Garraio kudeatzailea

Garraio kudeatzailea salgaiak edozein motatako ibilgailuetan (MDP) edo bidaiariak autobusez (VD) garraiatzeko zerbitzu publikorako baimenen titularrak diren edo garraio operadoreak (OT) diren enpresetan nahitaez egon behar duen profesionala da.

Profesional horrek konpetentzia profesionalaren ziurtagiria izan behar du, eta bi bidetatik lortzen da:

  • Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duen irailaren 28ko 1211/1990 Errege Dekretuaren II. eranskinean araututako azterketa gainditu ondoren. 2022tik, Foru Aldundia arduratzen da Araban probak kudeatzeaz eta deitzeaz.
  • Garraio eta Logistikako goi-mailako teknikariaren hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako titulua baliozkotzea (titulu hori Garraio eta Logistikako goi-mailako teknikariaren titulua ezarri eta gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituen azaroaren 4ko 1572/2011 Errege Dekretuan araututa dago), edo unibertsitateko edo goi-mailako lanbide-heziketako tituluak lortzea (titulu horiek lortzeko 1071/2009 (EE) Erregelamenduaren I. eranskinean jasotako programa osatzen duten gai guztiak aztertu behar badira).

Kudeatzaileak zintzotasunaren betekizuna bete behar du eta egiazko lotura izan behar du enpresarekin. Harremana dagoela honako kasu hauetan jotzen da:

  • Baimenaren titularra pertsona fisiko bat denean:
    • Titularrak berak bete ditzake kudeatzailearen eginkizunak. Kasu horretan, Gizarte Segurantzaren erregimen egokian alta emanda egon behar du.
    • Titularrak kudeatzailearekin ahaidetasun harremana badu, Gizarte Segurantzaren Langile Autonomoen Araubide Berezian alta eman ahal dio, baldin eta araudi aplikagarriak hori uzten badu.
    • Bestela, kudeatzaile bat lanaldi osorako kontratatu behar du eta Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean alta eman behar dio, administrazio eta lantegi buruen mailako kotizazio talde batean, ez beheragokoan.

Salbuespen moduan, lanaldi partzialerako kontratatutako pertsonek, 2019ko otsailaren 21ean –kudeatzailearen figurari buruzko erregulazio berria indarrean jarri zen egunean– pertsona fisiko baten kudeatzaile gisa aritu zirenek, lanaldi partzialean lan egiten jarrai dezakete, baldin eta Gizarte Segurantzaren erregimen egokian alta emanda badaude eta baimenaren titulartasuna aldatzen ez bada.

  • Titularra pertsona juridikoa denean, bi aukera daude:
    • Kudeatzailea bazkideetako bat izan daiteke, baldin eta sozietatearen kapitalean duen partizipazioa % 15 edo handiagoa dela eta pertsona hori Gizarte Segurantzaren erregimen egokian alta emanda dagoela egiaztatzen badu.
    • Kudeatzailea lanaldi osorako kontratatutako langilea izan daiteke, baldin eta Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean alta emanda badago, administrazio eta lantegi buruen mailako kotizazio talde batean, ez beheragokoan.
IZAPIDETU

 

Pertsona batek hainbat pertsona juridikoren kudeatzaile gisa jardun dezake, haien kapitalaren % 50 baino gehiago titular bakar batena bada. Kasu horretan, kontratua enpresetako batekin bakarrik izan behar du, agindutako eginkizunak enpresa guztietan bete behar izan arren.

Enpresek une guztietan izan behar dute garraio kudeatzailea. Kudeatzailea ez badago, baimenaren baldintzak ez dira betetzen, eta horrek baimena aldi baterako kentzea dakar ondorioz (Lurreko garraioak antolatzeko Arautegiaren 43. artikulua). Izan ere, Ikuskapen Zerbitzuak urte horretan ikuskatu behar ez diren enpresen % 25ek, gutxienez, kudeatzailea behar bezala dutela kontrolatu behar du urtero.

Salbuespen gisa, mugatutako arrazoiak direla medio eta aldi baterako, kudeatzailerik ez izatea onar dezake Administrazioak:

  • Enpresa baten kudeatzailea hil bada edo aldi baterako ezintasun fisikoa badu, garraio baimenak indarrean jarrai dezake, gehienez ere hiru hilabetez , heriotza edo istripua gertatzen den egunetik hasita, baldin eta oinordekoek edo baimenaren titularrak gertatutakoa egiaztatzen badute.
  • Enpresaburu indibidual batek bere enpresan garraio kudeatzaile gisa diharduenean, heriotzaren edo ezintasun fisikoaren kasuan, nahitaezko oinordekoek jarduerarekin jarrai dezakete, gehienez ere sei hilabetez, horretarako lanbide gaitasunik ez badute ere. Epea beste hiru hilabetez luza daiteke, lanbide gaitasun agiria lortzeko ezintasuna edo zailtasunak egiaztatzen badituzte.

Kudeatzailearen lana enpresaren garraio jarduerak modu eraginkor eta jarraituan zuzentzean datza. Horretarako, honako eginkizun hauek bete behar ditu, gutxienez:

  • Enpresak eska dakizkiokeen baimen eta lizentziak dituela eta jarduera egiteko eskatzen diren baldintzak une guztietan betetzen dituela baieztatzea.
  • Garraio kontratuak eta gainerako merkataritza arloko dokumentazioa, enpresak igorri edo sinatu duena, indarrean dagoen legearen araberakoak direla zaintzea.
  • Enpresak garraio zerbitzuak edo jarduerak egiteko kontratatzen dituen garraiolariak eta garraio operadoreak zerbitzu horiek emateko baimenduta daudela zaintzea.
  • Enpresak garraio jardueraren kontrolerako agiriak igorri, sinatu, erabili eta gordetzeko betebeharrak betetzen dituela zaintzea.
  • Enpresaren kontabilitateak garraio jarduerarekin zerikusia duten eragiketak adierazten dituela zaintzea.
  • Enpresako gidarien lana antolatzea, lanaldia betetzea eta gidatze eta atseden denborak betetzen direla bermatuz.
  • Ibilgailuak zirkulatzeko gaituta daudela, azterketa teknikoak egin direla eta takografoa, abiadura mugatzailea eta gainerako derrigorrezko kontrol tresnak instalatu direla eta funtzionatzeko moduan daudela zaintzea.
  • Enpresako ibilgailuak mantentzeko lanak egiteko irizpideak ezartzea.
  • Gidariek takografoa erabiltzen dakitela eta gidatze eta atseden denbora tarteei buruzko legedia ezagutzen dutela zaintzea.
  • Ibilgailuak eta gidariak zerbitzu bakoitzari esleitzeko modua gainbegiratzea.
  • Gidariek zerbitzuak emateko eska daitezkeen eta indarrean dauden baimen, gaikuntza edo ziurtagiriak badituztela eta zerbitzuaren ezaugarrien araberako garraio baldintzak ezagutzen dituztela bermatzea.
  • Ibilgailuak esleitutako zerbitzuaren ezaugarrietara egokitzen direla, behar bezala seinaleztatuta eta egokituta daudela, eta gidari bakoitzak bere ibilgailuari dagokion kargaren pisua eta gehieneko neurriak eta gehieneko bidaiari kopurua ezagutzen dituela ziurtatzea.
  • Enpresak erabilera orokorreko bidaiarien garraio erregularraren zerbitzu publikoa ematen badu, zerbitzuak kudeaketa kontratuan eta aplikatu beharreko legedian ezarritakoa betetzen duela zaintzea.
  • Enpresak erabilera bereziko bidaiari garraio erregularraren zerbitzua ematen badu, zerbitzuak baimen berezian ezarritako baldintzak betetzen dituela zaintzea.