Etxe Jauregia

Arabako Foru Aldundiaren Jauregia Gasteizko Probintzia plazan dago. Arabako foru gobernuaren egoitza da eta bertan dago ere osoko bilkurak egiteko erabiltzen duten Batzar Nagusien aretoa.

Eraikina estilo neoklasikokoa da eta XIX. mendearen erdialdean eraiki zuten, Arabako foru erakundeak bertan kokatzeko; izan ere, une hartara arte ez zuten haien egitekoak gauzatzeko eraikin jakinik.

María Camino Urdiain Martínez historialariak egindako ikerketa lan sakonari esker, gaur egun zehatz-mehatz ezagutzen dugu jauregiaren historia arkitektonikoa.

Probintziako Etxe Jauregia –garai hartako dokumentuetan izen horrekin aipatzen da nagusiki– eraikitzeko proiektuaren sustatzaile nagusia Diego de Arriola y Esquivel izan zen, zeina diputatu nagusi izan baitzen eta, geroago, baita diputatu nagusiorde ere.

1832an, Álava eta Saracíbar familiei Beheko Hesiak izeneko eremuan zituzten lurrak erosi ostean, eraikina egiteko proposamenak egiteko eskatu zieten Martín Saracíbar Lafuente eta José Antonio de Garaizábal probintzia arkitektoei. Martín Saracíbarren proiektu arkitektonikoa aukeratu zuten. Hark erdisotoko solairua eta solairu axial bakarra izango zituen eraikina proposatu zuen, eta alboetan, oinplano karratuko bi bolumen aurreratu, erdiko bolumena baino garaiera txikiagokoak. Horrez gain, eraikinaren aurrealdean plaza eta atzealdean lorategiak egitea aurreikusten zuen proiektuak.

1834an, Lehen Gerrate Karlistaren ondorioz, obrak bertan behera utzi behar izan zituzten, eta 1840an ekin zieten berriz lanei.

1844ko azaroan inauguratu zuten eraikina ofizialki, hil hartan Batzar Nagusien ohiko bilkura egin baitzen. Etxe jauregi berriko aretoetako batean margolan galeria jarri zuten, eta bertan gorde zituzten Gasteizko komentuak esklaustratzearen ondorioz eskuratutako koadroak, gehienak erlijiosoak, eta horrela sortu zen Gasteizko lehenengo museoa.

1856an, inauguratu eta 12 urtera, agerikoa zen eraikina handitu eta aretoak egokitu beharra zegoela. Rodrigo Pedro de Varona Salazar diputatu nagusi zela, eraikina goitik behera eraberritzen hasi ziren, besteak beste, beste solairu bat egiteko. Lehen eraikina egin zuen arkitekto bera, Martín Saracíbar, arduratu zen eraberritze lanez, eta 1859an amaitu zituzten.

Eraikinaren kanpoaldean ere egin zituzten birmoldaketak, bai fatxada nagusian, bai alboetakoetan, eta 1856an, haiek apaintzeko eskatu zioten Carlos Imbert eskultoreari. Imbertek apaingarri heraldikoak egin zituen lehenengo solairuko leihoen gainean, Arabako hamabost kuadrilla eta ermandadeetako armarriak irudikatzeko.  

1864an, Prudencio María de Verástegui eta Miguel Ricardo de Álava irudikatzen zituzten harrizko eskulturak jarri zituzten fatxadako harmailadiaren amaieran. Carlos Imbertek egin zituen haiek ere, Juan Ángel Sáenz margolariaren marrazkietan oinarrituta. 1995ean, harria oso egoera kaskarrean zegoela eta, José Estarta Menoyo eskultoreak egun ikus dezakegun brontzezko hustura egin zuen.

Kudeaketa publikoa aldatzen joan denez, eta izan diren aurrerapen teknologikoak direla-eta azpiegitura berriak jarri behar izan dituztenez, hainbat aldaketa egin behar izan dituzte Arabako Foru Aldundiaren jauregian XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen bukaera arte.  1972tik aurrera, egun ordezkaritza lanetarako besterik erabiltzen ez den eraikina egokitzeko beharrezko moldaketa eta eraberritze lanak egin dituzte.