Tratamendua - araba
TRATAMENDUA

IRIZPIDEAK
- Obraren osotasun historikoa, fisikoa eta estetikoa errespetatzea.
- Ahalik eta esku hartze gutxien egitea.
- Prebentziozko kontserbazioa lehenestea.
- Ahalik eta informazio gehien jasotzea azterlan, dokumentazio eta analisien bidez.
- Lanean parte hartzen dutenen profesionaltasuna eta diziplina artekotasuna lehenestea.
FASEAK
Desmuntatzea eta Zaharberrikuntza Zerbitzuaren instalazioetara eramatea
Erlikia multzoa Martiodako Done Joan Ebanjelariaren elizako sakristian zegoen. Desmuntatu eta lekualdatu aurretik, siglen bidez identifikatu ziren elementu guztiak, eta behar bezala enbalatu ziren.
Intsektuak kentzea eta multzoko elementu guztiak anoxia bidez desinfektatzea
Anoxia erabiltzen da materialetan kalteak eragin ditzaketen organismo bizien jarduera ezabatzeko: intsektu xilofagoak, onddoak, etab. Prozesu honetan, erlikien eta erlikia altzarien multzo osoa % 0ko oxigeno giroan paketatzen da, hilabete batez.
Azaleko aurretiazko garbiketa
Batez ere hautsaren eta gainazaleko zikinkeria metatuaren xurgatze kontrolatua egiten da, brotxak eta pintzelak lagun. Era berean, armiarma ehunak, egur hautsa, karraskarien gorozkiak eta habiak edo intsektu hondarrak kentzeko ere balio du.
Ur garbiketa/garbiketa kimikoa hainbat produkturekin
Gehien itsatsitako zikinkeria kentzeko erabiltzen da, hala nola ehunetako orbanak eta hezur materiala estaltzen zuen zikinkeria, berniz zahartuak, etab. Ur bidez edo disolbagarritasun test egokiak egin ondoren beste disolbatzaile batzuk erabiliz egin daiteke.
Garbiketa, bitarteko mekanikoen bidez
Adibidez, latorrizko loreen edo burdineriaren metalaren gaineko korrosio produktuak moteltzeko edo ezabatzeko erabiltzen da, edo harien, beira aleen eta beste elementu batzuen zikinkeria ezabatzeko.
Itsastea, polikromiak ezartzea, elementu solteak birkokatzea, ehunak lerrokatzea…
Denborak aurrera egin ahala, eta giro baldintzen edo piezek jasandako manipulazioen arabera, material batzuek itsaspena galtzen dute, eta beste batzuk josturetatik askatu edo desdoitu egiten dira. Material horiek egonkortu egin behar dira itsasgarri naturalen, sintetikoen, josturen edo aingura berrien bidez.
Finkatzea
Oso ahulduta zeuden materialei egitura indartzeko prozesuak aplikatu zitzaizkien, hala nola txertoak eta forratuak jarri ziren ehunetan, erretxinak edo txertoak aplikatu ziren altzarien zurean eta metalak berriz integratu ziren bolumetriaren aldetik.
Berriz integratzea
Objektuek eta altzariek zituzten hutsegiteak eta hutsuneak berriz integratu ziren. Bolumetrikoa edo kolorezkoa izan daiteke. Betiere ondo dokumentatua egon behar da, eta produktu eta teknika bereizgarri eta itzulgarriekin egin behar da.





