Sebe errotako presa (Gaubea)

 

Zermugatutako kultur ondasuna (2011/09/19 Euskal Herriko Agintaritzaren aldizkaria)

Txostenak aztertzen duen presa Gaubeako udalerriko Villanueva herrian dago, Omecillo ibaian, urez hornitzen zuen errotatik 500 metrora HMrantz, zeina XVIII. mendean jada dokumentatuta baitago. Presaren eginbeharra ibaiaren ur-maila igotzea zen, aipaturiko errota kanalerantz indarrean jarri ahal izateko.

Presak ibaiaren ibilguarekiko angelu txiki bat eginez eraikia dago; zurezko eta harrizko egitura bat da, tamaina eta malda ezberdinetako bi planok eratua. Beraz, urari goiti dagoen arranpala motzagoa da, malda handiagokoa; urari beheiti dagoena, aldiz, leunago jaisten da, presaoinarria zulatu dezakeen ur-kolpea ekiditeko.

Eraketa honek zurezko estalki baten eraikuntza-moldea gogorarazten du, nahiz eta urari beheiti dagoen zatian egurra harrizko kordoiekin nahasirik agertzen den, kontrahorma moduan. Arrapalak azkentzen dituen gailurra 2,10 metro garai da eta 10,75 metro luze, eta piezaren sekzioa 0,35 metro.

Urari goiti dagoen aldean, egituraren armazoia babesten duen zurezko estalkia ikus daiteke. Urari beheiti dagoena 3,5 metroko luzerako eta 0,25 metroko sekziodun enborrez osatua dago, tobazko harri-blokeekin nahastuta.

Urari beheiti dagoen arranpalatik, udaldian, presa ohantzean finkatzen duen zurezko “parrilladura” ikus daiteke. Gutxi gorabehera metro bateko aldea duen erretikulua da, barnealdea harri-blokez beterik duena. Zurezko erretikulua burdinazko iltze batzuen bitartez tinkatuta dago, edota iltzeok arroka naturalaren irtenguneen kontra bermatuta.

Presaren gailurretik 1,8 metrora, ezkerraldean, ura kanalera bideratzen zuen uhatea dago, gutxi gorabehera 1,10 metroko zabalera duena.

Presa zurez eta harriz egindako egitura berezia da, Arabako Lurralde Historikoan dagoen bakarra. Zurezko presak sarri erabili bide ziren garai batean, gelditu diren arrasto ugariei eta dokumentazioari erreparatuz gero, baina gerora harrizkoek hartu zuten haien lekua. Horregatik, ez da ohikoa zur hutsezkoak edo tipologikoa mistoa dutenak –aztergai dugun honetan bezala– aurkitzea. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan gaur egun “in situ” ezagutzen eta kontserbatzen den bakarra dugu. Presa mota hau arkeologia industrialaren benetako erlikia dugu, jada desagertu diren antzinako eraketa eta tekniken testigu bakana. Azpimarratzekoak dira, bestalde, presaren eraikuntza-sistema mistoa –zura eta harria konbinatzen baititu–, haren kontserbazio egoera balekoa baina delikatua, eta haren interes historiko eta etnografikoa.

 

 

Aurreko egoera: hondatuta

  • Galerak harrizko kordoietan.
  • Galerak zurezko egituran.
  • Galerak latetan.

Esku-hartzeak: sendotzea

  • Garbiketa eta saneatzea.
  • Harrizko kordoietan berreskuratzea.
  • Zurezko egitura berreskuratzea.
  • Latak berreskuratzea.
  • Presaren balioa agerian jartzea.