Errepideak eta Garraioak - Arabako Foru Aldundia - araba
- Errepideak eta mugikortasuna
- Ayudas directas al transporte

Errepideak eta mugikortasuna
Errepideak, mapak, garraiolari profesionalentzako zerbitzuak, mugikortasuna, autobusak…
Garraiorako zuzeneko laguntzak
HAC/674/2026 Aginduak ezarritako betebehar berriak, 7/2026 Errege Lege Dekretuaren 55. eta 58. artikuluetan aurreikusita dauden garraiorako zuzeneko laguntzei dagokienez
2026ko uztailaren 4an, HAC/674/2026 Agindua argitaratu zen BOEn, 7/2026 Errege Lege Dekretuaren 55. artikuluan (gasolio profesionala) eta 58. artikuluan (ibilgailu bakoitzeko laguntza zuzena) aurreikusitako garraiorako laguntzak Europako Batzordearen Estatu Laguntzen Aldi Baterako Esparrura (METSAF) egokitzen dituena.
Arabako Foru Aldundiak laguntza horiek kudeatzeko behar diren erantzukizunpeko adierazpenen ereduak prestatu ditu.
1. Onuradunentzako baldintza berriak
Honako hauek ezin izango dituzte laguntzak jaso:
- Berreskuratzeko agindu baten mende dauden enpresak, Europako Batzordeak legez kanpokotzat eta bateraezintzat jotako laguntzak jaso dituztelako.
- 2026ko otsailaren 28a baino lehen krisi egoeran zeuden enpresa ertain eta handiek
- Krisian dauden mikroenpresak eta enpresa txikiak aginduan xedatutako salbuespenak gertatzen direnean bakarrik izan daitezke onuradun.
Egoera horietako batean dauden onuradunek dagokion erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute .
2. 58. artikuluko laguntzaren onuradunak (ibilgailu bakoitzeko zuzeneko laguntza)
Oro har, laguntza hauek METSAFen aurreikusitako araubide sinplifikatuaren mende egongo dira, eta 50.000 euroko gehieneko muga izango da enpresa bakoitzeko.
Hala ere, onuradunek benetako kostuetan oinarritutako araubidea aukeratu ahal izango dute. Araubide horren bidez, erregaiaren prezioaren igoerak eragindako gainkostu errealaren % 70erainoko laguntza jaso ahal izango dute, horretarako dagokion erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu eta benetako kontsumoak egiaztatuta.
3. 55. eta 58. artikuluetako laguntzak batera jasotzen dituzten onuradunak.
Gasolio profesionalaren laguntza (55. artikulua) eta ibilgailu bakoitzeko zuzeneko laguntza (58. artikulua) aldi berean jasotzen dituzten enpresek:
- Erregaiaren benetako gainkostuaren % 70eko muga izango dute nahitaez.
- Benetako kontsumoak jakinarazten dituen erantzukizunpeko adierazpen espezifiko bat aurkeztu beharko dute.
- Jasotako laguntzen guztizko zenbatekoak muga hori gainditzen ez duela adierazi beharko dute.
- Ez da 58. artikuluko laguntza ordainduko adierazpena aurkeztu arte.
4. Dokumentazioa gordetzeko betebeharrak
Onuradunek 10 urtez gorde beharko dituzte honako hauek:
- Erregaia hartu izanaren fakturak eta egiaztagiriak.
- Kontsumo erregistroak.
- Jasandako gainkostua egiaztatzen duen dokumentazioa
- Eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko beharrezkoa den gainerako dokumentazioa
5. Ez-betetzearen ondorioak
Eskatutako erantzukizunpeko adierazpenak ez aurkezteak edo ez-betetzeak egiaztatzeak honako ondorio hauek ekar ditzake:
- Laguntza ukatzea
- Jasotako zenbatekoak itzuli behar izatea
- Dagozkion interesak eskatzea
6. Operadoreentzako gomendioak
7/2026 Errege Lege Dekretuaren 55. eta 58. artikuluetan xedatutako laguntzen onuradun diren enpresa guztiei gomendatzen zaie beren egoera berrikustea eta, hala badagokio, Arabako Foru Aldundiak egoitza elektronikoan gaitutako erantzukizunpeko adierazpenak aurkeztea, bai eta erregaien kontsumoei eta kostuei buruzko egiaztagiri guztiak gordetzea ere.
________________________________________
Informazio ohar hau 2026ko uztailaren 2ko HAC/674/2026 Aginduan oinarrituta prestatu da, Agindu hori 2026ko uztailaren 4an argitaratu zen BOEn