Zerga tasak

Balio erantsiaren gaineko zergak honako eragiketa hauek kargatzen ditu:

  1. Enpresaburuek eta profesionalek ondasunak ematea eta zerbitzuak egitea

  2. Batasunaren barruko ondasun eskuraketak

  3. Ondasun inportazioak

Zerga tasa % 21 da, urriaren 19ko 12/1993Foru Dekretu Arauemaileak, Balio erantsiaren gaineko zergaren Foru Araua onartzen duenak, 91. artikuluan xedatzen duen kasuan izan ezik.

Zerga tasak - laburpena

Tributazio araubideak

Balio erantsiaren gaineko zergan (BEZ) araubide orokorra eta hainbat araubide berezi daude.

Araubide orokorra honako kasu hauetan aplikatzen da: zergadunari araubide berezirik aplikatu ezin zaionean, zergadunak dagokion araubide bereziari uko egiten dionean edo araubide berezietatik baztertuta geratzen denean.

Profesionalak, artistak eta kirolariak araubide orokorrean daude.

Nekazariei eta abeltzainei nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren araubide berezia edo araubide erraztua aplikatzen zaie, baztertuta geratu edo uko egin ezean (kasu horietan araubide orokorra aplikatzen zaie).

Handizkako merkatariek araubide orokorrean ordaintzen dute zerga; nolanahi ere, batzuek araubide erraztuan ordain dezakete.

Oro har, txikizkako merkatariei baliokidetasun errekarguaren araubidea aplikatzen zaie, ezarritako baldintzak betez gero. Bestela, araubide orokorra aplikatzen zaie. Kasu batzuetan araubide erraztua aplikatu ahal zaie.

Zerbitzuen sektoreko enpresaburuek araubide orokorrean ordaintzen dute zerga, baina kasu batzuetan araubide erraztua aplikatzen zaie.

Araubide orokorrean enpresaburuek eta profesionalek:

  • Beren salmenten edo zerbitzugintzen BEZaren kuotak eskuratzaile edo jasotzaileei jasanarazten dizkiete eta gero Ogasunean sartu behar dituzte.

  • Egiten dituzten eskuraketen kuotak jasaten dituzte; kuota horiek kenkarirako eskubidea ematen dute aldizkako autolikidazioetan.

Aldizkako autolikidazioetan bezeroei jasanarazitako BEZa aitortu behar dute, hornitzaileei egindako erosketa eta eskuraketetan jasandakoa kenduta. Emaitza positiboa edo negatiboa izan daiteke:

Emaitza positiboa bada, Ogasunean sartu behar da; aldiz, negatiboa bada, hurrengo autolikidazioetan konpentsatzen da, oro har.

Ekitaldi amaierako aitorpenaren emaitza negatiboa bada, bi aukera daude: dirua itzultzeko eskatu edo saldo negatiboa hurrengo ekitaldiko aitorpenetan konpentsatu.

Araubide erraztua horri buruzko foru aginduan aipatzen diren enpresaburu edo profesionalen jarduerei aplikatzen zaie. Hori dela eta, jarduera lokabetzat jotzen dira agindu horretan berariaz arautzen diren guztiak.

Oro har, balio erantsiaren gaineko zergaren likidazioa kenketa honen emaitza da: jardueran egindako “eragiketa arruntek sortutako kuotak” ken “eragiketa arruntengatik jasandako kuotak”; jarduera bakoitzean sartu beharreko gutxieneko kuotaren zenbatekoa ekitaldiko indizeak eta moduluak onartzen dituen foru aginduan zehazten da.

Araubide erraztuan, balio erantsiaren gaineko zergaren likidazioa ekitaldia amaitutakoan kalkulatzen da; nolanahi ere, enpresaburuek eta profesionalek konturako sarrera egiten dute hiru hilean behin.

Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren araubide berezian dauden enpresaburuek ez dute zertan zerga jasanarazi ez ordaindu. Eskuraketetan jasaten duten BEZa kendu ezin dutenez gero, oroharreko konpentsazioa aplika dezakete beren produktuak saltzen dituztenean. Konpentsazio hori kengarria da ordaintzen duen enpresaburuarentzat.

Baliokidetasun errekarguaren araubide berezia nahitaez aplikatzen zaie pertsona fisiko diren txikizkako merkatariei eta PFEZen errentak esleitzeko araubidean dauden entitateei (bazkide, jaraunsle, erkide edo partaide guztiak pertsona fisikoak izanez gero), baldin eta  salgaiak edo produktuak (denetarikoak, araubide honetatik salbuetsita ez daudenak) txikizka merkaturatzen badituzte.

Merkataria txikizkakotzat jotzeko honako baldintza hauek bete behar ditu:

  1. Ondasun higigarriak edo abereak eman behar ditu bere kabuz edo hirugarrenen bidez, haiekin inolako fabrikazio, prestakuntza ez eskulangintzako prozesurik egin gabe.

  2. Gizarte Segurantzari, horren entitate kudeatzaileei edo laguntzaileei edo ez enpresaburu ez profesional ez direnei aurreko urtean egindako salmentak guztira egindako salmenten % 80 baino gehiago izan behar dira.

Baldintza hori ez da aplikatuko honako kasu honetan: aurreko urtean subjektu pasiboak merkataritzako jarduerarik egin ez badu; horretarako, ezinbestekoa da subjektu pasiboa txikizkako merkataria izatea JEZen.

Aurrekoez gainera honako araubide berezi hauek ere badaude BEZaren tributazioan:

  1. Ondasun erabilien, arte objektuen, antzinako gauzen eta bilduma objektuen araubide berezia.

  2. Inbertsio urrearekin egiten diren eragiketen araubide berezia.

  3. Bidai agentzien araubide berezia.

  4. Baliabide elektronikoen bidez egiten diren zerbitzuen araubide berezia.

  5. Entitate taldeen araubide berezia.

  6. Kutxa irizpidearen araubide berezia.

Araubide bereziak borondatezkoak dira, honako bi hauek izan ezik: inbertsio urrearekin egiten diren eragiketen araubide berezia (uko egin dakioke) eta bidai agentzien araubide berezia.

Ondasun erabilien, arte objektuen, antzinako gauzen eta bilduma objektuen araubide berezia jardueraren hasieraren aitorpena aurkezten duten subjektu pasiboei aplikatzen zaie, uko egin ezean. Araubide honi eragiketa bakoitzerako egin ahal zaio uko; ez dago Administrazioari berariaz jakinarazi beharrik.

Baliabide elektronikoen bidez egiten diren zerbitzuen araubide berezia Batasunaren barruan egiten diren zerbitzu elektronikoen hasierari buruzko aitorpena aurkezten duten operadoreei aplikatzen zaie.

BEZaren ordainarazpena

BEZaren autolikidazioen aurkezpenean aplikatuko diren irizpideak, Kontzertu Ekonomikoaren aldaketaren ondoren.

ZERGA EGOITZA

AURREKO EKITALDIKO ERAGIKETA BOLUMENA TRIBUTAZIOA
EAE ≤ 10 MILIOI € Euskal Autonomia Erkidegoko foru ogasun egokia
> 10 MILIOI € Lurralde bakoitzean egindako eragiketen bolumenaren proportzioan
Nafarroa ≤ 7 MILIOI € Nafarroako Foru Ogasuna
> 7 MILIOI € ≤ 10 MILIOI € ZAEA eta Nafarroako Foru Ogasuna: Nafarroako Foru Ogasunaren ordainarazpena (Nafarroan egindako eragiketen %), ZAEAren ordainarazpena (lurralde erkidean eta Euskal Autonomia Erkidegoan egindako eragiketen %)
> 10 MILIOI € Lurralde bakoitzean egindako eragiketen bolumenaren proportzioan
Lurralde erkidean ≤ 7 MILIOI € ZAEA
> 7 MILIOI € ≤ 10 MILIOI € ZAEA eta Nafarroako Foru Ogasuna: Nafarroako Foru Ogasunaren ordainarazpena (Nafarroan egindako eragiketen %), ZAEAren ordainarazpena (lurralde erkidean eta Euskal Autonomia Erkidegoan egindako eragiketen %)
> 10 MILIOI € Lurralde bakoitzean egindako eragiketen bolumenaren proportzioan