BEZ-a eta merkataritza elektronikoa

2021eko uztailaren 1etik aurrera, aldatu egingo dira Batasuneko azken kontsumitzaileek oro har Interneten eta bestelako bitarteko elektronikoen bidez kontratatzen dituzten eta enpresari eta profesionalek beste estatu kide batetik edo hirugarren herrialde edo lurralde batetik bidaltzen dituzten ondasun emateei eta zerbitzuen prestazioei BEZa aplikatzeari buruzko zenbait alderdi.

Orain arte, merkataritza elektronikoko saltzaileek BEZ zenbakia eduki behar izan dute atalase orokor batetik gorako negozio bolumena zuten estatu kide bakoitzean. Uztailaren 1etik aurrera, atalase horien ordez EBren atalase komun bat ezarriko da, 10.000 eurokoa, eta hortik gora, ondasunak ematen diren estatu kidean ordaindu beharko da BEZa.

BEZean, merkataritza elektronikoaren zerga kudeaketa leihatila bakarraren araubide berezietan oinarritzen da (One Stop Shop), zeinean bete baititzakete enpresariek, profesionalek eta interfaze digitalek EB osoan egiten dituzten salmentetarako sortutako BEZaren arloko betebehar guztiak. Behin beren estatu kidean erregistratuta, EBn egiten dituzten salmenta guztiei dagokien BEZa aitortu eta ordaindu dezakete leihatila bakarraren bidez aitorpena aurkeztuta. Leihatila bakarra arduratuko da BEZa dagokion estatu kideari helarazteaz.

Leihatila bakarrak hiru modalitate ditu:

10.000 eurotik beherako zenbatekoa izanez gero, enpresa saltzailea finkatuta dagoen estatu kidean ordain daiteke BEZa. Muga horretatik gorako zenbatekoa izanez gero, enpresak leihatila bakarrean (OSS) erregistra daitezke, beste estatu kide batzuetan zordundutako BEZa aitortzeko eta ordaintzeko.

 

Honako hauek biltzen ditu:

  • EBko kontsumitzaileei emandako zerbitzuak

  • Ondasunen urrutiko salmentak EBko erosleei

OSS aukeratuz gero, honako hauek egin behar dira:

  • Salgaiak zein estatu kidetara igortzen diren, edo zerbitzuak zein estatutan ematen diren, estatu kide horretako BEZ tasa aplikatu

  • EB barruko zerbitzu emateei edo ondasunen urrutiko salmentei dagokien BEZa kobratu erosleari

  • OSSean zein estatu kidetan erregistratuta dagoen, estatu kide horren OSS atariaren bidez BEZaren aitorpen elektronikoa bidali hiru hilez behin

  • OSSean zein estatu kidetan erregistratu den, estatu kide horri egin BEZaren aitorpenean jasotako BEZaren hiru hilez behingo ordainketa

  • 10 urtez gorde OSSen esparruan sartutako salmenta guztien erregistroak

2021eko uztailaren 1etik aurrera, kendu egingo da balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZ) salbuespena, 22 euroko balioa gainditzen ez duten ondasunen inportazioetarako. Ondorioz, EBn inportatutako salgai guztiei BEZa ezarriko zaie.

Inportazioko leihatila bakarra (IOSS) sortu da 150 euroko balioa gainditzen ez duten salgai inportatuen urrutiko salmentei dagokien BEZaren aitorpena eta ordainketa erraztu eta sinplifikatzeko.

Ondasun hauen urrutiko salmentak biltzen ditu:

  • EBtik kanpotik garraiatzen edo igortzen direnak, saltzeko unean

  • 150 euroko balioa gainditzen ez duten bidalketetan igortzen edo garraiatzen direnak

  • zerga bereziak ordaindu behar ez dituztenak (normalean alkoholari eta tabakoari aplikatzen zaizkienak)

 

IOSS aukeratuz gero, honako hauek egin behar dira:

  • Erosleak EBn ordaindu behar duen BEZaren zenbatekoa erakutsi/bistaratu, beranduenik ere eskaera prozesua amaitzen denean

  • Bermatu erosleari kobratzen zaion BEZa azken helmugatzat EBko estatu kide bat duten eta IOSSen esparruan sartzen diren ondasun guztiak emateari dagokiona dela

  • Ziurtatu IOSen esparruan sartzen diren salgaiak 150 euroko balioa gainditzen ez duten bidalketetan igortzen direla

  • Ahal den neurrian, fakturan erakutsi erosleak ordaindutako prezioa, eurotan

  • IOSSean zein estatu kidetan erregistratuta dagoen, estatu kide horren IOSS atariaren bidez BEZaren aitorpen elektronikoa bidali hilero

  • IOSSean zein estatu kidetan erregistratu den, estatu kide horri egin BEZaren aitorpenean jasotako BEZaren hileko ordainketa

  • 10 urtez gorde IOSSen esparruan sartutako salmenta guztien erregistroak

  • EBn aduanetako izapideak egiteko behar diren argibideak eman, IOSSeko BEZaren ondorioetarako identifikazio zenbakia barne (IOSS VAT) EBko mugan salgaiak aitortzen dituen pertsonari.

Europar Batasunean finkatuta ez dauden subjektu pasiboek emandako zerbitzuetarako araubide berezia. Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren eskumenak dira araubide horretan erregistratzea eta BEZaren aitorpenak aurkeztea.

035 eredua

Subjektu pasiboen izaera ez duten edo ondasunen urruneko salmenta egiten duten edo zenbait ondasun nazio mailan entregatzen dituzten pertsonei zerbitzuak eskaintzen dizkieten subjektu pasiboei aplikatzekoak zaizkien araubide berezietan jasotako eragiketak hasteko, aldatzeko edo eteteko aitorpena.

Honako hauek aurkeztu behar dute 035 eredua:

1.- Araubide berezi hauen pean egon nahi duten edo dagoeneko hauen pean dauden balio erantsiaren gaineko zergako enpresariak edo profesionalak:

  • Batasuneko araubidea

  • Inportazio araubidea, enpresariak edo profesionalak bitartekaririk izendatu ez duenean

2.- Inportazio araubidearen ondorioetarako bitartekari diharduten edo jardun nahi duten pertsonak.

Enpresariek edo profesionalek eta bitartekariek 035 eredua aurkeztuko dute aipatutako araubide berezietan sartutako eragiketen hasiera, aldaketa edo etetea aitortzeko.

Araubide berezi bat baino gehiagoren pean sartzeko, enpresariak edo profesionalak 035 eredu bat aurkeztu beharko du Araban erregistratu nahi den araubide bakoitzeko.