Arabako Lautadako trikuharriak

Aizkomendi

Iberiar Penintsulan identifikatu zen lehen trikuharria izan zen; 1831. urtean, hain zuzen. Ordutik hona hainbat esku hartze jasan ditu, zeinek jatorrizko itxura aldatu baitiote.

Hona hemen trikuharriaren egitura eratzen duten osagaiak: ganbera poligonal bat, harlauza teilakatu handiek osatzen dutena; sarbide estalia, zeina 6 bat metro luze zen eta gaur egun galduta dagoen; eta tumulu handi bat, zeinaren zati bat 1965. urtean desmuntatu zuten, errepidetik ikus zedin.

 

Monumentu osoan zehar (ganbera, sarbidea eta tumulua) garai desberdinetako hainbat giza aztarna eta objektu aurkitu ziren, eta horrek erakusten digu hilobia lehenbizi Neolito Aroan erabili zutela eta, gero, Kalkolito Aroan, berriz erabili zutela. Material horietako asko eta asko galdu egin dira.

Jatorrizko tumuluak 30 metro inguruko diametroa zuen, eta haren gainean ziur asko errituetan dozenaka su egin izanaren arrastoak aurkitu ziren. Bigarren fasean, tumulua zabaldu egin zuten, 64 metroko diametroa hartu arte.

 

 

Aurretiko bista, oinplanoa eta sekzioa (M. Assas. Semanario Pintoresco Español 1857)

Egilazko trikuharriaren lehenengo deskripzioa eta marrazkia (Martín Saracibar, 1892)

 

 

Sorginetxe

Arrizabalagoko trikuharria antzinatik da ezaguna, nahiz eta ezin den zehaztu noiz aurkitu zen.  Gaur egun duen itxura eta 1833an lehen aldiz deskribatu zenekoa oso antzekoak dira. Ganbera poligonala du, sei harlauza teilakatuz eta estalki batez osatua, ez sarbiderik ez tumulurik gabe, nahiz eta ezin den baztertu jatorrian halakorik eduki izana.

Lehen aldiz, 1879an induskatu zuen Federico Baraibarrek eta 1890an Julián Apraizek, eta giza gorpuzkinak eta txorten eta hegaldun gezi punta bat aurkitu zituzten bertan, baina gaur egun desagerturik dago material hori.

 

 

XIX. mende bukaeran, Federico Baraibar berak erosi zuen, kontserbazioa ziurtatzearren, eta, ondoren, Arabako Foru Aldundiari emanaldia egin zion.

Izenak, sorginetxe euskaraz, zerikusia du haren eraikuntzari buruzko herri kondairarekin, zeinaren arabera sorginek eraiki baitzuten, Entziako menditik ekarriz harkaitzak goruen gainean, gauez. Beste kontakizun batzuen arabera, sorginak Egileorko Lezao iturrian bizi ziren, izen bereko leize baten ondoan, eta trikuharrira etortzen ziren beren ileak orraztera.

 

Arrizabalagako trikuharriaren marrazkia, Becerro de Bengoak egina 1878an