; habia egiteko ebakietan hegan egitera ausartzen ziren putreak eraso zituen, eta eme alargunaren ondoan pausatu zen.

 

Ordezkapen azkarra

Naturak ez du dolurik egiten, ezin du-eta, eta Leo hil eta hiru egunera, haren ordezkoak lurraldea partekatzen zuen Soraiarekin: haren pausalekuak erabiltzen zituen eta bikoteak ugalketarako prestatuta zituen bi habietara adarrak eramaten zituen. Hilaren 21ean, hiru aldiz ikusi genuen Hegoi Soraia estaltzen, eta otsailaren azken astean, bikote sendo gisa jokatu dute biek: elkarrekin hegan egin dute, ia banandu gabe; habia erabilgarriak berriz kargatu dituzte; kopulatu egin dute, eta gizengarria pasa diote elkarri hegan zihoazela. Hegoik Soraiari jarraitzen dio beti eta ezin hobeto ezagutzen du Leorena zen lurraldea: pausaleku eta etzaleku berak erabiltzen ditu, eta gizendegi garaietara joaten hasi da, ugaltze aldian bikoteari elikadura osagarria ematen diogun tokietara. 

Soraia 4 urteko eme subadulta

Soraia 4 urteko eme subadulta .

Ar lurraldekoi berria markatu gabe dago. Lumajea dela eta, badakigu Hegoi 2. urteko azpiheldua dela (2020an jaioa); Leo, berriz, lau urteko alea zen, Christian Pacteau (Frantzia) itxian hazteko zentrotik iritsia.

Horiek horrela, Aquila a-LIFE proiektuak atzerapauso bat eman du, jada heldua zen ar baten ordez azpiheldu bat jarriz, zeinak agian denbora bat beharko baitu arrakastaz ugaldu ahal izateko, eta denboraldi honetako ugalketa galdu egingo da agian. Hala ere, ordezkapen prozesua oso azkarra izan da, oso bizkorra, eta ez dugu baztertzen denboraldi honetan ugalketa saiakeraren bat izatea. Udaberriak aurrera egin arte itxaron beharko dugu, behin ugaltze aldia igaro ondoren maizter berria harrapatzeko eta irrati igorlea jartzeko. Horri esker, bikote ugaltzailea hobeto monitorizatu ahal izango dugu, eta Hegoik egiten duen espazioaren erabilera Leok orain arte egindakoaren oso bestelakoa den egiaztatu. Bien bitartean, jarraipen bisuala areagotu beharko dugu, eta bikotearen sendotze prozesuan eta lurraldearen erabileran izan daitezkeen aldaketen jarraipena egin.

 

Dei efektua eta programaren etorkizuna

Arabako Bonelli arranoaren populazioa indartzeko programan tristura eta poz uneak izan dira: Leoren heriotza kolpe gogorra izan da, baina Hegoik hura berehala ordezkatu izanak ilusioz betetzen gaitu, bai eta bikote berriaren bilakaerarekiko konfiantzaz ere.

Bonelli arranoaren Euskadiko kontserbazio egoerari dagokionez, Hegoik Leo ordezkatu izana albiste ona da; izan ere, horrek erakusten du populazio flotatzaile bat dagoela oraindik ere, landazabaleko hazkuntzaren bidez sartzen diren aleen artean ezinbestean gertatzen diren bajak ordezkatzeko gai dena. Horrez gain, Araban sartutako aleek dei efektua dute penintsulako beste eskualde batzuetako Bonelli arranoaren beste ale batzuengan, eta Aquila a-LIFE proiektuari esker Arabako Mendialdean eratutako lurraldeak etorkizuna du.