Araba garaikidea
- Foru Aldundia
- Erakundea
- Historia
- Araba garaikidea
Foru Aldundia
Arabako Foru Aldundiari, diputatu nagusiari, erakundeari, ALHAOri, iragarkiei edota antolakuntzari buruzko informazio guztia
Araba garaikidea
Estatuen arteko gerrak ohikoak izan ziren aro modernoko mendeetan; aro garaikidean, aldiz, gatazka zibilak nagusitu ziren Espainian, alderdien arteko botere material eta ideologikoaren erakusgarri.
Garaikidetasunaren arrazoibidea gailendu zela, interes gatazkak politikan islatu ziren, gizarte proiektu desberdinek politikaren eremuan talka egiten baitzuten. Boterea eskuratzeko borrokan, ekinbide baketsuak eta bortitzak txandakatu ziren, betiere gero eta garrantzizkoagoa zen herri ekimenari adi.
Hemeretzigarren mendeko modernitateak ekarritako berrikuntzak pixkanaka heldu ziren Arabara, baina lurraldea atzean geratu zen, oso berandu atxiki baitzitzaion industriaren garapenari. Aldi berean, hiri egitura landa eremuko egiturari gailendu zitzaion behin betiko eta Gasteiz lurraldearen bizkar hazten hasi zen.
Araban (eta Euskadin), hamazortzigarren mendea artean amaitu gabe zegoela, Frantziako iraultzaileei aurre egin behar zieten, Konbentzio Gerra izenekoan. 1795.eko udan, frantsesek Gasteiz eta Lautada osoa okupatu zuten. Hamabi urte geroago, frantsesak etorri ziren berriro ere, baina erasoaldi horrek ondorio latzagoak izan zituen. Napoleon 1808ko azaroan heldu zen Gasteiza. Guda hori ere herrialdeen arteko gatazka izan arren, liskar horren atzean nazionalista tradizionalisten (eta ultraerlijiosoen) eta 1812ko Konstituzioa aldarrikatu zuten nazionalista liberalen (eta frantses ereduaren zaleen) arteko borroka zetzan. Tokiko eta estatuko geroko politikaren patua.
Gerrak izugarrizko hondamendia ekarri zuen eta Araba (baita herrialde osoa ere) zeharo txikiturik geratu zen, landa eremu, azpiegitura edo hiriburuari dagokienez. Inbaditzaileek Gasteizko gudua galdu zuten Wellingtongo dukeak zuzendutako armadaren kontra, 1813ko ekainaren 21ean, eta galtzaileen ihesaldi kaotikoa orduko egoeraren berri argia ematen digu. Hiriak oinplano berria berrantolatzen ahalegindu zen, artean, berrikuntza neoklasikoz apaindutako Plaza Berria eta Arkupea zituela, baina hiriaren berregituraketak itxaron egin behar izan zuen.
Tradizionalisten eta liberalen arteko lehiak bi gerra zibil sorrarazi zituen XIX. mendean, karlistaldiak, hain zuzen ere. Araban ere jazo ziren gatazka horiek eta bertako biztanleek alderdi bataren edo bestearen alde egin zuten; probintziako erakundeak ere bikoiztu ziren lurraldea gobernatzeko, agindu kontraesankorrei jarraiki. Bi karlistaldien artean, ideologia foruzaleak elite liberal eta tradizionalisten arteko harremanak berreratu zituen lurraldeak lehendik zeuzkan pribilegioen defentsaren inguruan, konstituzioak xede zuen berdintzearen aurka.
Hala, foru zaharren funtsezko manuei eutsi zieten: arau orokorrari jarraiki, gazterik ez ematea armadan parte hartzeko eta errege ogasunari dirurik ez ematea. Hala eta guztiz ere, azkenean, foruak baliogabetu zituzten 1876an, garaiak, aurkariak, ikuspegiak eta mundu bera goitik behera aldaturik zeudela. Galeren ordain, itun ekonomikoak ezarri ziren. Horrela, probintziak zerga arloko autogobernuaren onurei eutsi zien eta, gainera, ekarpen txikiagoa egin behar zuen bere ogasuna bermatzeko.
XIX. mendeko aldaketek eragin handi izan zuten Arabako barruko eta kanpoko oreketan. Behin betiko eta arrapaladan, hiriburua lurraldearen multzoari gailendu zitzaion eta beste garai bateko arauari lotu: hiria landa eremuaren gainetik. Gasteizko biztanleria handitu zen eta lurralde osoko jarduera pilatu zuen. 1833an, azkenik, Arabako hiriburu bilakatu zen: komunikazio sarea, merkatuak, erakunde nagusiak (ordurako bazeuzkaten eraikinak Gasteizen) eta burokrazia, mota guztietako erakunde sonatsuak, lurraldeko maila goreneko gizon-emakumeak…
Era berean, lehen karlistaldiaren ondotik ezarritako aldaketa ekonomikoek –aduanak kostaldera eraman ziren– Gasteizko hiriaren kokagune aparta ahuldu zuten eskualdeko merkataritzaren esparruan. Geroago, bigarren karlistaldiaren ondotik, Bizkaia arin bai arin industrializatu zen (geroago, Gipuzkoa ere bai), baina Araba ez, eta gertaera horrek hiru lurraldeen arteko oreka galarazi zuen kostaldekoen mesedetan. Araba, beraz, bazterrean geratu zen lurralde eta herrialde egitura berri horretan.
Inflexioa gertatu baino lehen, XIX. mendearen erdialdean, Gasteizek sasoi oparoa bizi izan zuen eta, aldi horretan, “Iparraldeko Atenas” deitu zioten. Hirurogeiko hamarkadan eta hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, Gasteiz hiri dotore eta aurreratua zen, bizi-bizia kultura eta gizarte arloetan, berritzailea; trenbidea abian jarri zuen, aurrezki kutxa eta banku bana zabaldu zituen, elizbarrutia izan zuen, katedral, apezpiku eta guzti, ateneoa, goi mailako hiritarrentzako gunea, hainbat egunkari eta hiriko bilbe berria izan zuen urte gutxiren buruan.
Geroago, baina, mendea aldatzeaz batera, poztasuna eta bozkarioa itzali ziren eta Gasteiz beste sasoi bateko negozioetan murgildu zen (zor bonuak, higiezinen errentak, burokrazien, militarren eta apaizen gastuak...). Hala, Gasteiz “hiri lebitar” bilakatu zen eta, bien bitartean, Bilbo “Burdinaren Kaliforniako hiriburu” bihurtu zen. Beste alde batetik, Arabako landa eremuak tradiziozko teknikei helduta irauten zuen, gero eta irekiagoa zen munduan, urrunetik ekarritako ekoizkinek bertoko merkatuak mukuruka betetzen zituzten munduan, alegia. Ardoak baino ez zion eutsi modernitateak ekarritako lehiari, baina, geroago, Arabako nekazaritza ere modernitatez jantzi zen eta ongarriak eta prozedurak hobetu zituen eta, bereziki, nekazaritzako lanak mekanizatu zituen.
Bizitza poliki-poliki igaro zen Errestaurazioak ,iraun zuen aldi luzean (1875-1931). Beste leku batzuetan ez bezala -non liberalek eta Alfontsoren aldeko kontserbadoreek boterea banatuta zeukaten, Araban, tradizionalismoaren indarrak garratzi handia eman zien ildo politiko horretako jarraitzaileei. Hala ere, batzuen eta bestean artean, Gazteizko errepublikazaleak –kasurako Becerro de Bengoa– eta batez ere, bi familia boteretsu (Laudioko Urikixotarrak, finantzen arloan; eta Aiaraldeko Ajuriatarrak, industria arloan) sartu ziren.
Harreman sozial eta politikoak Espainia osoan apurtu ziren 1936ko udan, Bigarren Errepublikak ekarri zuen saiakera demokratikoaren ondotik. Araban, hogeita hamarreko hamarkadako gatazkak ez ziren beste leku batzuetan bezain sutsuak izan eta, beharbada, legezko gobernuaren aurkako matxinatuekin ados ez zeudenek ez zuten, horregatik, errepresio bortitzegirik jasan. Nolanahi ere, matxinatuek lurraldea azkar bai azkar mendean hartu zutenez, eskuindar espainolistek diktadura ezarri zuten, harik eta Franco jenerala 1975ean hil zen arte.