Kultura ondare oparoa

Historiak balio eta edertasun handiko ondarea utzi du Araban. Museoek ondasun horien guztien zati bat besterik ez dute erakusten; lurralde osotik barrena sakabanaturik dauden eraikin dotoreek arkitektura sotilaren berri ematen digute eta antzinako lanbideen arrastoak ere nonahi aurki ditzakegu. Natura ondarearekin batera, kultura ondarea lurralde honen askotariko altxor erakargarria da.

Arabako lehen biztanleek haien jardueraren arrastoak utzi zizkiguten hezur, harri eta zeramiketan. Berreskuratutakoak Bibat museoan daude, hots, Arabako Arkeologia Museoan. Museoan bertan eta jatorrizko lekuetan, aztarnategietan aurkitu diren garrantzi handiko aleak ikus ditzakegu, besteak beste, Hoya herrixkakoak, Lastra edo Atxabalgo kastroetakoak, Sorginaren Txabolako kanpai formako ontziak, Iruñako hilarriak, fibula metalikoak, Cabrianako mosaiko erromatarrak edo Goros haitzuloan topatutako gerriko belarria.

Historiaurrean eta Antzinaroan, megalitismoaren lekukotasun ugariak aipatu behar ditugu, hala nola Egilatz (Aizkomendi) edo Sorginetxe trikuharriak (biak ere Agurain herritik hurbil), edo Arabako Errioxako Bilar herrikoa (Sorginaren Txabola) Sotillo eta San Martin trikuharriak (Guardian), Hoya herrixka edo Iruña-Veleiakoa, Burdinaren Arokoa eta Erromatarren garaikoa, hurrenez hurren.

Erdi Aroko erromanikoak eta gotikoak ale ederrak utzi zizkiguten Araban. Eremutarrek haitzuloak landu eta tailatu zituzten arroketan Faidon, Lañon (Trebiñu), Markizen edo Pinedon (Gaubea) eta, batzuetan, giza itxurako sarkofagoak aurkitu dira lurrean bertan hondeatuta (hala nola, Salcedon).  Xehetasun prerromanikoak geroko arkitektura moldeetan txertaturik idoro ditzakegu, besteak beste, Zalduondon, Aistrako San Julian eta Santa Basilisari eskainitako baselizan edo handik hurbileko Hermuan.

Erromanikoa askoz oparoagoa dugu Araban; hala, garrantzi handiko bi eraikin eder ditugu Arabako ekialdean eta mendebaldean, garai horretakoak: Estibalitz eta Armentia. Zalantzarik gabe, esan beharra dago horien edertasunak apaldu egiten duela Mendialdean nahiz Arabako Haranetan ageri diren beste eraikin “txiki” batzuen kalitate handia. Kasurako, Añuako edo Argandoñako elizaren absidea, Markizko elizaren edo Bastidako Kristo Santuaren elizaren portada, arkibolta bikainak dituztela. Era berean, arkiboltei gagozkiola, nabarmendu behar ditugu Tuestako eliza, Santurdeko eliza edo Lasarteko elizaren leihatea.

Aldi berean, eskulturako lanak leku askotan ikus daitezke, esaterako, Armentiako tinpanoetan, kapiteletan edo bataiarrietan, bai eta ama birjinaren irudi lirainetan. Pinturari dagokionez, Alaitzako eta Gazeoko elizen hormetan ageri diren margoak azpimarratzekoak dira (erromanikoaren -erabilitako motiboak direla eta- eta gotikoaren artean -margoen datazioa dela eta, XII. mendearen amaieratik XIV. mendera arte). Margo horiek biziki harrigarriak dira motiboengatik, xehetasunengatik eta iraupenagatik.

Gotikoaren eraikuntza baldintzapenei eta egin beharreko inbertsioari erreparaturik, esan behar da, batez ere, hiriko artea dela, oso bereizgarria  sasoi hartan goraka ari ziren hiribilduetakoa. Hori dela eta, ez da harritzekoa aldi gotikoko lanak nabarmenak izatea lurraldeko hiri nagusian, Gasteizen, eta hiri garrantzitsuetan, Agurainen edo Guardian.   Hiriburuan, “lau dorreak” ditugu edo, bestela esanda, Gasteizko zeruertza marrazten duten lau elizak: Done Mikel, Done Bikendi, Done Petri eta Santa Maria katedral zahar berritua.

Bertan, berreskuratze lan jakingarria eta, jendearen artean, eragin handikoa egiten ari da. Agurainen, bi elizak aipatu behar ditugu: Done Joan eta Santa Maria. Guardian, berriz, Erregeen Andre Maria elizaren portada ikusgarria aipatu behar dugu. Bost arkiboltez gain, tinpano bikaina eta eskultura apartak gogoan hartu behar ditugu. Arestian esandako hiru herri horietan, Erdi Aroko alde zahar harresiduna dago, eder-ederra; ondoko herri hauetan ere halako kasko historikoak ikus daitezke: Antoñana, Gatzaga Buradon, Labraza, Bastida edo Artzeniega.

Hala ere, ondare gotiko garrantzitsua ere aurki dezakegu antzinako hiribildu horietatik urrun ere, hala nola Kexaan (Aiaraldea). Bertan, jauregiak, komentuak eta Adatseko Ama Birjinaren dorre-kaperak psatutako monumentu multzoa dago, Pero Lopez Aiarakoa kantzilerraren alabastrozko hilobia bertan dagoela. Dorretxeak eta gotorretxeak ugari dira Arabako lurralde osoan, garai hartako jaunen boterearen adierazgarri: Varonatarren dorretxea (Villanañen), Mendoza edo Gebaratarrena edo, Gasteizen bertan, Sokaren Etxea izeneko jauregia.  Pinturari gagozkiola, arestian aipatu dugun moduan, margo bikainak (pantokrator izugarria ere bai) daude Gazeon eta Alaitzan, baita Valderejon edo Kexaako erretaularen kopian ere (azkenaren jatorrizkoa, gaur egun, Chicagon dago).

Gotikoaren ospeak hamaseigarren mendera arte iraun zuen. Mende horretan, Pizkundea hasi zen eta hori ere oparoa izan zen gure lurraldean. Leku eta abizen batzuen gorakada aldi horri lotuta dago. Adibide gisa, Gasteizko gortesauen jauregiak aipa ditzakegu, hala nola Eskoriatza-Eskibel, Bendaña, Goiuri edo Montehermoso (Oihaneder) jauregiak; hilobi ederrak, kasurako, Martin Saez de Salinasen hilobia, katedral zaharrean; era berean, landa eremuko jaunen jauregiak ere baditugu, besteak beste, Zalduondoko Lazarragatarrena.

Eliza batzuk ere garai horretakoak dira, esaterako, Bilarreko Jasokundearena, erretaula nagusian ikuzketaren erliebea duela; beste erretaula batzuk ere aipatzekoak dira, hala nola Aranako Done Bikendi edo Oto Barreneko Done Bladi elizetakoak. Taulako pintura, hau da, erretauletan erabili zena, behe erliebeak eta zilargintzako lanak fintasun eta maisutasun handiz landu ziren garai hartan.

Barrokoa, berriz, arkitektura molde osagarria izan zen lurraldean: Barrokoko lanak oso ugariak dira, baina ez dira beste aldi oparo batzuetan egindakoak bezain garrantzitsuak (behintzat, molde barrokoan oso-osorik egindakoak).  Hala ere, badira eraikin aipagarri batzuk, besteak beste, Gasteizko San Antonio edo Sortzez Garbiaren komentua, Bastidako udaletxea edo Arabako Errioxako herrietan azaleratzen diren elizen dorreak. Erlijiozko eskulturak garrantzi handia izan zuen alde horretan, batez ere, erretaula ederrak hornitzeko, eta pinturarekin ere beste horrenbeste gertatu zen.

Eraldaketa handiak, ordea, XVIII. mendean eta XIX. mendearen lehen hamarkadetan jazo ziren, neoklasizismo ilustratuaren eskutik, molde hori gogotik saiatu baitzen hiri eremuak aldatzen. Gasteiz molde horren adibide bikaina dugu. Kasurako, Gasteizko Udalak Olagibel bikainari egindako eskariak: Arkupea eta Plaza Berria. Bi lan horien bitartez, arkitekto gasteiztarrak hiriaren goialdea eta behealdea lotu zituen, hegoaldeko muturretik. 

Gasteizko erdigunean egindako lan horiez gain, beste eraikin  garrantzitsu batzuk ere aipatu behar ditugu, hala nola Armentiako Brigiden komentua (“Santuaren etxea” izenekoa) edo Arriagako eliza. Azkenen eredua Lautadako eliza askotan erabili zen. Gasteizko Udalak udaletxea eraikitzeko eskaera egin ondotik, Foru Aldundiak ere egoitza eraikitzeko eskaera egin zuen aldi eta molde jakin horietan.

Beste alde batetik, erliojo arkitekturak ale ederrak dauzka Maeztun, Antoñanan, Narbaxan, Aberasturin edo Zuhatzun; eskulturari dagokionez, aldiz, hiriko tailer batzuk aipatzekoak dira, bereziki, Valdivielsotarrena. Familia horretan, Mauriziok, “Pagoetako santujalea” ezizenez ezagunak, ospe handia hartu zuen. Gasteizko Florida parkearen hasierako diseinua ilustratuen sasoian ohikoa zen espazioa antolatzeko kezkaren emaitza da.

XIX. mendearen erdialdetik aurrera, bizitza publikoa Gasteizen bildu zen, gero eta gehiago. Horren ondorioz, arte eta kultura adierazpide gehienak hirian bertan azaleratu ziren; beste horrenbeste gertatu zen erlijio arteari gailendu zitzaion arte zibilarekin.  Hasteko, esan beharra dago hemeretzigarren mendeko zabalgunea orduan eratu zela, Geltoki kalearen (geroago, Eduardo Dato kalea) inguruan.

Geroago, kalea luzatu zen Gasteizko gutxiengo pribilegiatuak bertan eraikitako ondoz ondoko jauregien bitartez (Zulueta, Augusti edo Ajuria Enea jauregiak, besteak beste). Hegoaldeko eremu horretan, XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako molde berriak gogoko izan zituzten ale batzuk aurkituko ditugu: Pradoko kaperaren neobarrokoa edo Salestarren (Betoñuko karmeldarren) komentuaren neogotikoa, hiriaren beste muturrean, bai eta Sortzez Garbiaren katedral berriarena ere (katedrala 1907. urtean eraikitzen hasi zen eta 1969.ean inauguratu zen).

Neorregionalismoak ere ale bikain batzuk utzi dizkigu: Postetxea edo Arte Eskolaren eraikina, lehen esandako Ajuria Enea jauregia, Vasco-Navarro trenbidetik egun geratzen diren geltokiak, lurraldearen iparraldeko eta ekialdeko herrietan, edo 1930. Urtean inauguratu zen apaiztegiaren xehetasun batzuk. Azken horretan, gotikoaren, pizkundearen, manierismoaren eta barrokoaren ukitu historizistak daude. Modernismoak ale gutxi eskaini dizkigu, baina horietako batzuk hiriburuko higiezin batzuetan daude ikusgai, hala nola Bonilla etxearen aurrealdea, Erbina eta Otalora etxeak (biak ere Alava jeneralaren kalean).  Molde arrazionalista, berriz, Goya gasolindegian ikus dezakegu, Floridan.  

Azkenik, arkitekturari doazkion bi aipamen egin behar dira:  mendeen aldaketak ekarritako arkitqktura industrialaren arrastoak aurki ditzakegu Gasteizko azukre fabrikan edo Laudio zeramika fabrikan (Añanako Gatz Haran ikusgarri eta historikoan ere bai); bestalde, arkitekturaren modernismoaren zantzuak agerikoak dira garapen azkarraren urteetan altxatu ziren bi elizetan: bata, Fisac arkitektoak egindako Koroatzearen eliza eta, bestea, Carvajal eta Garcia Paredes arkitektoek egindako Aingeruen eliza. Ekimen berritzailea geroko eraikuntza askotan ageri da: Txillidak eta Peña Gantxegik diseinatutako Gasteizko Foru plaza eta Ghery, Calatrava, Mazières edo Aspiazu arkitektoek egindako Arabako Errioxako upeltegi sonatuak.

Arabako pintura garaikideari dagokionez, esan dezagun margolari ugari izan zirela lurraldean eta horien azken hamarkadetako lan asko Arte Ederren Museoan eta Artium museoan ikus daitezke. Beharbada, Gasteizko XIX. mendearen erdialdeko irudietatik has gaitezke, Juan Angel Saezen eskutik, eta horiek Amarika, Doublang, Lopez de Uralde, Ortiz de Urbina, Uranga, Aldekoa, Olarte, Saenz de Tejada edo Gustavo Maezturen irudiekin lotu, baina, batik bat, Ignacio Diaz Olanoren irudiekin lotu behar ditugu, azkenek mendeen arteko hiriburuaren eta lurraldearen airea eskaini baitzuguten.

Gerra Zibilaren ondotik, margolari batzuk joera berriak landu zituen “abangoardia diskretuaren” ordezkariak izan ziren: Moraza, Armesto, Pichot, Suarez Alba, Mateo eta Martínez de Lahidalga, hau da, “Pajarita” elkartea sortu zutenak. Horien artean, beste artista batzuk izan ziren, hala nola Rafael Lafuente edo, lehenago, Jimeno de Lahidalga. XX. mendearen azken herenean, Ortiz de Elgea, Mieg, Fraile eta Schommer argazkilariaren lanez gozatu genuen –horiek Orain taldea sortu zuten 1966. urtean- eta, geroago, Iñurrieta, Illana, Cerrajeria, Markote, Sagastizabal eta beste batzuen lanez. Guztiek ere askotariko moldeak, formatuak eta euskarriak landu zituzten.

Aro garaikideko eskulturaren lehen lanak Elizarentzat izan ziren, batez ere, Lorenzo Fernández de Vianak zuzendutako eskolan, katedral berria eraikitzeko. Eskola horretan, Isaac Diez edo Daniel Gonzalez nabarmendu ziren eta, geroagoa, Monjó katalana eta Aurelio Rivas. Dena dela, Lucarini anaiak izan ziren garai horretako eskultore ospetsuenak, batez ere, Joakin. Joakin Lucarinik Burgosko El Cid eskulturaren inguruan dauden zortzi piezak handiak edo bertako aurrezki kutxaren sarreraren alboetan jarritako La Fortaleza eta La Templanza deritzen altuerliebeak egin zituen.

Azken urteotan, beste arte batzuekin gertatu den bezala, eskulturak moldeak eta joerak aniztu ditu, artisten belaunaldi berrien eskutik.  Lan horietako batzuk espazio publikoetan eta Artium museoan ikus daitezke, baina artista garaikideek tradiziozko sailkapenak hautsi dituzte eta euskarri horiez kanpoko lanak egiten dituzte edo ohiko euskarriak eta beste batzuk nahasten dituzte: Moraza, Alvarez Plagaro, Juncal Ballestin, Hernandez Landazabal, Ruiz de Infante, Koko Rico, Mintxo Cemillan, Egizabal...