Erroma Arabako lurretan

Autrigoiak, karistiarrak eta barduliarrak ditugu Araban bizi ziren tribuak erromatarrak heldu zirenean, Kristo aurreko II. mendearen amaieran. Erromatarrak pixkanaka-pixkanaka iritsi ziren; hasieran batean, Araba Erromaren eragin eremuaren barruan sartu zen eta, gero, erromatar gehiago etorri ziren. 

Erromatarren etorreraren lehen zergatia gerra izan zen: lehenbizi, Sertorio entzutetsuaren eta senatuko alderdikideen artekoa; geroago, Erromaren kantabriarren artekoa. Bi gerra horietan, tribuek parte zuten eta, horregatik, badakigu inperioarekiko harremanik bazegoela gure aroaren aurretiko hirugarren hamarkadan.

Egungo Araba kokagune estrategikoan zegoen Mesetaren, Pirinioen, Ebroko haranaren eta penintsularen ipar-mendebaldeko urrezko meatokien artean eta, hori dela eta, Erromako militarrak erruz etorri ziren gurera. Gainera, Bordele eta Astorga lotzen zituen bideak (iter XXXIV) zeharkatzen zuen lurraldea. Egun, N-I deritzon errepidea doa bide hura zihoan leku beretik.

Kristau aroa hasi zenean, biztanle batzuek bertan behera utzi zituzten alde garaietako kastro eta oppida direlakoak eta bide horren ingurua jaitsi ziren (Arkaia edo Cabriana). Hala ere, Iruñako oppidum delakoan bizi ziren karistiarrak bertan geratu ziren, kokagune ezin hobean zeudelako, galtzadatik ez oso urrun.

Lurraldea militarren kanpamentuz (Atxako San Migel, Gasteizen), hiriz eta nekazaritza hiribilduz (fundi) betetzen joan zen eta guztiak ere osaturik geratu ziren Klaudioren garaian (K. o. 49-54) Kluniako conventus delakoan. Lurraldea egituratzeko, baziren zubi batzuk, hala nola Asakoa, Mantiblen, Errioxako beroietatik hurbil, edo Trespondeko zubi zaharra, Iruña-Veleiako hiri garrantzitsura iristen zena. Beste azpiegitura esanguratsu batzuk ere baziren: metalgintzako lantegi bat Alorian edo errepideko posta bat Mariturrin (Gasteizko hego-mendebaldeko irteeran).

Hartu-emanak ez ziren berdinak izan. Erromatarren kulturaren sendotasunak eragin handia izan zuen tribuetan (pertsonen izenak latinizatu ziren eta erromatarren dirua, jainko-jainkosak eta beste erreferentzia batzuk berenganatu zituzten), baina jatorrizko ohitura batzuei ere eutsi zieten eta bizikidetza zein nahastura gailendu ziren.   

III. eta IV. mendeetako krisialdiak eragin nabarmena izan zuen gure lurraldean: militarren defentsak areagotu ziren, baina ez zen gainbeherarik sumatu. Benetako gainbehera V. mendean hasi zen, bagauden iraultzekin batera, baina geroago germaniarren inbasioa gertatu zen, limex edo erromatarren muga apurtu eta Arabaraino heldu baitziren. Barruko krisi ezkutua piztu egin zen kanpoko presio horien eraginez.