Gizarte bizia
- Foru Aldundia
- Erakundea
- Historia
- Gizarte bizia
Foru Aldundia
Arabako Foru Aldundiari, diputatu nagusiari, erakundeari, ALHAOri, iragarkiei edota antolakuntzari buruzko informazio guztia
Gizarte bizia
Diktadura frankistak 40 urte iraun zuen. Aldi luze horretan, gauza ugari gertatu ziren. Garai hartan, gizartea indarrez moteldu zen eta, ikuspegi politikotik ikusita, aldi atzerakoiena izan zen; alabaina, Arabak historia osoan izan duen eraldaketarik esanguratsuen eta erabatekoena jazo zen sasoi hartan.
Eta horren ondorioak gaur ere nabarmenak dira; izan ere, gure orainaldi demokratikoaren euskarria diktadura haren bigarren erdialdean hiriburuan zein lurraldean garatutako industria izan zen. Erregimen horretako agintedunen asmoa ez izan arren, erabaki egokiak hartu zituzten lurraldearen garapena ahalbidetzeko; horren ondorioz, Araba guztiz aldatu zen eta ohiko alderdien arteko lehia guztiz aldatu zen, gaur egungo gizarte moderno bilakatu arte.
Francoren diktaduraren lehen erdialdean, berrogeita hamarreko hamarkadaren erdialdera arte, gabezia eta urritasuna nagusi ziren erregimenaren aurkarientzat. Azkenek errepresio fisiko lazgarria pairatu behar izan zuten eta, herritarrek, errepresio ideologiko ikaragarria. Gau beltza hedatu zen herrialde osoan, baita Araban ere.
Hala ere, hainbat arrazoi direla eta, diktaduraren bigarren erdialdean, egundoko garapen aldia etorri zen industrializazioaren eskutik. Garapena Espainia osoan zabaldu zen eta Araba osoan ere bai. Berrogeita hamarreko hamarkadaren amaieratik aurrera, estatuko eta nazioarteko garapen aldi horren esparruan, lurraldeak kokagune estrategikoa baliatu eta bertako baliabideak bikain erabili zituen: lurra, ura, ongi prestaturiko laneskua, itun ekonomikoak eskaintzen zizkion zerga onurak, lehengo eskarmentua kudeaketa publikoan eta industrian, komunikazio bide egokiak eta gainezka zeuden Bizkaiko eta Gipuzkoako industria guneekiko hurbiltasuna.
Horrez gain, esan beharra dago Gasteizko agintariek zuzen jokatu eta erabaki egokiak hartu zituztela: bikain hornitutako industrialdeak eraiki zituzten Gamarra-Betoñun, Arriagan eta, handik abiatuta, hiriko inguru guztietan, gerora etorriko ziren enpresen eskura jarrita. Industria ugari iparraldetik heldu ziren Gasteiza, baita automobilgintzan diharduten multinazional garrantzitsu batzuk ere, hala nola Mercedes Benz edo Michelin eta, azkenean, lehenengoek bigarrenentzat lanean amaitu dute.
Lantegiak eraikitzeaz batera, mila langile etorri ziren berriro ere iparraldetik, lantegiekin batera eskualdatuak. Arabako nekazaritzako eremuetatik eta Gaztelatik, Galiziatik edo Extremaduratik ere heldu zen erruz lan indarra. Langile horiek guztiak hiriaren inguruetan eraikitako langile auzo berrietan bizitzen hasi ziren: Adurtza, Abetxuku eta Errekaleor, Zaramaga, Ariznabarra… Gasteizko biztanleria izugarri hazi zen garai hartan. XX. mendearen erdialdean, berrogeita hamar mila lagun bizi ziren Gasteizen; 1975ean, berriz, ehun eta hirurogeita hamabost mila. Gasteiz goitik behera aldatutako hiria zen, baina Arabako lurraldearen gainerakoa biztanleak eta garrantzia galduz joan zen. Hogeita hamarreko hamarkadatik finkaturik zegoen eta hirurogeiko hamarkadaren industrializazio orokorraren ondorioz hazi zen Laudioko industriak eta beste herri gutxi batzuetakoak, hala nola Amurrio, Oion, Langraitz, Agurain edo Guardiakoak eutsi zioten egoerari, aldundiak berak lurraldea garatzeko sustatu zituen planei esker.
Gizarte eta ekonomiaren egiturak izandako berebiziko eraldaketa horiek beste ohitura batzuk ekarri zituen. Lanaren inguruan antolatutako gizarte horren esparruan, kontsumoa areagotu zen (norberak erositako etxebizitza, autoa, etxetresnak, gizarte gastuak...) eta langileen gizarte maila eratzen joan zen. Eta langileen ekimenez antolatutako grebek amaiera larria izan zuten 1976ko martxoaren hiruan. Egun horretan, poliziak bost langile hil zituen eta ehun baino gehiago zauritu zituen, langileok Asisko San Frantzisko elizan egiten ari ziren batzar batetik irten eragin zietela. Gertaera hark berebiziko eragina izan zuen hiriaren oraintsuko historian.
Lehengo Gasteiz gris eta zatarra, komunitatearen aldekoa eta, era berean, alde izugarriz betea eta zeharo hierarkikoa, “mundu guztiak elkar ezagutzen zuen Gasteiz hura” atzean geratu zen eta askotariko gizarte bizia eta modernoa eratu zen. Gizarte moderno horretako gizataldeek ere aurkako interesak zituzten, baina lekua egiten zioten denok batera ibiltzeari hiriko jaietan. 1957. urtetik hona –hain zuen ere, hiriko jaien izaera aldatzen hasi zenean-, Zeledon hirira jaisten da abuztuaren lauan, eta pertsonaia hori lurraldeko biztanle guztien topaldiaren ikurra da: gasteiztarrena eta arabarrena. Lurraldea hiriburuaren inguruan hedatzen da, gero eta handiagoa den Gasteizko makrozefaliaren mendean; hala eta guztiz ere, iparraldeko eskualdea (Aiaraldea) eta hegoaldekoa (Arabako Errioxa) harremanetan dabiltza Arabaz kanpoko eremuetan ere bai.
XX. mendearen amaieran, laurogeiko hamarkadatik aurrera, autogobernuak Araba txertatu zuen Euskal Ekonomia Erkidegoan eta lurraldeak erronka eta aukera berriei heldu zien. Hala, Arabako herritarrentzat funtsezkoak diren erabakiak hartzen eta kudeaketak bideratzen dituzten euskal erakunde berri gehienak Gasteizen daude. Arabako Foru Aldundia ere esparru horri atxikitzen zaio eta foru eremu horretan txertaturik daude Arabako biztanleak.