Egindako azterlanak - araba
- Kultura
- Kontserbazioa eta Zaharberrikuntza
- Martiodako erlikien erakusketa
- Egindako azterlanak

Kontserbazioa eta Zaharberrikuntza
Ondare historikoa, artistikoa, arkeologikoa, dokumentala, bibliografikoa...
EGINDAKO AZTERLANAK
Argazkien dokumentazioa biltzea eta datuak hartzea
Erlikien multzoan esku hartu aurretik, lehenago argazkiak egin ziren, Zaharberrikuntza Zerbitzura iritsi ziren moduan. Ondoren, datuak biltzeko fasea gauzatu zen: neurriak, kontserbazio egoera, etab.
UV bidez eragindako luminiszentzia ikusgarria
Lehenagoko esku hartzeak hautemateko balio du, hala nola birpintatzeak edo bernizak, eta testu edo dekorazio margulduak nabarmentzeko. Hori da, adibidez, erlikia ontzi erabiltzen ziren Martiodako altzarien kasua. Berniz zahar ilunduak zeuzkaten denboraren joanean, edo eskuz idatzitako paper bat, idulki baten armazoi gisa berrerabilia, testua errazago irakurri ahal izateko.
X izpiak
Bi dimentsiotan behatzeko eta barne egiturak, lehendik eginiko esku hartzeak, aldaketak edo kontserbazio egoera identifikatzeko erabiltzen da teknika hau. Bistan ez dauden hezurren, biribilkatutako ehunen, paperen edo elementu metalikoen ezaugarriak argi eta garbi ikusi ahal izan dira.
Eskanerra
Barne egitura behatzeko, gauzatze teknika zein izan zen jakiteko eta kontserbazio egoera balioesteko erabiltzen da. Egiaztatu ahal izan zen hezurrak zeudela garezurren barruan edo erlikiaren inguruko armazoian.
Erradiokarbonoaren bidezko datazioa
Material organikoen antzinatasuna zehazteko balio du, hau da, konposizioan karbonoa duten materialen antzinatasuna zehazteko. Laginean dagoen karbono-14 kantitatea neurtzeak balio du modu nahiko zehatzean zenbatesteko izaki bizidunaren heriotzatik igarotako denbora. Erlikien zenbait hezurretatik jasotako laginen azterketak dio III. mendekoa direla.
Materialen identifikazio fisiko-kimikoa
Materialen izaera eta osaera identifikatzeko egiten dira: ehun zuntzak, margo geruzak, metalezko xaflak, lakreak, argizariak…
Azterlan antropologikoa
Multzoko hezur guztiak aztertu dira. Emaitza izan da gehienak 21 eta 55 urte bitarteko gizonezkoak direla (nahiz eta hezur batzuk argi eta garbi emakumeenak diren). Garezurren ezaugarri antropologikoak bateragarriak dira mota euroafrikar-mediterranearrarekin, zeina ageri baita bai Afrikako iparraldeko populazioetan, bai Europako hegoaldean.
Azterlan botanikoa eta entomologikoa
Erlikia ontzi gisa erabilitako garezur baten barruan aurkitutako landare hondarrak eta ornogabeenak aztertu dira. Landare hondakinek zenbait datu eman dituzte: zer asmo egon daitekeen haien atzean, kristauen artean zer sinbologia zuten eta zein den haien jatorri geografikoa. Aurkitutako ornogabeen hondakinei dagokienez, zein espezietakoak diren identifikatu ahal izan da eta kasualitatetzat jo dira.
Filigranen azterketa
Filigranak dira papera fabrikatzen den unean, hartan egiten diren markak edo marrazkiak. Materiala datatzeko aukera ematen dute, baita, batzuetan, egilea eta jatorria ezagutzeko ere. Erlikia ontzietako bati itsatsitako paper batzuk desmuntatzean, segur aski XVII. mendekoak diren hiru filigrana identifikatu ahal izan dira.
Sigilografia
Lakrezko 23 zigilu erregistratu dira guztira, lau motatakoak, ziurrenik hainbat garaitakoak. Lakre zigiluek erlikien jatorria eta jabetza baliozkotzen dute eta haien datazioa errazten dute. Dirudienez, Martiodakoak XVI-XVII. mendeetakoak dira.




