1.1. Zer da TicketBai?

TicketBAI foru-ogasunen eta Eusko Jaurlaritzaren proiektu erkidea da, eta zergadunen fakturazio-softwareetan hainbat betebehar legezko eta tekniko ezartzea du helburu, zerga administrazioak haien jarduera ekonomikoen diruzko sarrerak kontrolatzea izan dezan eta, bereziki, azken kontsumitzaileei ondasunak edo zerbitzuak ematen dizkieten sektoreetako jardueren sarrerak kontrolatzea izan dezan, neurri handi batean, eskudirutan kobratzen baitira.

Euskal erakundeek zergen arloan dituzten helburu nagusietako bi zergapekoei zerga betebeharrak betetzen laguntzea eta iruzur fiskalaren aurka borrokatzea dira, pertsona guztiek, nork bere ahalmen ekonomikoaren arabera, karga publikoei eusten laguntzen dutela bermatzeko, horixe baita ongizate estatua eraikitzeko oinarrizko elementua, hau da, gure herrian adostasun sozial eta politiko zabalena duen elkarbizitza eredua eraikitzeko.

Ikuspegi bikoitz horretatik, erakundeak etenik gabe ari dira erabiltzen dituzten lan sistemak eta prozedurak hobetzen eta modernizatzen, zergadunen betebeharrak ahalik eta gehien errazteko helburuz, eta, aldi berean, zerga iruzurraren aurkako borrokaren eraginkortasuna eta eragingarritasuna areagotzeko ahaleginak eta bi egiten dituzte, zerga betebeharrak borondatez betetzen ez dituzten eta, hortaz, gainerako herritarrekiko elkartasunik eza erakusten duten pertsonen kontra.

Hala, helburu bikoitz hori gauzatzeko, EAEko foru ogasunek informazioaren eta komunikazioaren teknologien aurrerapenek eskura jartzen dizkieten bitarteko guztiak erabiltzen dituzte; inguruabar horretan, jarduera ekonomikoak garatzen dituzten zergadunekiko laguntzari eta kontrolari dagokionez, TicketBAI dugu elementurik berritzaileenetako bat. Horren helburua da jarduera ekonomikoak garatzen dituzten pertsonek eta erakundeek egindako salmenta eragiketa guztien aitorpena bermatzea, arlo horretan, gure inguruko herrialdeek izan duten eskarmentua aintzat hartuta eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (aurrerantzean, ELGA) 2013an eta 2017an egindako txostenetan jasotako gomendioen arabera. Txostenen izenburua hauxe da: “Salmenten ezabatze elektronikoa: zerga sarreretarako mehatxua” eta “Zerga ihesari eta zerga iruzurrari aurre egiteko tresna teknologikoak”, hurrenez hurren. Bi horiei 2019ko martxoaren 28an argitaratutako txostena gehitu behar diegu: “Implementing Online Cash Registers: Benefits, Considerations and Guidance” izenburuko txostena.

volver atrás  Itzuli