San Frantzisko komentua

 

Atariaren eta haren mendebaldean dagoen hilerriaren ikuspegia

 

Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroaren ingurua urbanizatzeko lanak zirela eta, 2019an egindako esku hartze arkeologikoan, San Frantzisko komentuaren historiari eta haren aurrekariei buruzko informazio baliotsua berreskuratu zen, eta idatzizko agiriei esker ezagutzen zena osatu zuen.

Arkeologiari esker dokumentatutako lehen lekukotasunak zutoin zuloak, erretenak eta harrian induskatutako beste egitura negatibo batzuk dira. Aztarna horiek lehen habitat sakabanatu eta txiki batenak izan daitezke, zeina XII. mendean existitu baitzen, dirudienez, komentua eraiki aurretik, eta baita Alfontso X.ak (1252-1284) ekialdeko harresia eraikitzeko agindua eman aurretik ere (gaur egungo San Frantzisko eta Kanpokale Berria kaleetatik igarotzen zena).

 

Zutoinaren edo silo-oinarriaren zulo handia

 

Urte batzuk geroagoak ziren eraikin erlijioso primitiboari lotutako lehenengo lekukotasunak. Zenbait ehorzketa dira, seguru asko komentuaren hasierako garaietan egindakoak, XIII. mendearen amaieran Berenguela Lopez Harokoak sustatuta egindako obra handia baino lehenagokoak. Badakigu hilerri hori lehenagokoa dela eraikuntza proiektua baino, elizaren mendebaldeko fatxadako hormak zenbait hilobi moztu zituelako. Agerpen horrek berretsi egiten du iturri idatziek adierazitakoa, hau da, garai hartan gune monastiko garrantzitsu bat egon zela.

Harresiz kanpoko hilerri hori sortu izanak adierazten du aurreko habitataren zati handi bat desagertu zela. Aurkitutako aztarna arkeologikoetatik abiatuta, ezin da jakin zenbait eraikinek hartzen zuten espazioa nola igaro zen komentuaren ondarearen zati izatera. Hala ere, horri buruzko argibideren bat ematen dute agiri idatziek, haietan jasotzen baita Gasteizko eliteak eta Gaztelako errege Alfontso X.ak berak lagapenak eta dohaintzak egin zituztela zenobioaren ondasunak gehitzeko.

Dena den, aurreko bizileku osoa ez zen deuseztatu. Hain zuzen, hilerriaren mendebaldean zegoen soto itxurako egitura induskatu handi bat goitik behera eraberritu zuten, barrualdea banatzeko zenbait horma eraikiz. Uste dugu lurpeko espazio hori, ziurrenik, biltegitzat erabili izan zutela, beharbada zereala gordetzeko, eta eraikin handi baten zati izango zela. Ez daukagu hari buruzko ia informaziorik, ageriko zati guztia ez baita kontserbatu. Eraikin handi horrez gain, nekropoliaren ipar-mendebaldean beste eraikin bat egon zen, eta, aurrekoan bezala, hartan ere sotoa baino ez zen kontserbatu. Bi eraikinek ezin hobeki mugatzen zuten hilobi eremua.

 

Mendebaldeko sotoaren bista orokorra, espazio desberdinekin

Mendebaldeko sotoaren bista orokorra, bere espazio ezberdinekin

 

Komentuan 1296. urtetik aurrera egindako eraldaketa handitik, elizaren mendebaldeko fatxada dokumentatu zen indusketan, elizara sartzeko atearen eta atariaren hondarrekin. Ataria galeria luze moduko bat zen, tenpluaren iparraldea eta mendebaldea hartzen zituena, eta Adatseko Andre Mariaren antzinako ospitalearekin lotuta egon zitekeen (gero Santiago ospitalea izango zena eta gaur egun Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroa hartzen duen eraikinaren azpian legoke). Etapa berri hartan, eliza eta portegatua edo eliza ataria eraiki ondoren, hilerria erabiltzen jarraitu zuten.

Erregistro arkeologikoak emandako hurrengo datuak XV. mende amaierakoak dira; garai hartan, hilerriaren iparraldea eta mendebaldea mugatzen zituzten eraikinen sotoak lurrez bete zituzten. Ez dirudi horrek eraginik izan zuenik goiko solairuetan, zutik iraun baitzuten. Agiri idatziei esker, badakigu, mende hartan zehar, iparraldeko ataria ezerezten joan zela zenbait kapera eraikitzearen ondorioz, zeinak gaur egun galduta baitaude oraingo Ogasunaren eraikinaren azpian.

Aztarnategiaren historiaren hurrengo kapitulua XVI. mendearen amaierari buruzkoa da, mendebaldeko ataria zimenduetaraino desegin zen garaikoa. Gertakari haren lekukotasuna bikain gorde zuten agertutako hondarrek. Izan ere, guztiz arpilatu zuten, eta zimenduen zati batzuk baino ez ziren kontserbatu. Haren lekuan arkupe errenazentista ikusgarria eraiki zuten, eta haren altxaeren zati handi bat dokumentatu ahal izan zen.

 

Erdi Aroko mendebaldeko atariaren arpilatze-zanga

 

Atari errenazentistaren bista orokorra
 

 

Garai bertsuan eraiki zituzten Deikundearen kapera eta izen bereko unibertsitate eskola. Bi eraikuntzei buruzko lekukotasun batzuk agerian geratu ziren, ez oso ondo kontserbatuta, baina bai orain arte agirien bidez daukagun informazioa berresteko beste. Izan ere, harritzekoa da zein zehazki datozen bat garai hartako planimetria desberdinetan jasotako antzinako topografia eta aurkitutako aurrien kokapena.

 

Eliz atari errenazentistaren kokapena komentuaren barruan

Atariaren oinplano orokorra eta jarduketa arkeologikoan aurkitutako aztarnak

 

 

 

 

Esku-hartze arkeologikoan aurkitutako arkupearen oinplanoa

 

Hilerria erabiltzen jarraitu zuten komentuan eraberritze handi hura egin ondoren, eta halaxe erakusten dute atari errenazentistaren zorupean aurkitutako zenbait hobiratzek. Haietako askok Erdi Aroko ataria egon zen tokia eta inguruak hartzen zituzten.

 

Hilobiak, Erdi Aroko elizpea arpilatu zutenean utzitako zuloan.

 

Urte askoan erabilitako hilerri hori erabiltzeari utziko zioten, seguru asko, barroko garaian ataria berritu zutenean, errekarriz eta adreiluz egindako garai horretako zoru eder batek estaltzen baitzituen aurreko hobi guztiak.

Indusketa arkeologikoan zehar erregistratutako azken lekukotasunak komentua artilleria kuartel bihurtzeko XIX. mendean egindako eraberritze lanei buruzkoak izan ziren.

 

Errenazimentuko arkupearen oinplanoa, kuartel izatera igaro zenean gertatutako berrikuntzak markatzen dituena

 


 

Esku hartze arkeologikoa eta irudiak: Iterbide S.C.

Planimetria eta topografia: Iterbide S.C. eta Enklabe KST

Zona arkeologikoa: San Frantzisko komentua

Kronologia: XII. mendetik XX. mendera

Obraren sustatzailea: Gasteizko Udala eta Barne Arazoetako Ministerioa

Esku hartze arkeologikoaren finantzaketa, kontserbazioa eta balioa nabarmentzea: Arabako Foru Aldundia