Arabako Lurralde Historikoaren Agiritegiaren funtsak 

 

Arabako Foru Aldundiak historian zehar bere eginkizunak betetzean sortutako dokumentazioa biltzen du “Arabako Lurralde Historikoaren Agiritegia” dokumentu-funtsen taldeak, bai eta dohaintza, gordailu edo erosketa bidez Arabako Artxiboko eta Dokumentuak Kudeatzeko Zerbitzuan sartutako bestelako dokumentazioa.

Nabarmendutako informazioa

Arabako Artxiboko eta Dokumentuak Kudeatzeko Zerbitzuak Arabako erakunde komunek Erdi Arotik sortutako dokumentuak jaso ditu oinordetzan, bereziki Arabako Ermandade Probintzialarenak (1463an sortu zen behin betiko) eta bere Batzar Nagusiarenak.

Urtebete lehenagokoa, 1462koa, probintziako artxibo bati buruzko lehen erreferentzia da: agiriak zaintzeko kutxa bat, Arabako Batzar Nagusiaren bilkurak egiteko lekuetara eramaten zena. 1505ean, kutxa hori San Frantzisko komentuan jarri zen, sakristian, eta han egon zen 1844ra arte.

Urte horretan, Aldundiaren Jauregia eraiki zen, Foru Aldundiaren egoitza, eta han kokatu ziren Agiritegiaren funtsak, non 1943. urtera arte iraun baitzuten, Augustin Jauregia eskuratu zen arte, lurraldeko museo, artxibo eta liburutegiak hartzeko. Urte batzuk geroago, eraikina Arte Ederren Museorako baino ez da erabiliko, eta, beraz, Agiritegia Elizbarrutiko Apaiztegiaren egoitzara eraman behar izan zen, eta, ondoren, Aldundiaren Jauregiaren ondoko eraikin batean gaitutako lokaletara.

1993an, José Luis Catón arkitektoak diseinatutako eraikin bat inauguratu zen, artxibo gisa erabiltzeko baino ez zena. 

Artxibo berria ondo bereizitako bi eremutan banatuta dago: bat jendearentzat irekia, agiri- funtsak ikertzeko eta kontsultatzeko, eta, bestea, sarrera erreserbatua duena, non dokumentazio-gordailuak, hiru solairutan banatuta, eta lan teknikorako guneak (harrera eta deskribapena) dauden.

2019ko abuztuan, Arabako Probintzia-Artxibo Historikoaren kudeaketa Foru Aldundira transferitu ondoren, Zumakadi ibilbideko egoitzara eraman zen herritarren aurrez aurreko arreta, eta, ordutik, puntu bakar batean bildu zen bi artxiboen funts historikoen kontsulta.

Arabako Lurralde Historikoaren Agiritegiaren funtsa taldeen barruan Arabako Foru Aldundiak historian zehar bere eginkizunak betetzean sortutako dokumentazioa kontserbatzen du , bai eta dohaintza, gordailu edo erosketa bidez sartutako bestelako dokumentazioa ere.  

Agiri multzo garrantzitsuena Foru Aldundiari berari dagokio, eta han sartzen da Arabako Lurralde Ermandadearen funtsa, Agiritegia sortzeko iturria izan zena.

Garrantziari dagokionez, bigarren taldea hauexek osatzen dute: familia artxiboek, zeinek Arabako historiarako berebiziko garrantzia baitute, udal artxiboek eta administrazio batzarretako artxiboek, bai eta lurraldean kokatutako beste erakunde eta enpresa batzuetako artxiboek ere.

Garrantzitsua da, halaber, erakundearen beraren agiri grafikoak ez ezik, familia bildumak eta, batez ere, argazkilari profesionalenak ere biltzen dituen argazki funtsa.

Izartxo batekin (*) markaturik dauden funts eta bildumak Arabadok atarian kontsultatu daitezke.

Bi izartxorekin (**) markaturik dauden funts eta bildumak partez bakarrik kontsultatu daitezke Arabadok atarian.


Erakundeen funts eta bildumak

Familien eta enpresen funts eta bildumak

Argazkiak (PHOTOARABAren atarian kontsulta daitezke)