Errepide bidezko garraiorako baimenak

Salgaiak eta bidaiariak errepidez garraiatu ahal izateko, baimena lortu behar da. Baimena izapidetu eta emateko eskuduna den administrazioa, oro har, enpresaren egoitza fiskala dagoen tokikoa da, eta Arabako Lurralde Historikoan Foru Aldundiari dagokio. Baimena emanez gero, kontsulta publikoko Garraio Enpresen eta Jardueren Erregistroan inskribatzen da.

Baimenak publikoak edo pribatu eta osagarriak izan daitezke:

  • Publikoak: garraioa jarduera nagusi duten enpresentzat. Eskaera aurkezten duten pertsona juridikoek nortasun propio eta independentea izateaz gain, irabazi asmoz jardun behar dute, eta garraio publikoa sozietatearen helburua osatzen duela beren eskrituretan adierazi.
  • Pribatu osagarriak: garraioa ez den beste jarduera bat nagusi duten baina, beren helburuak betetzeko, beharrezko zerbitzu osagarri moduan, salgaiak edo pertsonak garraiatu behar dituzten enpresentzat.

Baimenak gaiaren arabera ere sailka daitezke: salgaiak garraiatzekoak edo bidaiariak garraiatzekoak.

Salgaiak eta bidaiariak errepidez garraiatzeko baimena ez da beharrezkoa izango honako kasu hauetan (Lurreko garraioak antolatzeko Arautegiaren 33. artikulua):

  • Baimendutako gehieneko abiadurari dagokionez, orduko 40 kilometro gainditzen ez duten ibilgailuei.
  • Ibilgailu horietan soilik erabiltzeko makina edo gailu finkoak dituzten ibilgailuetan egiten den garraioa (ekipo elektrogenoetan, garabietan, zundaketak egiteko ekipoetan eta abarretan). Salbuespenak barnean hartzen ditu behar bezala funtzionatzeko edo zerbitzuak egoki emateko behar diren piezak, tresnak eta gainerako elementu osagarriak.
  • 3 gurpil baino gutxiagoko ibilgailuetan garraiatzea.
  • Salgaiak 2 tona baino gehiagokoa ez den gehieneko masa baimendua (GMB) duten ibilgailuetan garraiatzea.
  • Esparru itxietan soilik egiten den garraioa, lurreko garraioa ez den jarduerak egitekoa, administrazioak, inguruko garraioan eragin berezia dela eta, baimena lortzeko betebeharra ebazpen arrazoituaren bidez espresuki ezarri ez badu.
  • Bidaiariak garraiatzeko ibilgailuek eramaten dituzten atoietan ekipajeak garraiatzea.
  • Etxeko zaborra eta zikinkeria horretarako bereziki egokitutako ibilgailuetan edo toki erakundeak horretarako erosi dituen ibilgailuetan garraiatzea.
  • Dirua, baloreak eta salgai bitxiak horretarako bereziki egokitutako ibilgailuetan garraiatzea.
  • Sendagaiak, gailu eta ekipamendu medikoak eta larrialdiko laguntza emateko, batez ere hondamendi naturaletan, behar diren beste gai batzuk garraiatzea.
  • Gidabaimena edo Gidarien Gaitasun Agiria (GGA) lortzea helburu duten eskola praktikoak ematean egiten den garraioa.
  • Ibilgailu Historikoen Erregelamenduan jasotako definizioarekin bat, historikoak diren ibilgailuak garraiatzea.

Salgaiak edo bidaiariak garraiatzeko baimen bat lortu nahi duten edo horietako bat dagoeneko lortu duten enpresa edo profesionalek honako izapide hauek egin ditzakete:

  • Baimenaren alta (Lurreko garraioak antolatzeko Arautegiaren 44. artikulua): Garraio baimen bat lortzeko eskabidea da. Motaren arabera, eskatzaileak baldintza batzuk edo besteak bete behar ditu, eta ibilgailuek gehieneko antzinatasuna izan behar dute.
  • Baimena eskualdatzea (Lurreko garraioak antolatzeko Arautegiaren 45. artikulua): Lehendik dagoen baimen publiko baten eta dagozkion ibilgailu guztien titulartasunaren aldaketa da. Kasu horietan, flotak bere batez besteko antzinatasuna gordetzen du.
  • Oniritzia (Lurreko garraioak antolatzeko Arautegiaren 42. artikulua): Enpresak baimena jasotzeko eskatzen zaizkion baldintzak betetzen jarraitzen duela aldizka egiaztatzea da. Oniritzia bi urtekoa izaten da, Sustapen Ministerioak onetsi duen egutegiarekin bat, hiriarteko taxientzako baimenen (VT-N) kasuan izan ezik, horietan oniritzia lau urterako ematen delako. Enpresak oniritzia emateko izapidea egiten ez badu edo izapidean zehar antzemandako ez betetze bat zuzentzen ez badu, baimena aldi baterako kendu egiten da.
  • Baimena berriz gaitzea (Lurreko garraioak antolatzeko Arautegiaren 42.3 artikulua): Aldi baterako indargabetu den baimena berriz indarrean jartzea ahalbidetzen duen izapidea da. Aldi baterako indargabetzeko arrazoia oniritzirik eza izan bada, titularrek urtebeteko epea daukate baimena berriz gaitzeko. Egin ezean, baja emango zaie eta enpresak behin betiko galduko du baimena.
  • Ibilgailuaren alta (Lurreko garraioak antolatzeko Arautegiaren 44. artikulua): Lehendik dagoen baimenari ibilgailu berri bat atxikitzea da. Bidaiariak autobusez garraiatzeko zerbitzu publikorako baimenetan eta zerbitzu pribatu osagarrirakoetan ez da gutxieneko antzinatasuna eskatzen; salgaien garraio publikoan, aldiz, ibilgailuak gehitu ondoren flotaren batez besteko antzinatasuna ez handitzea eskatzen da.
  • Ibilgailua ordeztea (Lurreko garraioak antolatzeko Arautegiaren 44. artikulua): Ibilgailuaren altan bezala, salgaien garraio publikoan, ibilgailu baten ordez jarritako ibilgailuak ezin du flotaren batez besteko adina igo. Gidaridun ibilgailuak alokatzeko baimenen kasuan (VTC-N), ibilgailuaren antzinatasuna ezin da 10 urtetik gorakoa izan; taxien kasuan (VT), aldiz, gehienez ere bi urtekoa izan daiteke.
  • Ibilgailua desatxikitzea (Lurreko garraioak antolatzeko Arautegiaren 44. artikulua): Baimenean agertzen den ibilgailu bat kentzea da. Enpresak nahi dituen ibilgailuak edozein unetan ken ditzake baimenetik. Baimenari lotutako azkena denean, baimena aldi baterako indargabetu egingo da, eta berriz gaitzearen zain geratuko da, hurrengo oniritzia jaso arte. Hurrengo oniritzia jaso aurretik berriz gaitzen ez bada, enpresak galdu egingo du baimena (Lurreko garraioen antolamenduari buruzko Legearen 52. artikulua).
  • Helbidea aldatzea (Lurreko garraioak antolatzeko Arautegiaren 37.3 artikulua): Enpresa batek bere egoitza fiskala beste lurralde historiko edo beste autonomia erkidego batetik Arabako Lurralde Historikora aldatzen badu, baimeneko helbidea aldatzeko eskatu behar du, eta eskatzen zaizkion baldintzak egiaztatu.
  • Baimenari uko egitea. Enpresak duen baimen baten behin betiko baja emateko borondatez eskatzea da.

Salgaien garraio baimenak

Bidaiariei lotutako baimenak