Lagos herrixka

Caicedoko aintziratik gertu aparkaleku bat eraikitzeko obrak zirela eta, esku hartze arkeologikoa egin zen Aintzirako Andra Mariaren ermitaren inguruan.

 

 

Brontze Aroko etxolen hondakinak aurkitu ziren: zutabeen zuloak, erretenak eta zenbait zeramika zati.  X. mendeko etxe baten hondakinak ere aurkitu ziren, eta horiexek dira Lagos herrixka izan zela erakusten duen lekukotasunik zaharrena Herrixka hori 1025. urtean aipatu zen lehenbizikoz “Donemiliagako golde nabarra” izeneko agirian

Arkeologia aztarnak dokumentatu ziren. Horietako batzuk finkatu  eta interpretatu egin dira, errazago ulertzeko.

Kondairak dio…

Aspaldi-aspaldi, orain aintzira dagoen lekuan, bazen benta bat; haren jabeak urte gutxiren buruan aberastuak ziren. Behinola, eskale bat iritsi zen bentako atera eta haur txiki bat zeraman besoetan. Eskalea emakume gaztea zen eta aurpegi ederra zuen, baina nekeak eta goseak zargaldua. Atearen aurrean gelditu, eta elikagairen bat eman ziezaioten eskatu zuen arren. Mirabeak jabeengana joan ziren, bazkaltzear baitzeuden. Nagusiak agindu zuen ore kopuru txiki bat jar zezatela labean egosten, ogia egiteko. Baina ogia labetik atera zutenean, orea izugarri handitua zen, eta nolatan jakin gabe, ogia handi-handia zen. Orduan, pentsatu zuten limosna gehiegizkoa zela eta nagusiak agindu zuen lehen aldian baino are ore zati txikiagoa jartzeko egosten. Eta gauza bera gertatu zen. Hirugarren aldiz egin zuten gauza bera. Nagusiak berak hartu zuen ore zati txiki-txikia eta labean jarri zuen; behin egosita, atera egin zuen, eta ogia aurrekoetan baino are handiagoa zen. Orduan, haserre, esan zuen: -Bota dezatela eskale hori atetik!-

Neskame bat joan zen nagusiaren agindua betetzera, baina bihotz onekoa zenez, bere bazkariko ogi zati bat hartu, eta emakume gajoari eman zion. Eskaleak jarrai ziezaion esan zion, ezbehar izugarria baitzen etxe hartan berehala gertatzekoa. Neskameak jaramon egin zion eta besoetan haurra zeraman emakumearen atzetik abiatu zen oinez. Oinez zihoazela, eskalearen arropak eraldatzen joan ziren; arropa zarpailtsuak jantzi eder bihurtu ziren, eta haren aurpegiak zeruko argiak piztu zuen. Neskameak ulertu zuen Ama Birjina zela eta agertu egin zitzaiola, eta belaunikatzear zegoela, zarata itzela entzun zuen. Burua biratu zuenean, ikusi zuen benta desagertua zela eta hura egona zen lekuan aintzira bat zegoela orain. Ama Birjina ere joana zen. Neskameak ulertu zuen gertatutakoa zigorra izan zela, bentaren jabearen karitate ezagatik.

Eta hurbilen zegoen herrira joan, eta gertatutako guztia kontatu zuen.

García de Diego, V. (1953): Antología de leyendas de la Literatura Universal, Tomo I, Barcelona, pp.342-343