Hegoaldea
Mandazainbide Proiektua - Hegoaldea
1.- Santikurutze Kanpezu (Ibernalo)- Nazarko mendatea
Kantauriar mendilerroak Kodesko mendilerroan du jarraipena ekialderantz, eta biek ala biek batasun geomorfologikoa, klimatikoa eta paisaiakoa osatzen dute.
Mendilerro horretako mendirik garaiena Joar (1.416 m) da, eta mendebaldean dago; ekialdean, berriz, mendirik garaiena Costalera (1.234 m) da.
Santikurutze Kanpezutik hurbil, Ibernaloko baselizatik abiatuko gara, abiatu ere gorantz Ama Birjinaren amildegi estutik Nazarko mendi-leporaino, Araba eta Nafarroaren arteko muga eta komunikabide garrantzitsua Kanpezuko eta Berrotzako lurren artean.
2.- Bernedotik Aldeako Mendate Zaharrera eta Mendate Berrira
Peñaltak jartzen dio Kantauriar mendilerroko ekialde zorrotz horri punta. Txango honetan inguratu egingo dugu gain hori.
Aldea edo Horcako mendate zaharra eta mendate berria komunikabide garrantzitsu bi dira, mendeak joan mendeak etorri bi isurialdeen arteko joan-etorria ahalbidetu dutenak, nahiz eta egun bide horiek mendizaleek eta ehiztariek baino ez erabili.
Bernedoko herrian hasiko dugu txangoa, handik basoa ateratzeko pista batean zehar gora aipatutako lehen mendatera helduko gara, Meano eta Ekialdeko Arabako Errioxa aurrez aurre ikusi arte.
3.- Villafría-Villafría Mendatea-Kripan
San Tirsoko gailurraren, baseliza bitxiari eta txano bereizgarriari esker ezaguna, eta Peñaltako gailurraren artean, Bernedo eta Kripan gaineko punta zorrotza, Arabako Mendialdea eta Arabako Errioxa mendetan zehar lotu dituzten zenbait mendate daude.
Honako hauek, esaterako, ekialdetik mendebaldera eginez: Mendate Berria, Villafriako mendatea, Palo mendatea eta Cañada edo Bilarko mendatea.
Ibilbide hori Villafrian hasiko dugu, mendilerroa zeharkatu, Villafriako mendatetik, eta Kripanera jaitsiko gara, Nacederoko aisiagunea atzean utzi eta erromatar galtzada zaharra zapaldu ondoren.
4.- Villaverdetik Bilarrera, Ponterba Mendatetik
San Tirso eta Toro mendatearen, eta ez Toroko mendatearen, artean, mendilerroak tinko eusten dio bere gailur edo gandorrari, eta horrek senperrenak eginaraziko dizkio mendilerroaren isurialde biak lotu nahi dituen mendizaleari.
Ponterbako ataka da, agian, hesi menderakaitza gainditzeko, gizakiak onargarri jo duen zirrikitu bakarra. Peña Leondik 500 metro ekialdera dago eta San Tirsotik 1000 metro sartaldera.
Villaverden hasten da jarraian deskribatuko den ibilbidea; Ega ibaiaren ertzean; hego mendebalderantz zeharretara egin, norabidea aldatu Toro mendatearen azpian, eta erraz helduko gara Ponterbako mendatera.
5.- Lagranetik Guardiara, Toro Mendatetik
Kantauriar mendilerroko gailurrik garaienak Larrasa (1453 m), Palomares (1446 m) eta Peña del Castillo (1432 m) dira, eta mendizaleentzat gain zut menderaezin multzo baten gainean jaikitzen dira.
Horietatik sortaldera Toro mendatea izenez ezagututako mendi-lepo zabala irekitzen da, bidaiariek eta merkatariek antzina urratutako ibilbide erabilienetako baten puntu garaiena, non, trukea helburu, arrainak, ikatzak, kareak batera eta ardoak, olioak eta beste askok bestera egiten zuten.
Txango honetan hark Lagran eta Guardiaren artean zuen ibilbidea egingo dugu, une batez mandazain, beilari eta ikazkin bihurtuta.
6.- Pipaonetik Lezara eta Paganosera, Recilla mendatetik
Palomarestik, Kantauriar mendilerroko inguru erabat malkartsu eta txundigarritik mendebaldera, hesi itzel zeharkaezina da Recillako mendateraino.
Mendi-lepo zabalak lotzen ditu mendi hori eta Cervera mendia, gizakiak isurialde batetik bestera eta bestetik batera egiteko eta abentura, komunikazio eta merkataritza beharrak asetzeko aspaldidanik erabili duena.
Oraingo honetan, proposatutako ibilbideak Pipaon du abiapuntu eta aipatutako mendatea helmuga. Gero, beherantz egiten du hegoalderantz, Guardiako bidetik, eta bidean Done Kristobal ezkutuko baseliza, Berberanako eraberritua eta Sotilloko trikuharria, besteak beste, ikustea izango dugu.
7.- Pipaonetik Samaniegora Urdatetik
Herrerako mendate ezagunetik 800 metro ekialdera Pipaongo edo Urdateko mendatea dugu, Matikal eta Peña Cuervo gainak batera eta bestera dituela.
Egun ahantzirik badugu ere, nabarmentzekoa da duela mende asko mendilerroko bi isurialdeen arteko komunikazioan eta merkataritzan zuen garrantzi handia, batez ere, Pipaonek Samaniegorekin zuenean.
Azalduko dugun ibilbideak herri bi horiek lotuko ditu aipatutako mendatearen bidez. Mendatea apainduz, Peña Cuervo zeruertzean marraztuta eta haren atzean Eskamelo.
8.- Herrera eta Arrosa mendateen artean
Herrerako mendatea aspalditik izan da Kantauriar mendilerro ederra zeharkatzeko ibilbide erabiliena, Arabako Mendialdea eta Sonsierra, mendilerroak bereizten dituenak, lotzen zituena.
San Leongo gainean eraiki bide zen gaztelua da haren garrantziaren lekuko, Urizaharra eta Pipaon, iparraldean, Abalos eta Samaniegorekin, hegoaldean, lotzen zituena
Izan ere, mendebaldera, San Leongo gaina dago, txango honen lehen jomuga. Hara eskailera bide txundigarri bati jarraiki helduko gara. Gailurrean gaudela sartalderantz eginez gero, San Leongo haitzulo aurretik igaro eta Rosako mendatera helduko gara.
9.- Montoriatik Peciñara Osluna eta Atau mendateetatik
Urizaharreko udalerriaren hegoaldera, Herrerako eta Ribas de Teresoko mendateen artean, Kantauriar mendilerroko inguru apalena dago.
Haren itxura, hain malkartsua edo pikoa ez denez gero, inor ez da mendilerroaren zati horretaz ohartzen, eta litekeena da horregatik eustea tinkoago bere ezkutukoei. Horietako batzuk ikusiko ditugu txango honetan.
Gaur Montoriako herri txikitik abiatuko gara; lehenengo eta behin Oslunako mendatera igoko gara, antzina Arabako Errioxa eta Mendialdea lotzen zituen bide garrantzitsura.
10.- Urizaharretik Ribas de Teresora, Pagoetako mendatetik
Toloñoko mendigunearen sortaldea, Toloño eta Artxabal gainen artekoa, Peñaltako eta Bonbalatxiko mendi-puskek zaintzen dute, eta, horien artean, Ribasko eta Pagoetako mendateek beren bidea urratzen dute.
Horietako lehena asfaltatuta dago, eta horrek erraztu egiten du haren erabilera eta bertako ohiko joan-etorria. Bigarrena, ordea, herritarren, ehiztarien eta txangozaleen esku geratzen da, erabat.
Jarraian deskribatuko den ibilbidea Urizaharrean hasten da. Urizaharrak historia luzea eta tradizio estrategiko berezia izan du eskualdeko merkataritzan eta komunikazioetan. Beraz, merezi du txangoa bertan hastea.
11.- Bergantzutik Bastidara, Aire mendatetik eta Tabuernigatik
Conchas de Haro eta Ribas de Tereso mendatea bi bide asfaltatu dira hizpide dugun mendi hesi handia gainditzeko, eta horien artean zabaltzen da Toloño mendigunea.
Orografia basa eta malkartsuko ia hamar kilometro dira, lerro zuzenean, kasik zirrikiturik gabe pertsonen eta gurdien joan-etorrirako Inglares eta Sonsierra haranen artean.
Hemen proposatzen dugun txangoan, Inglares ibaiaren ohantzean dagoen Bergantzu herritik abiatuko gara, eta San Bizente sakanetik sartuko Aire mendatearen bila. Hortik nahiko erraz iristen da Toloño gailurrera.
12.- Gatzaga Buradonetik Briñasera, Lobera Lepotik
Toloñoko mendilerroak Conchas de Haroko haitzartea du mendebaldeko muga, eta haitzarte hori baliatzen du Ebro ibaiak Errioxako lurretan sartzeko.
Haitzarte hori da mendilerroko gunerik beherena, eta horrexegatik, hain zuzen ere, jotzen da Ebro ibarreko ate.
Gure txango hau azken horretan murgiltzen da bete-betean. Gatzaga Buradonen hasiko gara, mendilerroa Loberako mendi-lepotik zeharkatuko dugu eta Errioxako Briñasera jaitsiko gara.