Erdialdea
Mandazainbide Proiektua - Erdialdea
1.- Andoin–Legunbe, Andoin- Gamelate eta Bigateko mendateetan zehar
Arabako Lautadaren hegoaldean, Nafarroako mugan, Entziako mendilerroa nabarmentzen da, zeinak Urbasako mendilerroarekin bat egiten duen Nafarroako lurretan.
Mendi gailurren lerroan mendate eta ataka txikiak zabaltzen dira; mendeetan zehar erabili izan dituzte bertako herritarrek basoa ustiatzeko eta abereekin goi larreetara heltzeko.
Beharbada nabarmenena Andoingo mendatea edo Gamelate da, ibilbide honetan Bigateko ataka ezezaguna gainditu ondoren atzemango duguna, eta Legunbeko gailurrera igotzeko aukera eskainiko diguna.
2.- Urabain-Ballo, Akarrate eta Atauko mendateetan zehar
Entziako mendilerroa larratzeko eta baso baliabideak lortzeko primerako eremua izan da inguruko herritar askorentzat, partzuergoaren antzinako kudeaketaz baliatuz.
Ibilbide honetan Asparreneko udalerrian dagoen Urabaingo herri txikitik abiatuko gara, eta Entziako mendilerrora igoko gara Akarrateko ataka ezezagunetik.
Legaireko larre zabaletara iritsita, aukera ona izango dugu Lautadatik begiratuta horren erakargarri egiten diren Ballo eta Mirutegiko gailur hurbiletara heltzeko.
3.- Bikuña-Ballo, Entziate, Durruma, Munain eta Okarizko mendateetan zehar
Okariz, Munain, Bikuña eta Durruma herrien hegoaldean baso handia zabaltzen da Entziako mendilerroko hegaletan gora.
Basoaren goiko zerrenda, 800 metrotik gora dagoena, pagadiaren lurraldea da; behealdean, berriz, haritza da espezie nagusia.
Proposatzen dugun ibilbidean, Bikuñatik abiatuko gara, Bikuña edo Entziateko mendatetik barrena mendilerrora iristeko. Ondoren, Txumarregi eta Txumartegiko kotak zeharkatuz mendebalderantz itzuli eta Munaingo mendatera helduko gara.
4.- Alangua, Opakuako mendate zaharrean, Alangua eta Arrizalako mendateetan zehar
Arabako Lautadak, hego ekialdean, Iturrietako mendien ipar paretarekin egiten du topo; pareta basoz estalita dago mendiaren oinetik gandorren lerroraino.
Hala ere, harkaitz ederrak ikusten dira landare estalki aldakorrarekin kontraste bizian; deigarriena, Opakuako mendatearen mendebaldean dagoen Arrigorrista gailurra, izena eman dioten tonalitate gorrixkekin.
Proposatzen dugun ibilbidean, Alangua herri txikitik irtengo gara eta, zeharka egingo dugu gora, pagoen azpian eroso baino erosoago, Mendate Zaharreraino.
5.- Egileor, San Joan eta Luzkandoko mendateetan zehar
Agurain hegoaldean goi ordoki handi bat dago, Iturrietako mendiak. Mendebaldean Gasteizko mendiekin egiten dute muga, eta ekialdean Entziako mendilerroarekin.
Uribarri eta Opakuako mendateak asfaltozko bideak dira eta Lautadatik hegoaldera erraz igarotzeko aukera ematen digute; aldi berean, goi ordokiaren mendebaldeko eta ekialdeko muga dira.
Azaltzen ari garen ibilbidea zirkularra da; Egileortik irten eta, lehenik, mendilerrora helduko gara San Joango mendatetik. Gero, mendebalderantz egin, eta hiru tontor zapalduko ditugu: Adaleku, Soil eta Santa Elena.
6.- Gereñu-Musitu Mendatezurian zehar
Iturrietako mendiek lotzen dute Entzia mendilerroa Gasteizko mendiekin, Arabako Lautadaren hego ekialdeko harresiaren jarraitasuna mantenduz.
Opakua eta Uribarriko mendate asfaltatuez gain, badaude hainbat bide, dagoeneko erabiltzen ez direnak, gertuen dauden herriak lotzeko, mendilerroko zirrikitu oro baliatuz.
Ibilbide hau eginez gero, Mendatezuri edo Bide Zurien mendatea bisitatuko dugu, Gereñu Iturrietako goi ordokiarekin eta hango herriekin lotzen duena: Erroeta –Arabako herririk garaiena– Erroitegi eta Musitu.
7.- Musitu-Done Bikendi Harana, Nazarri mendatean zehar
Iturrietako mendien goi ordoki zabalean biltzen diren ur gehienak Arraia-Maeztuko haranerantz jaisten dira, Igoroingo sakan ikusgarritik.
Euri asko egiten duen garaian edo urtzaldian, arroila bikainaren burutik, jauzi ederretan jausten da ura, nonahitik isuriz erreka handitzen duten uhar ugarien artean.
Musitutik abiatuko gara, eta sakanean gora joango gara Igoroingo eremutik pasatuz. Ur-jauzien oinera heldu eta Erroitegira iritsiko gara.
8.- Alda, Alda eta Uribarriko mendateetan eta Mendate Berrian zehar
Arabaren erdi-ekialdean dago Harana –gaztelaniaz, Valle de Arana, hau da, Haraneko harana– nahiko gorderik eta Nafarroako lurrekin muga eginez. Haranak honako herri hauek barne hartzen ditu: Alda, Kontrasta, Done Bikendi eta Uribarri.
Harana laborantzako lurren mosaiko bat da. Hegoaldean, Aldako gurutzea - Arnaba gailurren lerroak babesten du; iparraldean, berriz, Iturrietako goi ordoki zabala da Arabako Lautadatik bereizten duen oztopo naturala.
Ibilbide honetan, Aldatik abiatuko gara, eta, ahaztua dagoen Aldako mendatetik, aipatutako goi ordokira helduko gara. Gailurren lerroari ekialderantz jarraituz, Uribarriko mendatetik pasatu, eta Mendate Berrira iritsiko gara.
9.- Uribarri Jauregi, Gereñu, Uribarri eta Elabeko mendateetan zehar
Arabako Lautadaren hegoaldeko hesiaren zati handi bat Gasteizko mendiek eta Iturrietako mendiek osatzen dute, eta horiek Uribarriko mendatean bat egiten dute.
Inguru horretan, hainbat bide daude irekita, garai batean bi isurialdeak lotzeko baliatzen zirenak, esaterako, Gereñu eta Elabeko mendateak eta aipatu berri dugun Uribarrikoa.
Ibilbide honetan, Uribarri-Jauregiko geltoki zaharretik irtengo gara, eta horren trazadura jarraitzen duen ibilbide berdetik aurrera eginez Indiagana gailurra eta Giputzuriko Santa Isabel baseliza bisitatuko ditugu.
10.- Gauna, Azazetako mendatean zehar
Gasteizko mendien ekialdean dago Azazetako mendatea, gehien erabiltzen den komunikazio bidea Arabako Lautadaren eta Mendialdearen artean.
Gaur egun ibilgailuentzako errepide bikain bat dagoenez, aspaldiko garaiak alde batera utzi eta txangozaleek beste bide batzuk topatu behar dituzte haraino oinez heltzeko.
Gaunatik abiatu, eta Vasco-Navarro trenbidearen geltoki zaharrera joko dugu; handik, pagadi hostotsuetan gora igoko gara Itxogana mendiaren azpian dagoen San Bitor baselizara; tokiko parke zaindu bat dauka ondoan.