Erdi Aroa

Erdi Aroan, Araba dokumentuetan agertzen sarritan eta, horren ondorioz, esan dezakegu eraketa politiko gisa egituratu zela apurka-apurka. Lurraldeko lehen konde-kondesek harremanak landu zituzten erresuma mugakideekin eta, azkenean, Kofradia noble arabarrei lotu zitzaien, lurraldeko interesak defendatzeko. Dena dela, hiribildu ahaltsuak sortu zirenean, tradiziozko boterea kolokan jarri zuten. Geroago, XIV. mendeko krisialdi sakonaren eraginez, Kofradia desegin zen, jauntxoen indarkeria zabaldu zen eta, azkenei erantzuteko, ermandadeak sortu ziren. Ermandade horien elkarteak historian iraun zuen eta, hala, Arabako lurraldearen hazia ernatu zen.

Arabiarrak penintsulara heldu ziren eta Arabako lurraldera ere iritsi ziren. Arabiarrenak, lurraldea menderatzeko saiakera baino, sartu-irten etengabeak izan ziren. Nolanahi ere, musulmanekiko ika-mikek ondoko erresumetako bizilagunak erakarri zituzten, hala nola, asturiarrak, Araba beraien eragin eremuan eduki nahi zutela eta.

 

1025. urtean, hirurehun lekuk baino gehiagok osatutako zerrenda batek (Donemiliagako goldea izenekoak) arestian aipatutako Araba nuklearraren berri ematen digu. Artean, Errioxako Araba, Aiaraldea, Gaubea eta Mendialdea eskualdeak lurraldetik kanpo zeuden. Hori baino lehen, IX. mendearen amaieran, badakigu Arabako konde-kondesek izan zutela botere politiko iraunkorra gure lurraldean, eta tamaina handiagoko erresuma kristauekin (Asturias-Leongoa, Gaztelakoa eta Nafarroakoa) harremanak zituztela.   

XI. mendearen hastapenetan, Araba hura (eta euskal lurralde guztiak) Nafarroako erresumaren atal ziren, baina laster Gaztelako agintepean geratu ziren, Alfontso VI.aren eskutik. Alabaina, mende bat geroago, alderantziz gertatu zen, Santxo VI.a Jakitunak Nafarroako erresumaren mendebaldea indartu baitzuen. Azkenean, XIII. mendea hasi zenean, Alfontso VIII.ak Gasteiz hartu zuen eta Gaztelaren agintea ezarri zuen ia-ia Araba osoan.

XIII. mendearen erdialdean, Arabako edo Arriagako Kofradia jardunean zegoen eta bertara biltzen ziren Gaztelako erregeari lotutako jaunak (Mendozatarrak, Pierolatarrak, Velatarrak, Gebaratarrak…). Halako eran, kofradiakideek beraien interesak aldeztu zituzten garatzen ari ziren hirietako boterearen aurka, hala nola Nafarroako Santxo VI.ak 1181. urtean  hiri forua eman zion Gasteizko boterearen edo beste herri batzuen (Gesaltza Añana, Guardia, Argantzun, Urizaharra edo Agurain) boterearen aurka.

Kofradietako kideak jaunak ziren, feudalismoaren esanahi hertsian, eta nekazariak horien mendekoak ziren, zergak ordaindu behar zizkieten eta jaunen lurrei lotuta zeuden. Jaunak, berriz, karguez jabetzen ziren izanaren arrazoiagatik eta ondare gisa jaraunsten zizkieten seme-alabei. Hala eta guztiz ere, horrenbeste egituraturik ez zeuden eremuetan, besteak beste, sartaldean, nekazari askeak ugariak ziren.

 

Hiribilduak garatzen hasi zireneko garai hartan, Agurain, Guardia eta Gasteiz nabarmendu ziren, lurraldearen ekialdean, hegoaldean eta erdialdean, hurrenez hurren. Gasteiz, kasurako, Gaztelako marinako hiribilduen ermandadekoa zen (1296), eta Ekialdeko Kantauriko merkataritza gune garrantzitsua izan zen, kostaldea eta penintsulako barrualdea lotu zituela. Era berean, artisauen jarduera erruz hedatu zen; hainbeste garatu zen artisautza, non kaleek gremioen izenak hartu zituzten. Era berean, judutegi edo judu auzo garrantzitsua izan zuen hiriak.

 

Hiribilduek askatasuna eta autonomia eskaini zizkieten nekazariei, eta horietako asko hiribilduetara joan ziren jaunaren kontroletik ihesi. Errege-erreginek foruak eman zizkieten hiriei eta, horri esker, biztanleria egonkortu zen eta lehenengoek lurraldearen kontrol politiko eta militarra jadetsi zuten. Hala, hiribilduak eta haietan ezarritako ahalmenak Arriagako kofradiakideei gailentzen hasi zitzaizkien. Hala berean, leinu batzuk Koroari lotu zitzaizkion eta goi mailako lanpostuetan aritu ziren.

Gipuzkoako mugan dagoen San Adriango tunelaren eta Ebro ibaiaren artean, Gaztelako atarian, Donejakue bideak lurraldearen erdialdea zeharkatzen du, erromatarren antzinako bide bati jarraiki.

 

XII. eta XIII. mendeetan, Barrualdeko Bide hori finkatu zen, iparraldeko normandiarren eta hegoaldeko arabiarren mehatxuetatik at. Geroago, lurraldean bakea nagusitu zenez, Frantses Bidea edo Nafarroako Bidea garatu zen, Nafarroa eta Errioxa zeharkatuta, baita Kostaldeko Bidea ere.

 

Horrela, hasieratik bertatik, ibilbidea gauza askoren bidea izan zen. Aurreko milurtekoaren hastapenetatik aurrera, bide espirituala izateaz gain, penintsularen iparraldea, merkatuak eta jendea, produktuak eta ideiak lotzen zituen bide ekonomiko aparta izan zen.  Bidearen inguruan, herri garrantzizkoak  garatu ziren lurraldean, besteak beste, Agurain, Gasteiz, Argantzun edo Armiñon.

Erromatarren garaiko eta hori baino lehenagoko biztanlegune batzuk ere, esaterako, Iruña-Veleia edo Arkaia, bidetik nahikoa hurbil zeuden. Erlijioari lotutako erakarmena zeukaten lekuak ere, kasurako, Estibalizko santutegia edo Armentiako basilika (Arabako elizbarrutiko “lehen katedrala”) bitxi erromanikoak edo Gazeoko eta Alaitzako margo ikusgarriak ere bidetik gertu zeuden. Azkenik, ibilbidea Arabako paisaiaren katalogo osoa eskaintzen digu: mendiko basoak, Lautadako lehorreko lursailak, ibaien ondoko baratze emankorrak edo lan eremu aldakorrak.

 

XII. eta XVII. mendeen artean, Donejakue bidea bizi-bizia izan zen lurraldetik igarotzean. Eta azken hamarkadetan lehengo bizitasunari eutsi dio, usadiozko eta gaur egungo motibazioz beterik datozen erromes berriei harrera eginda.

XIV. mendearen hasieran, aurreko gizaldian izandako garapen ekonomiko izugarriak krisialdi larria ekarri zuen eta gizarte liskarrak zein gatazkak areagotu ziren; horren ondorioz, defentsako ermandadeak eratu ziren eskualde askotan.  Ingurumari horretan, Arriagako kofradia 1332. urtean desegin zen –gertaera horri Borondatezko Desegitea ere esaten zaio– eta, hori eginda, kofradiakideek Gaztelako erregearen esanetara jarri ziren, onura batzuk lortzeko helburuz: besteak beste, zergarik ez ordaintzea, jaunaren mendeko lurretatik hiribilduetara ihesi zihoazen nekazarien atzetik joan ahal izatea, eta baliabide batzuk (adibidez, basoa, mendia eta burdinolak) kontrolatu ahal izatea.

Probintzia edo lurralde osoa –Gasteiz eta Errioxa izan ezin, oraindik ere Nafarroako erresumakoak zirelako– jaunen agintepean zegoen eta, hortaz, nekazariek kalte handia pairatu behar izan zuten. Nekazariek gero eta zerga gehiago ordaindu behar izan zituzten eta antzinako prestazioak berriro ere ezarri zizkieten. Nolanahi ere, eskura zeuden baliabideen urritasunagatik, jaunen artean ere liskarrak izan ziren: Aialatarrak Abendañotarren aurka edo Mendotzatarrak Gebaratarren aurka. Hirian, berriz, Aiala eta Calleja leinuak elkarren aurka aritu ziren, landa eremuko noble horietako batzuk Gasteiza eta beste hiribildu batzuetara bizitzera joan zirelako eta hiribilduetan sortzen ziren errenten zati bat eskuratu nahi izan zuten, negozioen edo tokiko gobernuaren agintea hartuta.  

 

XV. mendean, susperraldia etorri zen eta hurrengo mendean ere iraun zuen. Biztanleria nabarmen hazi zen, nekazaritzako ekoizpena ere nabarmen areagotu zelako eta, horren eraginez, beste sektore batzuk ere hazi ziren, hala nola artisautza eta merkataritza, baita eskualde mailan ere. Horregatik guztiagatik, landa eremuko eta hiriko beharginak eta maila apaleko kapareak lehengora etorri ziren eta 1463. urtean, probintziako Ermandade Nagusia eratu zuten, erregearen babesaz.  

Horrela, “justiziaren izenean eta gaizkileen aurka arituta”, Zuzenbidez kanpoko mendekotasunetatik libratu ziren, bai eta gehiegizko edo neurriz kanpoko prestazio eta zametatik, nahiz eta jaunek atxiki zuten justizia emateko ahalmena edo kontzejuko gobernua zuzentzeko ahalmena (1332. urtetik gertatu bezala). Ermandade Nagusia ere gobernatu zuten jaunek.

 

Erdi Aroaren amaieran, Araba bazen egitura politiko bat, hiri nagusia (Gasteiz) zeukan, nekazari askeek bermatzen zuten nekazaritza eta abeltzaintzari lotutako ekonomia zerabilen eta goi noblezia oso urria zen (gainera, gero eta gehiago jotzen zuen Gorteko ohoreak eskuratzera edo, bestela, inguruko jaurerrietara joaten zen).