Arabaren eraketa
- Foru Aldundia
- Erakundea
- Historia
- Arabaren eraketa
Foru Aldundia
Arabako Foru Aldundiari, diputatu nagusiari, erakundeari, ALHAOri, iragarkiei edota antolakuntzari buruzko informazio guztia
Arabaren eraketa
Gure aurretikoek probintzia eta Probintzia hitzak erabiltzen zituzten Arabaz jarduteko. Hitz horien bitartez, bi eremu bereizten zituzten: lurraldea eta erakundeen multzoa. Gainera, bereizketa hori balia dezakegu espazioa nola eratu zen irudikatzeko.
Probintzia hitza VIII, mendearen hasieran agertu zen musulmanen kroniketan eta Asturiasko lehen errege-erreginen kroniketan, baina eskualde bakarra mugatzeko, hots, erdialdeko Araba edo “Araba nuklearra”. Eskualde hori erromatarren galtzada zahar baten inguruan egituratuta zegoen eta, artean, Arabako Errioxa, Aiaraldea, Mendialdea eta mendebaldeko lurrak kanpoan zeuden.
XIII. mendearen erdialdean, Arabako lehen erakundea, Arriagako kofradia, jardunean zegoen, baina 1332. urtean desegin zen probintziako jaunek harremanak landu zitzaten Gaztelako Koroa indartsuarekin eta, horrela, hiribildu sortu berrien gaineko eskumenak eraz ebazteko. 1463. urtean Ermandade Nagusia sortu zen –Kofradiarekin inolako loturarik ez zeukala, eta erakunde horrek legeak (ordenantzak) ematen zituen eta berezko erakundeak zeuzkan (Batzar Nagusiak eta Diputazioa). Arabaren egitura politikoa une hartan sortu zen.
XVI. mendearen hastapenetatik aurrera, Arabako mapak aldaketa gutxi izan du, harik eta, 1833. urtean, Javier de Burgosek egindako Espainiako probintzien diseinuak egin zuen arte. Eta, Arabari dagokionez, diseinu horrek historiak ordura arte berretsitakoa irudikatu zuen.
Hori baino lehen, Aro Modernoan, Arabak “probintziako eredu” berekia landu zuen, Koroarekin hitzartutako pribilegio garrantzitsuei eutsita, batzuetan adostutasunez eta, beste batzuetan, tirabira handiz. Berezitasun horien baitan, probintziako zerga araubideak berebiziko garrantzia zeukan. Gainerako euskal lurraldeetan bezala, aduanen araubideak –oinarrizko produktuak merkatzen baitzituen– balizko zerga salbuespenak baino garrantzi handiagoa izan zuen.
Izan ere, zergak Koroaren agindupeko lurraldeetan baino askozaz ere handiagoak ziren: arabarrek ohiko zergak (Mediterraneoko isurialdekoek alkabala izenekoa) eta ezohikoak (bideen konponketa, erregearen armadaren zerbitzuak) ordaintzen zituzten, eta dohaintzak “borondatezkoak eta grazioso edo mesedetakoak” egin behar izaten zituzten (gizonak, hornigaiak eta dirua, gerretan erabiltzeko). Lurraldeak pairatu zuen zerga presioagatik, tirabirak sortu ziren Errege ogasunarekin.
Hala ere, foruak babesten zuen merkataritza askeak kezkatu zuen gehien Koroa, kontrabandoaren ekonomia horren itzalpean hazi baitzen. Une oro gerran zeuden estatuen gastuak zirela eta, tributazioa arreta handiz zaindu behar izaten zuten. Horren ondorioz, tirabirak gertatu ziren aduanak kostaldera eraman zituztelako eta, hortaz, portu lehorretara itzuli zirelako; argi denez, unean-unean hartutako erabakiek ez zieten berdin eragiten gizarte eta ekonomiaren interesei.
Hamazortzigarren mendean, Europako estatu guztiak zentralizatu ziren. Hala eta guztiz ere, gurean, zentralizazioa garatzeaz gain, beste abantaila batzuk ere eskuratu ziren, besteak beste, foru baimena edo probintziako erakundearen sendotzea. Arabako Diputazioak beste jardun eremu batzuk eskuratu zituen (segurtasuna, ongintza, bide azpiegiturak) eta zergak biltzeko eredua garatu zuen. Onura horiek guztiak hartu zituen Felipe V.a Borboikoari laguntza eman ziolako Espainiako Ondorengotza Gerran; hala ere, onura haiek hutsaren hurrengo izango ziren erregeak berak lurraldeko “eskubide propiotzat” hartutako egoera artean finkaturik egon izan ez balitz.
Mende horren amaieran, foru eskubideei buruzko eztabaida biziak piztu ziren; izan ere, garaikidetasuna iristeaz batera, konstituzionalismo liberalaren asmo berdintzaileek ika-mika gordinak sorrarazi zituzten. Alabaina, probintziak bazeukan ordurako administrazio eredu berekia, “probintziaren konstituzioa” bailitzan. Bi karlistaldiek foruen iraunkortasuna eta nomenklatura horiek guztiak proban ipini zituzten. Lehen karlistaldiaren ondotik, foruen inguruko batasunak Araba (eta euskal lurralde guztiak) indartu zuen, behingoan adiskidetutako tokiko eliteek adostasuna lortu baitzuten estatuarekin.
Bigarren karlistaldiaren ondotik, ordea, egoera nabarmen aldatu zen eta “foru hitzarmena” bideraezina izan zen. Azkenik, foruen garaia 1876an amaitu zen eta, handik aurrera, arabarrek gizonak eta dirua jarri behar izan zituzten, baina antzinako eskumen horiek guztiak “apaldu” egin ziren bi urte geroago indarrean hasi zen itun ekonomikoari esker.
“Probintziaren konstituzioa” izenekoak amore eman behar izan zuen eta lurraldearen izaera onartu, baina arabarrek zerga arloko autogobernuaren onurak eta kontinentearen eta penintsularen arteko edo Kantauri eta Mediterraneo itsasoen arteko kokagune historiko eta estrategikoa baliatu zituzten, iter XXXIV delakoaren garaian bezala. Geroago, “Euskadi politikoa” deritzon egituran txertatu ondoren (1980. urtean), sasoi berri etorri zen.