3.1. Bada TicketBAI sistematik salbuesteko kasurik? - araba
3.1. Bada TicketBAI sistematik salbuesteko kasurik?
Bai, badira.
1. TicketBAI betebeharretik salbuetsita daude zergapetze pertsonalean salbuespen subjektiboa duten pertsonak. Hala, ez daude behartuta Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arauaren (SZFA) 12. artikuluaren 1. paragrafoak jasotzen dituen erakunde salbuetsiak.
2. Salbuetsita daude, halaber, Irabazi xederik gabeko erakundeen zerga araubideari eta mezenasgoaren zerga pizgarriei buruzko abenduaren 23ko 35/2017 Foru Arauak arautzen duen irabazteko xederik gabeko erakundeen araubidea aplikatu behar zaien pertsonak, baita Sozietateen gaineko zerga dela eta kargapean eta salbuetsita dauden errentengatik ere.
3. Era berean, SZFAren 12. artikuluaren 2. paragrafoan jasotzen diren eta zati batean partzialki salbuetsita dauden erakundeek zerga oinarrian integratu beharreko errentak dituzten eragiketengatik soilik bete beharko dute TicketBAI betebeharra.
Hortaz, zerga oinarrian jaso behar ez diren errentak ez dira TicketBAIren arabera fakturatu behar.
4. TicketBAI betebeharra betetzetik salbuetsita egongo dira Balio Erantsiaren gaineko Zergaren nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako araubide bereziari loturik tributatzen dutenak, faktura egiteko betebeharra maiatzaren 28ko 18/2013 Foru Dekretuaren bidez onartutako fakturazio betebeharrak arautzen dituen araudiaren 16. artikuluaren 1. paragrafoak jasotzen duen ordainagiria igorriz betetzen dela ulertzen den eragiketetan.
5. Salbuetsita daude zerga pertsonalaren ondorioetarako jarduera ekonomikorik ez egiteagatik TicketBAI sistemaren mende ez dauden pertsona fisikoak, hala nola higiezinen errentatzaileak; izan ere, kapital higiezinaren etekinak jasotzeagatik ordaintzen dituzte zergak haien zergapetze pertsonalean.
6. Zergadunek ez dute TicketBAI betebeharra bete beharko, honako eragiketei dagokienez:
- a) Maiatzaren 28ko 18/2013 Foru Dekretuak onartu zuen eta fakturazio betebeharrak arautzen dituen araudiaren 5. artikuluak xedatutakoaren arabera, eragiketaren hartzaile den pertsonak edo erakundeak faktura egiteko betebeharra era materialean betetzen duenean, baldin eta pertsona edo erakunde horri eskatzerik ez badago Arabako Lurralde Historikoaren zerga araudiak xedatutako TicketBAI betebeharra, edo Bizkaiko nahiz Gipuzkoako lurralde historikoetan ezartzen den antzeko obligazioren bat
- b) Maiatzaren 28ko 18/2013 Foru Dekretuak onartu zuen eta fakturazio betebeharrak arautzen dituen araudiaren bigarren eta bosgarren xedapen gehigarriek jasotzen dituztenak.
- c) Atzerrian dauden establezimendu iraunkorren bidez egindako eragiketen faktura edo egiaztagirietan dokumentatzen direnak.
7. Ogasun Zuzendaritzak, interesdunak aldez aurretik eskatuta, TicketBAI betebeharretik salbuestea ebatzi ahal izango du honako kasu hauetan:
- a) Enpresa sektoreei, profesionalei edo enpresa jakinei dagokienez, dagokion sektoreko merkataritza edo administrazio jardunbideek justifikatzen dutenean, edo, bestela, enpresa edo lanbide jardueren garapenean nahasmenik ez sortzeko.
- b) Betebeharra betetzea eragozten duten salbuespenezko inguruabar teknikoak dituzten eragiketei dagokienez. Salbuespen hori aldi baterakoa izango da, eta eragiketa horien betebeharrak bete ahal izateko beharrezkoak diren egokitzapenak egiteko konpromisoa hartu beharko da; hala, ondorioak amaitu egingo dira salbuespena erabakitzea eragin zuten salbuespenezko inguruabarrik jada ez dela egiaztatzen denean.
8. TicketBAI betebeharretik salbuetsita egongo dira Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Foru Arauaren 20.Bat.16 eta 18. artikuluetan, a) apartatutik n) apartatura, zehaztutako zerbitzu emateak, honako kasu hauetan izan ezik:
- a) Aplikatu beharreko kokapen arauen arabera, zerga aplikatzen den lurraldean edo Europar Batasuneko beste estatu kide batean egindakotzat jotzen badira eta zergaren kargapean badaude eta salbuetsita ez badaude.
- b) Aplikatu beharreko kokapen arauen arabera zergaren aplikazio lurraldean egintzat jotzen badira edo Kanarietan, Ceutan edo Melillan egintzat, eta kargapekoak badira eta salbuetsita badaude, eta aseguru erakundeak, inbertsio kolektiboko erakundeen kudeaketa sozietateak, pentsio funtsen kudeaketa erakundeak, titulizazio funtsak eta haien kudeatzaileak edo kreditu erakundeak ez diren enpresari eta profesionalek egiten badituzte, haien jarduera ekonomikoaren egoitzaren edo aipatutako lurraldean dagoen establezimendu egonkorraren bitartez.
9. 9/2022 Zerga Premiazko Araugintzako Dekretuaren 1. artikuluaren arabera:
“1. TicketBAI betebeharra betetzetik salbuetsita geratzen dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunak diren pertsona fisikoak, baldintza hauek betetzen badituzte:
- a) 2021eko abenduaren 31n jarduera ekonomiko bat egiten aritzea.
- b) Egun horretan 60 urte edo gehiago izatea.
- c) Talde honetakoa ez izatea: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2.c) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, elkargo bateko kide izateko betebeharra duen jarduera profesional batean jarduteagatik Administrazioarekiko harremanak bitarteko elektronikoen bidez izan behar dituzten pertsona fisikoak.
- d) 2021ean ez izatea besteren konturako langilerik kontratatuta.
Ez da beharrezkoa izango d) letra honetan ezarritako baldintza betetzea, baldin eta 2021. urtean besteren konturako langileak aldi baterako kontratatu badira eta jarduera ekonomikoa garatzen duen zergadunaren gaixotasunagatik edo ezinbestezko kausagatik izan bada.
2. Aurreko apartatuan xedatutakoa honako hauei ere aplikatuko zaie: sozietate zibilei, nortasun juridikoa izan zein ez; jaso gabeko jaraunspenei; ondasun erkidegoei, eta Arabako Zergei buruzko otsailaren 28ko 6/2005 Foru Arau Orokorrak 35.3 artikuluan aipatzen dituen gainerako erakundeei, baldin eta zergak errenta egozpeneko araubidean ordaintzen badituzte eta bertan jasotako baldintzak betetzen badituzte. Ondorio horietarako, aurreko apartatuko b) eta c) letretan ezarritako baldintzak bazkide, jaraunsle, erkide edo partaide guztiek bete beharko dituzte.”
Besteren konturako langilei dagokionez, jardueraren titularraren autonomo laguntzaileak besteren konturako langileen parekotzat hartzen dira.
Jardueraren titularrarekin lan egiten duten eta harekin ahaidetasun harremana duten pertsonak, ordenamenduaren beste adar batzuetan autonomo laguntzaile izaera edo izendapena izan dezaketenak, besteren konturako langiletzat hartuko dira, baldin eta titularrak jardueraren gastuetan sartu badu haiei ordaindutako soldata Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenetan.
10. Erregelamendu bidez zehazten direnak.
