Testuinguru historikoa - araba
- Kultura
- Kontserbazioa eta Zaharberrikuntza
- Martiodako erlikien erakusketa
- Testuinguru historikoa

Kontserbazioa eta Zaharberrikuntza
Ondare historikoa, artistikoa, arkeologikoa, dokumentala, bibliografikoa...
TESTUINGURU HISTORIKOA
Hezur horiek Santa Ursularen segizioko birjinenak eta Tebasko Legioko soldaduenak dira, “tebeoak” izenez ere ezagunak. Erdi Arotik oso ezagunak ziren legendazko pertsonaiak dira eta haien kondaira fantastikoak oso zabalduta zeuden. Santa Ursula printzesa britainiar kristaua izan zen, eta printze pagano batekin ezkontzeari uko egin ondoren, Erromara 11.000 birjinekin erromes joan zen. Alemaniako Kolonia hiriko ateetan, hunoek martirizatu zituzten V. mendean. Tebasko Legioa, bestalde, Tebasko (Egipto) 6.600 soldaduk osatutako erromatar legio bat izan zen eta San Maurizio zen haien burua. Kristau bihurtu ziren eta jainko paganoak gurtzeari uko egiteagatik martirizatu zituzten III. mendean Valaisen (Suitzan).
Beharbada, lan horien alderdirik garrantzitsuena ez da erlikiak izatea, erlikia ontziak baizik. Hau da, arreta jarri behar diogu erlikiaren marko egiten duen artelanari, arteak forma ematen diolako, zentzua ematen diolako eta sinbolismoz hornitzen duelako. Are gehiago, erlikiaren balio espirituala erlikia ontziaren balio materialarekin berresten da. Erlikia ontzi horien izaera luxuzko, distiratsu eta koloretsua ikustea besterik ez dago, errealitate handiago bati dagozkiola erakusten baitu.
XVII. mendearen lehen erdialdean Flandriako artista kualifikatuek arreta handiz egindako lanak dira. Erlikitegi batzuk alanbrez eta zetazko hariz egindako lore eta landare txikiak dituzte eta lorategi itxiak (besloten hofjes neerlanderaz) deitzen diren flandestar genero artistikoarekin lotu daitezke: miniaturazko lorategitxoak dira, martiri hauek zeruko paradisuan daudela adieraziz.
Pieza interesgarri horiek Martiodako elizatik datoz, Hurtado Mendozatarren babespean zegoena. Leinu honetako kideak Austriarren gortean nazioarteko diplomazioan aritu ziren. Antonia Hurtado Mendoza eta Salvatierra, Martiodako andrea, Bruselan bizi izan zen XVII. mendearen erdialdean, eta bere senarra, Juan Necolalde, Flandriako gotorlekuetako arma zaindari eta merkatari gipuzkoarra izan zen. Ziurrenik haiek erosi eta ekarri zituzten obra hauek.
Irudia, Inventario de las haciendas que dejó Juan de Necolalde en Villarreal de Guipúzcoa, dokumentuari dagokio (ABA-JCG 4466, Euskaltzandia - Real Academia de la Lengua Vasca erakundeak gordetako dokumentua, Azkue Biblioteka eta Artxiboa).
Transkripzioa: : Otoizlekua. Hamabi santu buru, sei tebarrenak eta beste seiak hamaika mila birjinenak, nitxoetan jarrita, eta nitxo bakoitzaren aurrealdean beira.

