Arabako Geoteka 2025 JIIDE-etan - araba
Arabako Geoteka 2025eko JIIDE-etan

Arabako Foru Aldundiak Arabako Geoteka aurkeztu du Oviedon egin diren Datu Espazialen Azpiegituren Iberiar Jardunaldietan
Azaroaren 12tik 14ra Datu Espazialen Azpiegituren Iberiar Jardunaldien (JIIDE) edizio berri bat egin zen Oviedon. Erreferentziazko topaketa honek, Espainia, Portugal eta Andorrako 300 espezialista baino gehiago bildu zituen. Aurtengo edizioak adimen artifiziala lurraldea ulertzeko eta kudeatzeko modua nola eraldatzen ari den izan zuen ardatz, berrikuntza geoespazialean aurrerapenak aurkezteko esparru egokia izanik.
Testuinguru horretan, Arabako Foru Aldundiak ofizialki ezagutarazi zuen Arabako Geoteka. Tresna digital honek puntu bakar batean biltzen ditu mapak, aireko argazkiak eta 90 urte baino gehiagoan sortutako informazio historikoa. Aurkezpen honek interes handia piztu zuen bertaratutakoen artean, eta Arabako parte-hartzea programaren barruan paper nabarmenean kokatu zuen.
Zer da Geoteka?
Geotekak plataforma bakar batean biltzen ditu:
- Arabako lurraldeko 50.000 dokumentu kartografiko eta fotografiko baino gehiago.
- Bederatzi hamarkada baino gehiagotan egindako hegaldi fotografikoetatik ateratako material historikoa.
- Doan eskuratu daitezkeen mapa eta dokumentu teknikoak, kontsulta azkarra, argia eta eskuragarria errazteko antolatuta.
Geotekaren bistaratzailea informazioa lau urrats errazean aurkitzeko eta deskargatzeko aukera ematen du, interfaze intuitibo baten bidez. Interfaze hori diseinatuta dago edozein erabiltzailek, herritar orokorretatik hasi eta GIS profesionaletaraino, datuetara ezagutza tekniko aurreratuen beharrik gabe sartzeko aukera izan dezan.
Aurretik egindako zenbait hitzalditan, Laura Pérez Borinaga, Lurralde Orekako eta Lurralde Antolamendu saileko diputatuak azpimarratu du tresna horrek "GeoArabaren proiektu integralari balioa ematen diola", eta indartu egiten duela erakundeak lurralde-ezagutzaren modernizazioaren eta kudeaketa eraginkorraren alde egiten duen apustua.
Araba, ezagutza trukearen erdigunean
Geoteka JIIDEetan aurkezteak Araba berrikuntza eta kudeaketa geoespazialari buruzko eztabaidaren erdigunean jartzea ekarri du. Aurten "IA eta lurraldea: ezagutza espazialaren muga berriak esploratuz" leloari buruz hausnartu duten jardunaldi hauek esperientziak partekatzeko, tresna berriak ezagutzeko eta datu publikoen elkarreragingarritasunari eta balioari buruz eztabaidatzeko aukera eman dituzte.
Beste urrats bat lurralde-informazioa irekitzeko eta eskuratzeko bidean
Bere parte-hartzearekin eta Geotekaren aurkezpenarekin, Arabako Foru Aldundiak datu geografikoen gardentasunarekin, digitalizazioarekin eta irisgarritasunarekin duen konpromisoa indartu du. Tresna hori esker, herritarrek, ikertzaileek eta profesionalek Arabako lurraldeari buruzko informazio fidagarria, historikoa eta eguneratua izango dute.