Esku hartzeko irizpideak - araba
- Kultura
- Kontserbazioa eta Zaharberrikuntza
- Kontserbazioa eta Zaharberrikuntza
- Esku hartzeko irizpideak

Esku hartzeko irizpideak
Arte eta historia ondasunetan esku-hartze proiektu teknikoak egiteko irizpideak
- Berariaz jakinaraziko zaio Zaharberrikuntza Zerbitzuari obrak noiz hasiko diren, haien jarraipena eta kontrola egin dezan.
- Zaharberrikuntza Zerbitzuak gainbegiratuta eta berak ezarritako arauei jarraituz egingo dira zaharberritze lanak. Aurkeztutako eta onartutako proiektuan edozein aldaketa egin aurretik, zuzendaritza fakultatiboari kontsultatu beharko zaio.
- Esku hartu baino lehen, diziplinarteko azterketa egin behar da, eta horren ondorioak txosten batean jaso. Txosten honen ondorioek jarraitu beharreko lan irizpideak eta metodologia ezartzen lagunduko dute.
- Egingo diren jarduketetan ahalik eta gutxien esku hartzeari emango zaio lehentasuna, eta baztertu egingo dira gehiegi esku hartzea eragiten duten eta ondasunaren osotasuna kalte ditzaketen tratamenduak. Eranskin historikoak behar bezala justifikatuta eta argudiatuta daudenean baino ez dira kenduko, bestela informazio galera itzulezina gerta baitaiteke.
- Kontserbazio tratamendu edo metodoren bat aplikatu baino lehen, probak egin beharko dira kaltegarriak ez direla eta eraginkorrak direla egiaztatzeko. Neurri txikiko eremu diskretuetan egin beharko dira.
- Materialek ahalik eta itzulgarritasun, kalitate eta eraginkortasun handiena bermatu beharko dute kultura ondasunen kontserbazioaren eta zaharberrikuntzaren arloan.
- Premiazko tokietan baino ez dira finkatuko euskarriak eta geruzak, artelanaren ezaugarri fisiko-kimikoak eta estetikoak aldaraziko ez dituzten produktu eta metodoen bidez.
- Azaleko jalkin kaltegarriak, eranskinak izan zein ez, kentzeko egingo da garbiketa lana, artelana osatzen duten materialak kaltetuko ez dituzten baliabide mekanikoen eta/edo kimikoen bidez.
- Bernizak, babes geruzak eta abar kontserbazio egoera txarrean daudenean eta artelana ikustea eta interpretatzea zailtzen dutenean baino ez dira kenduko, betiere horiek kentzeak azpiko geruzari kalterik egiten ez badio.
- Kultura ondasuna desmuntatu behar bada, txosten espezifiko bat egingo da dokumentazio fotografikoarekin, siglatuarekin eta abarrekin, ondoren ondasunaren muntaketa errazteko.
- Artelanaren egiturazko ezaugarriak arriskuan daudenean baino ez da berrintegratuko bolumetria. Dekorazio elementuen kasuan, berreraikitzea baloratuko da.
- Berrintegrazio kromatikoaren xedea izango da irakurketa orokorreko unitatea itzultzea, integrazio optikoko igargarrizko teknikak erabiliz. Hori kolore hutsune edo galeretan baino ez da egingo, eta material ez kaltegarriekin eta itzulgarriekin egingo da.
- Ez da beharrezkoa integrazioak egitea, garbiketa prozesua egin ondoren hutsuneak behar bezala integratuta geratzen direnean.
- Artelanaren azkeneko babesa justifikatua egon behar da. Babes geruza bat aplikatzea beharrezkoa denean, probak egin beharko dira artelana gauzatzeko teknika errespetatzeko, bai eta polikromiaren tonalitate kromatikoak, distira, ñabardurak eta abar errespetatzeko ere.
- Esku-hartzea amaitutakoan, txostena egingo da. Paperezko kopia bat eta formatu digitaleko beste bat emango zaizkio Zaharberrikuntza Zerbitzuari, gorde ditzan, eta haren artxiboan sartuko da. Beste kopia bat ematen bazaio kontratazioa egin duen beste entitate bati (udalak, administrazio batzarrak, gotzaindegia, etab.), ez dira zehaztu beharko marka komertzialak eta erabilitako produktu motak, eta ez dira fitxa teknikoak erantsi beharko.
Amaierako txostenean honako dokumentazio hau sartuko da:
- Artelanaren ZR (Zaharberrikuntza Zerbitzuak emandako obraren espediente zenbakia)
- Artelanaren identifikazioa
- Historia materiala.
- Kontserbazio egoeraren deskribapena.
- Esku hartzeko irizpideak eta proposamena.
- Lan metodologia, aplikatutako tratamenduak (produktuak barne) eta erabilitako produktuen fitxa teknikoak.
- Azterlan eta analisi fisiko-kimikoak.
- Dokumentazio grafikoa eta fotografikoa. Argazki digitalak kalitate onekoak izango dira, eta konprimitu eta prozesatu gabeko formatuan (RAW) entregatuko dira –hasierako eta amaierako argazkiak behintzat–. Gainera, guztiek 300 ppp edo gehiagoko bereizmena izan beharko dute. Gehienez ere 50 argazki onartuko dira (zuzendaritza teknikoak beste kopururen bat behar dela uste ez badu behintzat).
- Bibliografia eta erreferentziak.
- Txostena paper iraunkorrean aurkeztuko da, DIN A-4 tamainan, bi aldetan idatzita, orrialdeka eta aurkibide batekin.
Era berean, formatu digitalean aurkeztuko da (memoria ateragarria), eta karpetetan antolatutako argazkiak erantsiko zaizkio (aurreko esku-hartzeak, kontserbazio egoera, egindako esku-hartzea), argazki oinarekin karpetetako bakoitzean (adibidez: iztukatzea, berniza kentzea, etab.).
Artelanaren zaharberritzea amaitu ondoren, HILABETEKO EPEA ezarri da amaierako txostena aurkezteko.