Aro Modernoko mendeak

Arabako 1463ko Ermandade Nagusia ez zen desagertu jaunen bortxazko jokamoldeak amaitu zirenean. Gaztelako beste ermandade batzuk ez bezala, Arabakoak iraun zuen eta, denboraren poderioz, Arabako lurraldea eratu zen horren ondorioz. Ermandadeak jatorrizko biztanleak gobernatzen zituen eta horien ordezkari jarduten zuen erregearen aurrean. Erregeak, berriz, kosturik gabeko harremana nahiago zuen bere agindupeko lurraren inguruan zegoen lurralde hartan.  

Hiru mendetan, Arabako erakundeen eskumenak finkatu ziren eta eskualdeko ekonomiak garatu ziren, harik eta horiek guztiek lurraldeko ikuspegia hartu zuten arte. Barrurantz zien kanporantz, Araba lurralde gisa agertu zen eta horrela hartu zuten. Testuinguru horretan, Arabak harremanak lantzen zituen ondoko lurraldeekin eta Koroarekin: gehienetan, adostasunez; inoiz, tirabirez. Lurraldeko erakundeek, foru pribilegioak baliaturik, eremu zehatz horren berezko ezaugarriak osatu zituzten.

XVI. eta XVIII. mendeen artean, Arabako erakundeen administrazio eskumenak garatu eta finkatu ziren, harik eta aldundia erakunde politiko goren bilakatu zen arte, gizarte esparru guztien gaineko jurisdikzioa zuela (zergak, zerbitzuak, agintaritza, justizia, milizia…). Garai hartan, Koroarekiko harremanak ere baldintzatu zuen lurraldea zer-nolako eran txertatu zen apurka-apurka egituratzen ari zen Espainiako estatuan.

Aldi berean, probintziako lurraldeak behin betiko eitea hartu zuen, Trebiñu eta ekialdeko Burgosko herriak (Miranda, Pancorbo) bereizi ziren eta Errioxako eta Mendialdeko batzuk (Bastida, Berantevilla, Santikurutze Kanpezu, Urizaharra, Antoñana…) erantsi zitzaizkion, bai eta Laudio ere, baina azkenak denbora luzean eutsi zion desberdintasunari. 1515. urtearen inguruan, Arabako mapa oraingoaren oso antzekoa zen.

 

“Probintziako ereduak” batasun politikoa eratu zuen pixkanaka-pixkanaka, askotariko botereak lehian ibili baitziren luzaroan lurraldean. Hogeita hamar bat jaurerrik (kondeak, dukeak, markesak) lur zabalak kontrolatzen zituzten eta haien ekonomiaren gozamendunak ziren; beste alde batik, justizia ematen zuten eta kargu guztiak berenganatuta zituzten. Horien aldean, Gasteizek –1431. urtean, hiria zen– jurisdikzio zabala zeukan eta beste hirurogeita hamar hiribilduk baino gehiagok autonomia zuten.

Handik urrun, erregeak tutoretza berezia zeukan, eragile askorekiko orekazko harreman etengabeari helduta. Elizak ere botere handia zeukan eta, hortaz, Arabako lurrak lau apezpikutzatan banatzen ziren (nahiz eta lur gehien-gehienak Kalagorriko (Calahorra) apezpikutzarenak ziren). 1537. urtean, probintzia sei kuadrilla eta berrogeita hamahiru ermandadetan antolatu zen, batez ere, lanbideak eta zergak partitzeko helburuz. Egitura hori 1840. urtean aldatu zen, zazpigarren kuadrilla eransteko: handik aurrera, hauexek izan ziren: Gasteiz, Aiara, Agurain, Guardia, Zuia, Mendoza eta Añana.

Aro modernoan, berrogeita hamar mila biztanle inguru izan ziren Araban, inoiz hirurogeita hamar mila. XIX. mendearen erdialdean, berriz, Gasteizko hiriaren bultzadaz, ia-ia ehun mila lagun bizi ziren lurraldean.

 

Europaren gehienean bezala, biztanle gehienak nekazariak ziren eta, gehienbat, zerealak landatzen zituzten Lautadan eta mahastiak Errioxan.  Eta uztak benetan oparoak izan ohi ziren, ogiz eta ardoz hornitzen baitzituzten inguruak. XVIII. mendearen azken laurdenean, Bastidako Quintano anaiek Bordeletik ekarri zuten Arabako Errioxako ardoa modernizatzeko teknika. Bestalde, Arabako iparraldean, mendialdean, abeltzaintzan eta basogintzan jardun zuten.

 

Landa eremuari eta nekazaritzari lotutakoek gehiengoa osatu arren, aipatutako bi sektoreen jarduera dela eta, Araba lurralde “industriala” zen, Europako batez bestekoaren aldean. Artisauek jende gehien bizi zen tokietan lan egiten zuten, Gasteizen -artisau landunen erdia baino gehiago hiriburuan zeuden-, eta eskualde batzuetako herri nagusietan, hain zuzen ere.  Ehungintza jarduerarik nagusia zen, baina iparraldeko tradiziozko burdinolak ere aipatzekoak ziren. Izan ere, hogei bat burdinolak ziharduten lurraldean garai hartan, tresnak eta lanabesak ekoizten zituzten sutegien euskarri.

 

Beste jarduera berezi bat daukagu Añanako diapiroak emandako gatzaren ustiapena (eta Gatzaga Buradongo gatzarena). Leku horietan bietan, gatza antzinatik ustiatzen da. Jarduera ekonomiko ugari “hauts zuriarekin” lotuta zeuden. Gatzak hain eragin ekonomiko handia zuen, ezen gatzaren merkataritza berehala eten zen lurraldean –Felipe II. aren eskutik, 1564. urtean– Koroaren monopolio bihurtu eta Errege ogasunaren diru iturri bilakatu zen.

 

Merkataritzak bultzatzen zituen ekonomia horiek guztiak. Arabako kokagune estrategikoari esker, eragin maila batzuetako hedapen hirukoitza garatu zen: lurraldekoa, eskualdekoa eta nazioartekoa. Nazioarteko hedapenari dagokionez, Gaztelako artilea eta Atlantikoaren nahiz Europako iparraldean egindako oihalak trukatzen ziren, bai eta euskal burdinoletan egindako burdina ere. Gasteiz merkataritza gune nagusia zen, ibilbide luzeko nahiz laburreko produktuetan eta, horrela, merkatu eta merkatarien etxe entzutetsuak zeuden hirian, zerealak, ardoak eta kontsumo ondasunak salerosteko.   Gasteizen zegoen Gaztelarekiko aduana nagusia eta, hartara, lehia bizian aritu zen Bilboko merkataritza gunearekin.

Garai hartako gizarteetan ohikoa zenez, Arabako gizarteak ere bi izaera edo ezaugarri zituen: berdintasunik eza eta komunitatearen aldeko ekinbidea. Esan barik doa boterea elitearen eskuetan zegoela eta eliteko kideek egunero-egunero agerian uzten zituen desberdintasunak errituzko agerraldietan, hala nola jantzietan, keinuetan, protokoloan edo ondasunen kontsumoan. Gizarte ireki baten antitesi gisa, estamentuzko mailen ezarpen hertsiagatik, gizarteko kideak ezin ziren maila batetik bestera igaro; jendea aberastu ala txirotu zitekeen, baina aitoren semea aitoren seme izango zen beti eta plebeko kideak plebeio.

 

Nolanahi ere den, gizarte organiko horren barruan, pribilegiodunek jende xehearekin partekatzen zuten bizi eremua, hirian nahiz landa eremuko herri gehienetan eta, beraz, batzuen eta besteen arteko aldea komunitatearen baitakoa zen. Hala, norbanakoak talde, elkarte edo sailkatzeko irizpideren bat (lanbidea, kofradia, auzoa, leinua, familia, erlijiozko komunitatea) zekarren entitate bateko kideak ziren; inor ez zen gizabanako huts izateagatik.  Era berean, elkartasun hertsi eta sendoek (bezero eta familiartekoek goi mailan eta auzokideen artekoak behe mailan) egituratzen zuten orduko gizartea.

 

Ingurumari horretan, jende orok aitoren seme, aitoren alaba edo kapare izan nahi zuen, baina, egiatan, bost arabarretatik bakarra zen noblea. Iparraldeko lurraldeei ez bezala, Arabari ez zioten kaparetasun unibertsalaren eskubidea aitortu, baina odol garbiko eta nobleziako seme-alabatasuna egiaztatzeko errege eskubidea baliatu zuten. Itxura gorabehera, gizarte kontrola zorrozteko tresna izan zen azkena.

XVIII. mendea amaitu ahala, mundu tradizionalak ez zuen irauterik inolako aldaketarik egin gabe. Hala, politikaren, erakundeen, gizartearen eta ekonomiaren bilbe guztiak krisialdian hasi ziren. Sektoreetako ekoizpenak goia jo zuen eta behera hasi zen. Dena dela, foru onurak ez ziren berdinak gertatu arlo eta gizabanako guztientzat: batzuentzat, galga garbia izan ziren; beste batzuek, aldiz, onura horietan idoro zuten segurtasuna.

Azkenean, aberats kontserbadoreen eta merkatari liberalen arteko tirabirak politizatu egin ziren, Ilustrazioko kideen kezkengatik baino (gurean, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko  kideak genituen kontserbadoreen ordezkariak, monarkikoak, probintziakoak, katolikoak eta batere ez iraultzaileak), ondoko iraultzagatik. Europako gainerako tokietan bezala, ereduaren erreformak porrot egin zuen -aldatzeko asmo handirik ere ez zuten izan- eta, horren ondotik, gatazka zibil ugari jazo ziren.