Benetako kolorea

Arabako Artxiboak koloretako zortzi film berreskuratu ditu "Benetako kolorea" izenburupean, Juan Manuel Alfaro Caballero Alfaro-Fournier familiako kide eta etxeko zinemaren zale handiak 1954tik 1959ra bitartean Gasteizen filmatuak. Juan Alfaro Allonak 2004an Arabako Artxiboan gordailatu zuen dokumentu funtsean aurkitu ziren film horiek. Funts horrek Heraclio Fournierrek 1886an hasi zuen familiaren enpresa dokumentazio eta dokumentazio pertsonala biltzen ditu.

Balio historiko handiko dokumentu argitaragabe horietan ageri dira Arabako hiriburuaren hiri itxura eta gertaera publiko garrantzitsuenak, 1960ko hamarkadako garapen industrialaren eta hazkunde demografikoaren ondorioz betiko eraldatu aurrekoak.

Alfaro Caballerok urte horietako Gasteizko eguneroko bizimodua jaso zuen, bere kameraren aurretik pasatzen zen bezalaxe: Dato kaleko giroa 1956an, Cafe Suizo, Florida parkea bere kioskoarekin eta barkillo saltzaileekin – baina artean Canciller Ayala hotelik gabe –; bisita bat oraindik erabat eraiki gabeko Katedral Berrira; Foru plaza eta Abastos merkatua, garaiko ibilgailuen zirkulazioa; Alaba Jeneralaren kalea irekitzeko obrak 1959an, eta abar.

Honako hauek ere ikusiko ditugu, jatorrizko kolorearekin: 1954an Mendizorrotzan Deportivo Alaves eta F.C. Barcelonaren artean jokatutako futbol partida, lehen mailara igotzeko denboraldian; Espainiako Txirrindulari Itzulia Gasteizera iristen 1956an; desfile militar bat hiriaren erdialdetik urte horretan bertan; Katedral Berriko lehen harria jarri zeneko berrogeita hamargarren urteurrena ospatzeko meza 1957an, eta, urte horretan bertan, Andre Maria Zuriaren Jaiak, erraldoiak, buruhandiak, blusak eta Zeledonen lehen jaitsiera.

Martxoaren 30ean, ostegunean, 19:00etan, estreinatuko da film hori, Gasteizko Florida zinemetan. Sarrera doakoa eta edukiera osatu arte izango da, eta zinemako txardeldegietan tiket bat jasoko da proiekzioaren egunean bertan.

Martxoaren 31tik aurrera, eta apirilean eta maiatzean, zortzi filmak argitaratuz joango dira Arabako Foru Aldundiaren YouTube kanalean eta Arabako Artxiboko Vimeo kanalean.

 

Alavés-Barcelona (1954) eta Espainiako Itzulia (1956)

 

Andre Maria Zuriaren jaiak (1957)

 

Katedral Berria (1957)

 

Alaba Jeneralaren kalea irekitzea (1959)


Banderaren zina Prado parkean (1956)


Zezenak Gasteizen (1955)


Industrialdeak (1957)


Ibilaldi bat Gasteizko erdialdetik (1956)


Making of_ Benetako kolorea / El color auténtico