ERLIKIAK

ERLIKIA hitza latinezko reliquiaetik dator, eta honako hau esan nahi du, hitzez hitz: atzean geratzen dena. Bizitza Fedeagatik entregatu zutenak gogoratzeko borondateak oso goiz ahalbidetu zuena izan zen giza gorpuzkiei lotutako debozio jarduerak sorraraztea, zeinak jainkoaren aurrean bitartekari gisa jotzen baitziren. Gauza sakratuen presentzia gauzatutzat jotzen dira erlikiak, eta pertsona santuen eta gizaki bizien munduaren gainean duten botere hipotetikoaren lekukotza eman nahi dute.

Kristautasunaren hasieran martiriekiko kultua agertu izana – IV. mendetik aurrera orokortu zen – kontraesanezko fenomenoa izan zen: haien hezurrak eta ondasunak jasotzea lotuta zegoen paganismotik oinordetzan hartutako ohiturekin. Baina mendeetan zehar, kristautasuna Europan zabaltzearekin batera, normalizatuz joan zen erlikien presentzia tenplu eta santutegietan. Erdi Aro goiztiarrean, pertsona santuen gorpuak zatitzeko eta fededunen komunitateen artean sakabanatzeko joera sistematizatu zen, eta hori, askorentzat, nekez uztartzen zen berpiztearen ideiarekin.

Erdi Aroan argi zegoen erlikiak kapital sinboliko aparta zirela, eta Aro Modernoan, berriz, fededunen — erregeak, nobleak, elizgizonak edo basailuak — bultzadarekin berarekin handitu zen haien boterea, ez bakarrik debozioko ikuspegi batetik, bai eta ikuspegi sozial eta politiko batetik ere. Gauza sakratuak edukita eta kontrolatuta –merkataritzaren, zirkulazioaren eta transmisioaren bidez– etxe monastikoen eta elizen ospea handitzen zen, dinastia ez seguruak indartzen ziren, benetako altxorrak areagotzen ziren, nobleen nagusitasuna berritzen zen eta herri lauaren erlijio sentimendua pizten zen.

XVI. mendean, ideia erreformistek gogor jarri zuten zalantzan erlikien gurtza, eta superstizioa eta irrazionaltasun lotsagarria izatea leporatu zioten. Horren ondorioz, Eliza Katolikoak erantzun egin zuen, eta erlikia asko Europako iparraldeko tenpluetatik erreskatatu eta Espainiara edo Italiara lekualdatu zituen, protestanteek suntsitu egingo zituztela pentsatuta. Garai nahasi horretan nahi zena zen uztartzea tradizioari eta fedeari eustea eta zientziek aurrera egitea , eta nobleak eta plebeioak, aberatsak eta pobreak, gizon eta emakumeak, ezinbestez erakarrita sentitzen ziren elizetan, monasterioetan edo jauregietan aurki zitezkeen erlikia bildumetara. Haiek edukitzeko nahiak merkataritza neurrigabea eragin zuen, eta faltsifikazio ugari egin ziren garai hartan aurkitutako katakonba erromatarrak bezalako lekuetatik berreskuratutako hezurretan oinarrituta.

Pertsona santuen gorpua haien arima perfektuaren zeinu gisa hartzen zenez, logikoa zen gorpuzkiak material preziotsutan biltzea, haien nortasuna indartzeko eta ziurrenik zeruan izango zuten bizilekuaz gozatu ahal izateko. Hezurrak ikustea ez zen ezinbesteko baldintza materia sakratua esperimentatzeko; izan ere, egurrezko, metal preziotsuzko edo ehun aberatsez eginiko erlikia ontziek haragiaren usteltzea ezkutatzen dute eta erlikia azaltzen dute deskonposizioarekiko erresistentea den zerbait bezala