Arabako Kuadrillak

Arabako Lurralde Historikoko administrazioa udalerriaz gaindiko zazpi eskualde erakundetan dago antolatuta. Kuadrilla esaten zaie erakunde horiei.  Kuadrilla partaidetzarako, kontsultarako eta kudeaketarako organo bat da, eta bere lurralde eremuan eragina duten interes orokorreko gaietan esku hartzen du.

Arabako lurraldea egituratzen duen irudi horren jatorria XVI. mendean dago. 

Gaur egun, hauek dira Arabako kuadrillak:

  • Añanako Kuadrillak Arabako lurraldearen mendebaldea eta hego-mendebaldea hartzen du. Arabako Haranak ere esaten zaio, urak Ebro ibaira isurtzen dituzten zenbait ibairen arroez osatuta dagoelako. Hamar udalerri biltzen ditu, eta kuadrillarik handiena da. Egoitza Ribabellosan du.

  • Aiarako Kuadrilla Arabako ipar-mendebaldean dago, Nerbioi ibaiaren goiko arroan. Biztanle gehien duen kuadrilla da, Gasteizkoaren ondoren. Bost udalerriz dago osatuta. Arespalditzan du egoitza.

  • Gorbeialdeko Kuadrilla Gasteizko iparraldean dago, Gorbeia inguruko mendien eta Arabako Lautadaren artean.  Sei udalerri ditu, eta Murgian du egoitza.

  • Arabako Lautadako Kuadrillak Arabako lurraldearen ipar-ekialdea hartzen du, eta lautada handi bat da. Zortzi udalerriz dago osatuta, eta Agurainen du egoitza.

  • Kanpezu-Arabako Mendialdeko Kuadrilla Arabako hego-ekialdean dago. Bere azaleraren zatirik handiena seiehun metrotik gorako garaieran dago. Sei udalerri ditu. Santikurutze Kanpezun du egoitza.

  • Gasteizko Kuadrilla Gasteizko udalerriak berak osatzen du. Nahiz eta kuadrillarik txikiena izan, han bizi dira Arabako biztanle guztien hiru laurdenak. 

2008an, Arabako Foru Aldundiak banderarik gabeko masta bat jarri zuen Probintzia plazako lorategietan, Arabako kuadrillen zutoihalak daramatzaten zazpi masten ondoan. Aldarrikapen historiko baten sinboloa da banderarik gabeko masta hori: Trebiñuko enklabea irudikatzen du, alegia, zortzigarren kuadrilla izango litzatekeena.  Hain zuzen ere, berrehun eta hiru kilometro koadroko lurralde hori guztiz inguratuta dago Arabako lurrez, baina 1833. urtetik Burgosko probintziarena da.