Euskara Araban
Euskara Araban
Antzinatik Arabako lurraldea populatzen zutenean hizkuntza nagusia euskara izan da, sistema politiko, ekonomiko eta sozial boteretsu eta egituratuagorekin gaztelania sartu zen arte. Ondorioz, hizkuntza erromantzea gero eta gehiago finkatuz eta euskara geroa eta gehiago baztertuz joan zen.
Gure kultura ondarearen zati handi bat euskaraz garatzen dela kontuan izanda eta hizkuntza hori berez artea edo ohiturak bezain ondare baliotsua dela jakinik, arabarrok ahalegin handiak egiten ari gara hamarkada batzuetatik hona iraganeko hizkuntza aberastasuna berreskuratzearren, bera izan dadin etorkizuneko belaunaldien adierazpen eta bizikidetzarako tresna.
Euskararen Foru Zerbitzua
- Probintzia plaza, 5 – 3. 01001 Vitoria-Gasteiz
- Telefonoa: 945 181818
- Faxa: 945 181947
- e-maila: jlarranaga@araba.eus
- Ordutegia: Astelehenetik ostiralera: 8:15 - 14:30
Euskarari buruzko datu orokorrak
Hizkuntzalariek euskara “uharte-hizkuntza” dela esan ohi dute, haren jatorria ezezaguna delako eta beste hizkuntzekin ahaidetasun segururik ez duelako. Ikerlariek bi hipotesirekin egin dute lan jatorriaren berri izateko: iberiar-iparrafrikarra eta kaukasiarra; baina nahiz eta kointzidentzia harrigarriak aurkitu dituzten, ez dute auzia erabat argitzen.
Euskal hiztunen lurraldea aldatuz joan da historian zehar. Erdi Aroan bizi izan zuen hedapenean, euskarakgaur egungoa baino askoz ere eremu zabalagoa hartzen zuen, oso toki urrunetan bizirik dirauen toponimiak erakusten digunez, esate baterako Pirinioetako mendikatekoak eta Errioxakoak. Dena den, geroko joera kontrakoa izan da, latinetik datozen hizkuntzek gizarte, erakunde eta kultura aldetik izandako bultzadaren ondorioz.
Euskarak lehiakideak izan ditu beti inguruan, denboran zehar aldatuz joan badira ere. Baina, era berean, hemengo gizartea beti egon da bere hizkuntza kementsu defendatzeko prest. Jarraipen hori da zientzialariek miresten dutena eta historialariek erabat azaldu ezin izan dutena.
Historia
Arabako lurren barietate geografikoa funtsezko elementua da beste garai batzuetan bertan bizi izan zirenen historia eta kultura ulertzeko. Bizkaiko itsasoaren isurialdeko haran malkartsuek bizimodu berezia izan zuten mendeetan zehar; lurraldearen erdialdeko eta hegoaldeko eskualde esragarrienek, berriz (Araba-k “laua” esan nahi du), errazago jasotzen zituzten kanpoko eraginak, baita hizkuntzaren aldetikoak ere.
Antzinatean, Araba igarobide izan zen herri askorentzat. Guztietatik erromatarrak izan ziren gehien eragin zutenak; izan ere, tresna boteretsuez baliatu ziren: galtzadak, hiriak, armada, ekonomia, zuzenbidea, kultura eta hizkuntza (latina).
Erromatarren aurreko hizkuntza gehienak desagertu egin ziren, latinizazioaren indarraren eraginez; baina euskara ez. Are gehiago, inperioa gainbehera hasi zenean, euskarak hedapen-prozesu oparoa bizi izan zuen. Hedapen horretan Arabatik Ebroren hegoaldeko erriberaraino zabaldu zen, Erdi Aroan Burgos eta Errioxako herri askotara heltzeraino. Toponimia aberatsa dugu testigantza gisa eta baita Donemiliaga Kukullako glosetako esaldi misteriotsuetan ere.
Bidaiariak esandakoak
Donejakue Bidea kulturaren bide handia izan zen Erdi Aroan. Arabatik haren bigarren mailako adar bat pasatzen zenez, erromesek ia ez dute aipatzen. Aro Berrirarte itxaron beharra daukagu, beste mota bateko kezkekin zetozen bidaiarien bisita jasotzeko, italiarrak batik bat. Haien asmoa eguneroko bizimoduaren gorabehera guztien berri jasotzea zen beren irakurle izango zirenei irudi objektiboa eta erakargarria emateko. Zeregin horretan, arabarren hizkuntza-egoerari ere erreparatu zioten:
- Araba, XVI. Mendean lurralde euskalduna da funtsean.
- Gasteiz gaztelaniaren gune neuralgikoa da, nahiz eta euskara ere entzuten den.
- Goiko gizarte-mailek nahiago dute gaztelania; jende xeheak, berriz, euskara erabiltzen du komunikatzeko.
XIX. mendean ere egon ziren idazle ospetsuak Arabako hiriburuaren hizkuntza egoerari buruz jaso zuten ikuspegiaren berri eman zutenak. 1840an, Prosper Mérimée dramaturgo frantziarrak Eugenia de Montijo enperatriza izango zenaren amari hauxe idatzi zion: “Euskara ikasi dut Gasteizko zerbitzariekin”. Handik urte batzuetara, 1869an, Henry M. Stanley kazetari eta esploratzaile galestarrak zera kontatu zuen: Gasteizko tren-geltokira heldu zenean in pure Basque hitz egiten zuen txapel urdindun jende-mordoa zegoela bertan.
Atzerakada
Araban Erdi Aroaren bukaera-aldera hasi zen euskara atzera egiten. Gaztelania, berriz, zabalduz joan zen hainbat faktorek lagunduta: politikoek, geografikoek, komertzialek, administratiboek… XVI. menderako, euskara Araban Toloñoko mendizerraraino heldua zen, oraindik Trebiñu barruan zuelarik; baina, gaztelania komunikazio-bide nagusien bitartez sartu zenez, inguru askotan elebitasun-egoerak sortu ziren.
Bien arteko bizikidetza ez zen orekatua izan eta, bi mende geroago, Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko kide ilustratuek euskarak bizi zuen egoera larria salatu zuten; horren aurka beste hainbat eragile berrik egiten zuten, hona hemen:
- Ordezkaritza-organo politikoetan eta biltzarretan gaztelaniaz egin behar zen nahitaez.
- Herrietako elizaren utzikeria, bertako hizkuntza sozialki gutxietsita egotea eragin zuena.
- Garai hartako eskolaren pedagogia, euskaraz hitz egitea zigortua baitzen.
- Euskara literatura aldetik landu gabe egotea.
XIX. mendean zehar egin ziren deskribapen-azterketa ugariek oso garbi erakusten dute euskal hiztunen kopurua izugarrizko abiaduran ari zela txikitzen, Estatu modernoaren hizkuntza transmisiorako tresnen indarra zela medio: eskola, administrazioa, soldadutza, kultura zuzendua
Pertsona ospetsuak
Gure idazle askok euskara hartu zuten beren ideiak transmititzeko adierazpen-tresnatzat, euskara baitzen arabarren berezko hizkuntza. XVI. mendetik aurrera olerkari, teatrogile, itzultzaile, filologo, tratatu-idazle, hisotiralari, publizista, pedagogo eta kazetari ugarik egin zituzten hizkuntza gordetzeko ahaleginak.
Arabako lurretan jaio ziren euskararen inguruko literatur diziplina askoren aitzindariak: euskaraz idatzitako lehen katixima, lehen antzezlana, lehen almanaka edo lehen komikia arabarren lanak dira.
Dokumentatuta dagoen lehen autorea Juan Perez de Betolaza dugu, XVI. mendekoa; haren atzetik mende bat geroago, Martin de Portal dugu, euskarazko erlijio-olerkien lehen lehiaketaren saria irabazi zuena.
XVIII. mendean, berriz, Pedro Ignacio de Barrutia, Andrés Baratziart eta Juan Bautista Gamizen lanak ditugu. XIX. Mendeak gizon jakintsuak eman zituen: Ricardo Becerro de Bengoa, Federico Baraibar eta Jose Pablo de Ulibarri edo itzaultzaile izan ziren Serafín Ascasubi, Jose Palacio eta Ignacio Galindez.
XX. mendeko idazlerik ezsagunen artean Raimundo Olabide, Federico Belaustegigoitia, Odon Apraiz, Abdon Gonzalez de Alaiza, andoni Urrestarazu Umandi… ditugu.
Lazarraga
Arabar poeta ( 1547-1605)
Lazarraga euskal idazle garrantzitsuenetako eta, era berean, interesgarrienetakoa da. Arrazoi asko dago hori baieztatzeko. Hiru baino ez ditugu aipatuko hemen:batetik, arabar peto petoa zen, Larrean bizitzen ehun urte baino gahiago zeraman familia bateko kidea; bestetik, noblea zen. Gebaratarren itzalean garatutako leinu batekoa, Lazarragatarrak; eta bukatzeko, bere literaturgintza bete –betean koka daiteke Ernazimentuan, hots, goi mailako kultur giroan.
Hiru ezaugarri horiek talka garbia egiten dute orain arte euskal kulturaz izan dugun irudi estereotipatuarekin.
Joan Perez Lazarragako da haren izen osoa, XVI. mendean orduan arrunta zen euskal era klasikoan esanda, Juan Perez de Lazarraga, gaztelaniaz. Bi hizkuntzotan idatzi zuen eta Cervantesek Kixotearen lehen partea argitaratu zuen urtean hil zen, Araban.
Gai honen inguruan antolatu ditu 2008ko jardunaldiak Gasteizko Artiumen abenduaren 9tik 11ra bitartean GEU elkarteak eta Arabako Foru Aldundiak. Zerbait gehiago jakin nahi baduzu, sar zaitez eta zure jakinmina asetuko duzu.
Berreskurapena
Euskarak XVIII. Menderako Araban bizi zuen egoera makalaren ondorioz, berori suspertzeko hainbat neurri pentsatzeari ekin zioten intelektualek, alegia, euskara erabiltzen zuten gainerako eskualdeetan baino lehenago. Landazuri, Mendibil eta Euskal Herriaren Adiskideen Erret Elkarteko kide arabarrek irakaskuntzara bideratu zituzten beren ahaleginak.
Araban sortu zen 1832an Euskaltzaindia eratzerako ideia. Era berean, hainbat erakunde ere sortu ziren bertan: “Kardaberaz” (1924) edo “Baraibar” (1928). Eta Gerra Zibilak ekimen horiek guztiak goitik behera moztu bazituen ere, Arabak eutsi egin zion bere hizkuntza tradizioaren zati hori zaintzeari: “Ramiro de Maeztu Filologia eta Eusko Ikaskuntzaren Mintegia” (1957) edo Euskaltzaindiaren Urrezko Ezteien ekitaldia (1968).
Irakaskuntza funtsezko izan da hizkuntza berreskuratzeko. Zeregin horretan “Umandi” eta Lopez Presa aipatu behar ditugu eta baita hainbat gertaera ere: Arte eta Lanbide Eskolako Euskara-gela, lehen ikastolaren sorrera gorabeheratsua (Olabide, 1963) eta Euskal Filologiaren unibertsitate-ikasketak (1978). Euskara suspertzeko balio izan duen ezusteko beste bide bat musika izan da, oso bitarteko egokien bidez zabaldu dena, esate baterako Jose Mª Sedanoren “Euskal Jaia” izeneko irratsaioaren bidez (1964-1992).
XX. mendearen bukaeran
Pedro Yrizarrek 1972an 2.000 euskal hiztun baino ez zituen aurkitu arabar lurraldean (hiriburua kanpo utzita, bertara gipuzkoar eta bizkaitar ugari joanak baitziren industrializazioaren lehen urteetan). Ordutik, euskara erabiltzen dutenen kopurua biderkatu egin da, estatistikek behin eta berriro erakusten dutenez. Dena den, eskualdeen artean aldeak daudela ere agertzen dute.
Araban euskara suspertzeko egin den lana batez ere irakaskuntzan zehaztu da, eskolaz kanpoko alfabetatze eta euskalduntze-kanpaina eta ikastaroetatik aparte. Halaber, komunikabideetan ere sartu da eta bertsolaritza berreskuratzeko ahalegina egin da.
Hirugarren milurteko honi hasiera emateko, Araba ahalegin berezia ari da bere hizkuntzaren altxor zaharra pertsonen arteko harremanetarako tresna izatera hel dadin, bai Iparraldeko haranetan bai Lautadan eta Errioxan ere. Euskara Arabako modernitatean sartuta dago hiritar gehienen onarpenari esker eta, beraz, Landazuri historialariaren eta beste zenbaiten ametsak egia bihurtu dira bi mende geroago.
Bazenekien...
XVII. mendean, probintziak agindu zuen ez zedila Batzar Nagusietara bidal “erderaz eta irakurtzen eta idazten” ez zekienik.
Gure egunetara iritsi den argitaratutako euskal kristau ikasbidea zaharrena Juan Pérez de Betolatzak eginikoa da, 1596an.
1841ean, Aguraingo udalak interprete kargua ere bazuen, erdaraz ez zekitenen arazoak konpontzeko.
Laudion, Urrunagan eta beste herri batzuetan protestak izan ziren, euskaraz ez zekiten apaizak bidaltzen zirelako.
Abdón González de Alaizak, Musitun sortuak eta bere herrian 1926an hil zenak, euskarazko lehen komikia egin zuen.
Euskarazko artikuluak eta olerkiak arruntak ziren orduz gero Gasteizko agerkarietan. Fermin Herrán gesaltzarrak argitaratu zituen Revista bibliográfica (1867-1869) eta Revista de las Provincias Euskaras (1878-1889) aldizkarietan, adibidez. Herránek berak idatzi zuen artikulu bat 1879an euskarari buruz eta euskararen alde, bere nahia argiro adieraziz, hizkuntza “ondoko belaunaldietara osorik eta ustelezina iragan ahal izan dadin”…
Legutianoko Serafín Ascasubi (1864-1940) apaizak Cervantesen Quijotearen kapitulu baten itzulpena egin zuen. Herri berekoa zen José Palacio de Viterik liburu osoa itzuli zuen euskarara.
Zigorren artean toki berezia zuen eskolako eraztuna deitzen denak. Eskuz esku (edo hatzez hatz) pasatzen zen, eskolan euskaraz hitz egiten zutenen artean. Astea Bukatutakoan eraztuna zuena kupidagabeki zigortzen zen. Hola adierazten du Pablo de Mendibil dulantziko idazle eta itzultzaileak (1788-1832).