Arabako Garraioaren Arbitraje Batzordea

Arabako Garraioaren Arbitraje Batzordea kide anitzeko erakunde organoa da, Arabako Foru Aldundiak sortua eta bere tutoretzapekoa, erabakiak hartzean independentziaz eta legeari jarraikiz jokatzen duena.

Gatazkak judizioz kanpo eta doan ebazten ditu; epaitegien alternatiba da, eta bere ebazpenek, laudoak deritzenek, epai judizial baten ondorio berberak izaten dituzte.

Erreklamazio mota: eskumen materiala

Bere eginkizuna, nagusiki, honako hauek ebaztean datza: merkataritza arloko erreklamazioak, eduki ekonomikoa dutenak, lurreko garraio kontratuak betetzearen eta jarduera lagungarriak eta osagarriak ematearen ondoriozkoak.

Pertsona batek Arbitraje Batzordean erreklamazio bat aurkezten duenean, salatutako enpresak arbitrajeari men egitea onartzeko betebeharra du, baldin eta eskatzen den zenbatekoa 15.000 eurotik gorakoa ez bada eta alde biek aurrez eta espresuki beste organo bati men egitea adostu ez badute. Zenbatekoa handiagoa denean, aldeek Batzordearen pean borondatez jartzen direla adostu behar dute espresuki.

Jarduera esparruak honako garraio hauek hartzen ditu barnean:

  • Hiri barrukoak (autobusak, taxiak, tranbiak…) eta hiri artekoak (autokarrak, taxiak, trenak...).
  • Merkantzien garraioa (karga osoa, zatitua eta abar) eta bidaiarien garraioa (erregularra, berezia, turistikoa, ibilgailuen alokairua eta abar).

Eskumenak barnean hartzen ditu estatuko garraioak zein nazioartekoak, baita garraio intermodalak ere, hau da, garraio mota bat baino gehiagotan egin arren, kontratu bakar batean formalizatu direnak, baldin eta mota horietako bat lurrekoa bada (errepidez eta itsasoz, trenbidez eta airetik eta abar).

Batzordeak inola ere ezin ditu lan, zigor edo zerga arloko auzigaiak ebatzi. Bidaiarien arloan, adibidez, honako egoera hauetan eman dezake ebazpena:

  • Garraio baldintzak bete ez direnean.
  • Bagajeak galdu edo kaltetu direnean.
  • Ibilgailuak alokatzeko kontratuak bete ez direnean.

Bestalde, salgaien arloan, halakoetan ebatz dezake:

  • Garraioaren fakturak ordaindu ez direnean.
  • Salgaiak galdu edo kaltetu direnean edo entrega atzeratu denean.
  • Ezarritako tarifa bete ez denean.

Erreklamazioak ebazteaz gain, honako hauek egiteko eskumena du Arbitraje Batzordeak:

  • Garraiatzen diren salgaiak gordetzea eta, hala badagokio, besterentzea adosteko eskumena, azaroaren 11ko 15/2009 Legean, merkantzien lurreko garraioaren kontratuenean, ezarritakoaren arabera.
  • Peritu lanak egiteko eskumena, 15/2009 Legearekin bat.

Non aurkeztu erreklamazioa: lurralde eskumena

Arabako Garraioaren Arbitraje Batzordea gatazka bat ebazteko eskuduna da, baldin eta:

  • Araba bada garraioaren abiapuntua edo helmuga.
  • Zerbitzua ematen duen enpresaren helbidea Araban badago.
  • Erreklamazioa jartzen duen kontsumitzaile eta erabiltzailearen ohiko bizilekua Araban bada.

Erreklamaziogileak aukera dezake eskumena duten batzordeetako zeinetan aurkeztu erreklamazioa, aldez aurretik eta idatziz batzorde zehatz baten pean jartzea hitzartu ez badu.

Salgaiak gorde, besterendu eta dagozkien peritu txostenak egiteko, Arabako Arbitraje Batzordea eskuduna izango da, baldin eta salgaiak Araban badaude.

IZAPIDETU

Arabako Batzordearen osaera

Arabako Garraioaren Arbitraje Batzordea Foru Aginduaren bidez izendatutako lau pertsonak osatzen dute:

  • Batzordeburua, Garraioak Ikuskatzeko Zerbitzuko funtzionarioen artean izendatua, Zuzenbidean lizentziatura edo gradua duena.
  • Batzordekidea, bidaiarien garraioarekin zerikusia duten erreklamazioetan erabiltzaileak eta salgaien garraioari buruzkoetan enpresa kargatzaileak ordezkatzen dituena. Lehenengo kasuan, izendapena Arabako kontsumitzaile eta erabiltzaileen proposamena aintzat hartuta egingo da; bigarrena, aldiz, enpresa kargatzaileak ordezkatzen dituzten elkarteek proposatuko dute, edo Arabako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak.
  • Batzordekidea, bidaiariak autobusez edo trenez garraiatzen dituzten, salgaiak garraiatzen dituzten edo zerbitzu lagungarri eta osagarriak ematen dituzten enpresen ordezkaria, eztabaida motaren arabera.
  • Idazkari batzordekidea, Garraioak Ikuskatzeko Zerbitzuko funtzionarioen artean izendatua, Zuzenbidean lizentziatura edo gradua duena. Jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea dagokio, baita ziurtagiriak igortzea eta prozedurak, eraketarako nahiz erabakiak hartzeko erregelak errespetatzen direla bermatzea ere.

Prozedura

Arbitraje Batzordearen prozedurari dagokionez, honako ezaugarri hauek ditu: azkartasuna, erraztasuna eta doakotasuna. Bestalde, honako urrats hauek betetzen ditu prozedurak:

Erreklamaziogileak urrats hauek egin behar ditu:

  • Batzordeari zuzendutako erreklamazio idazki bat egin edo eredu normalizatua bete, egitateak eta eskaera adierazita; eskaerak, nolanahi ere, ekonomikoa izan beharko du.

  • Kontratua egotea egiaztatzen duten dokumentuen kopia erantsi (adibidez, autobuseko edo treneko txartela).
  • NANaren edo antzeko identifikazio agiriaren kopia erantsi eta, hala badagokio, ordezkaritzaren egiaztagiria, erreklamaziogileak enpresa baten izenean badihardu edo bistan beste pertsona bat –ez erreklamaziogilea– agertuko bada.

  • Azaldutako egitateak egiaztatzen dituzten frogak proposatu edo entregatu.

Erreklamazioa honela aurkez daiteke:

Batzordeak erreklamazioa ebazteko eskuduna den aztertu behar du, hau da:

  • Erreklamazioa merkataritza arloko garraio kontratu baten betetzeari buruzkoa den begiratu behar du.
  • Lurraldearen aldetik, Batzordeari dagokion aztertu behar du.

Onartuz gero, Batzordeak jakinarazpena bidaliko die alde biei (erreklamaziogileari eta erreklamatuari), Foru Aldundiko bulegoetan egingo den ahozko bistaren eguna eta ordua adierazita.

Batzordeak erreklamazioa onartu ezean, erabaki arbitralaren berri erreklamaziogileari emango dio, onartu ez izanaren arrazoiak azalduta.

Erreklamazioaren zenbatekoa 100 euro baino gehiagokoa ez bada, batzordeburuak ahozko bistarik ez egitea erabaki dezake. Kasu horretan:

  • Erabakiaren berri erreklamaziogileari emango dio.
  • Egoera erreklamatuari jakinaraziko dio eta hamar eguneko epea emango dio, alegazioak aurkez ditzan.

Ahozko bistaren egunean alde bakoitzak bere alegazioak aurkeztu beharko dizkio Arbitraje Batzordeari.

  • Erreklamaziogilea bera edo bere ordezkaria agertzen ez bada, erreklamazioan atzera egin duela ulertuko da, salatutakoak aurkakotasunik adierazi ez badu. Kasu horretan, behin betiko ebazpena eskatzeko interes legitimoa duela onartu behar du Batzordeak.
  • Erreklamatua agertzen ez bada, prozedurak aurrera jarraituko du.

Laudoa eztabaida ebazten duen ebazpen arbitrala da. Epai judizial irmo baten ondorio berberak izaten ditu, eta, eman eta gero, aldeek bete egin behar izaten dute.

Laudoa Batzordeko kideen gehiengo soilez ematen da. Berdinketa gertatuz gero, batzordeburuaren kalitateko botoak erabakitzen du. Batzordekideetako bat (batzordeburua izan ezik) bertaratzen ez bada, ez da oztopoa izango bista egiteko, ezta laudoa emateko ere; batzordeburuaren presentzia, aldiz, nahitaezkoa da.

Laudoen artean, honako hauek bereiz daitezke:

  • Erreklamazioa zati batean edo osorik onesten duena.
  • Erreklamazioa ezesten duena.
  • Adiskidetzekoa. Aldeak ahozko bistan ados jartzen dira eta adostutakoa laudo batean adierazteko eskatzen diote Batzordeari.

Halaber, Batzordeak, ahozko bista egin eta frogak aztertu ondoren, erreklamazioa ez onartzea erabaki dezake, eskumenik ez duelako, aldeetako batek legitimaziorik ez duelako, egintzak preskribatu duelako edo beste arrazoi batzuk daudelako.

Arabako Garraioaren Arbitraje Batzordeak laudoa eman ondoren, aldeek:

  • Batzordeari eska diezaiokete, beste aldeari jakinarazita, laudoa zuzendu, argitu edo osatzeko, baita muga gainditzea zuzentzeko ere, jakinarazpena jaso eta hurrengo hamar eguneko epean.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian laudoa ezeztatzeko egintza aurkez dezakete, Arbitrajeari buruzko abenduaren 23ko 60/2003 Legearen 41. artikuluan jasotako arrazoietako batean oinarrituta; horretarako, jakinarazpena jaso eta hurrengo bi hilabeteko epea izango dute edo, laudoa zuzendu, argitu edo osatzeko eskaera aurkeztu bada, horri buruzko ebazpenaren berri jasotzen denetik hasita edo erabakia hartzeko epea amaitzen denetik hasita.
  • Nahitaezko betearazpena eska dezakete Vitoria-Gasteizko Lehen Auzialdiko Epaitegian, 1/2000 Legeak, Prozedura Zibilarenak, urtarrilaren 7koak, 545.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, hogei eguneko epean, beste aldeak laudoa betetzen ez badu. Horretarako, emandako laudoaren agiria eskatu behar zaio Arabako Garraioaren Arbitraje Batzordeari.

Aplikatu beharreko araudia, besteak beste: