Aiala Kantzilerra
Pedro Lopez de Aiala, Aiala Kantzilerra
Gasteizen jaio zen, 1332 aldera, noble familia batean. Heziketa zaindua izan zuen Toledon eta Avignonen, bere osaba txiki Barroso Kardinalaren ondoan. 20 urte egin baino lehen, Gaztelako Gortearen zerbitzura hasi zen, eta han jardun zuen bizitza osoan. Kargu politiko garrantzitsuak bete zituen, besteak beste, Gasteizko eta Toledoko Alkate Nagusi, Arabako eta Gipuzkoako Merio Nagusi eta Gaztelako Kantziler Nagusi. Calahorran hil zen, 1407. urtean.
Leinua
Fernan Perez de Aialak, Kantzilerraren aitak, Aiarako Jaurerria heredatu zuen eta Kexaara joan zen bizitzera 1330 aldera. Bere boterearen bitartez, jaurgoa era nabarmen batean handitu zuen, eta ondasunak ez zatitzearren 1373. urtean maiorazkoa fundatu zuen; horren bitartez, pertsona bakar batek jasoko zituen ondasun guztiak herentzian. Maiorazkoaren oinordekoa seme nagusia izan zen, Aiala Kantzilerra.
Diplomatikoa eta politikoa
Gaztelako errege-erreginen konfiantzazko gizona izan zen eta goi mailako karguak bete zituen; horien bitartez bitartekari lanak egin zituen Europako gatazketan eta eragin handia izan zuen bere garaiko politikan
Zalduna
Hainbat gatazka armatutan parte hartu zuen, ohikoak XIV. mendean. Birritan egin zuten preso: Naiarako borrokan (bi errege aurrez aurre Gaztelako tronua eskuratzearren) eta Aljubarrotako borrokan (Gaztela eta Portugalgo guerra zela-eta).
Idazlea
Letragizona izan zen, kulturaduna eta intelektuala. Bizitzan zehar, literatur lan mardula egin zuen. Hainbat erregeren Kronikak idatzi zituen, garaiko ikuspuntu politikoa eta soziala eskainiz. Garaiko pentsamenduko lan garrantzitsuak itzuli zituen. Poema liburu bat ere idatzi zuen: Libro Rimado de Palacio, bere obrarik pertsonalena.
Leonor de Guzman y Mendoza
1360. urtean Leonorrekin, familia nobleko emakume batekin, ezkondu zen. Kantzilerra kanpotik zela, Leonorrek administratu zituen maiorazkoko ondasunak eta Jaurerriko interesak defendatu zituen; Araba eta Bizkaiko jaunei ere egin behar izan zien aurre. Senarrarekin batera, artea patrozinatu zuen Kexaan.