Bidaiariak autobusez garraiatzeko zerbitzu publikorako (VD) baimenak

Bidaiariak autobusez garraiatzeko zerbitzu publikorako baimenek zerbitzua estatu osoan, era profesionalean eta ordainsariaren truke ematea ahalbidetzen dute.

Egoitza fiskala Araban duten enpresek, oro har, lurralde historiko horretan izan behar dute baimen horiei lotutako kokapena. Beste toki batean egin nahi izanez gero, garraioa ez dela beren jarduera nagusia, eta ustiaketa batez ere lurralde historiko horretan egiten dela egiaztatu behar dute.

IZAPIDETU

VD motako baimena eskuratzeko, honako baldintza hauek bete behar dira:

  • Espainiako edo Europar Batasuneko beste estatu bateko nazionalitatea edukitzea, edo atzerritarren erregimen orokorraren baimenak edukitzea, jarduera norberaren izenean egin ahal izateko.
  • Pertsona fisikoa ez bada, nortasun juridiko propioa eta independentea izateaz gain, irabazi asmoz jardun behar du, eta garraio publikoak sozietatearen helburuetako bat izan behar du. 
  • Espainian helbide bat izan behar du, non kudeaketa eta funtzionamenduari buruzko dokumentuak gordeko dituen, Lurreko Garraioaren Ikuskaritza Zerbitzuen eskura.
  • Helbide eta sinadura elektronikoa eta beharrezko ekipamendu informatikoa eduki behar ditu.
  • Zerga, lan eta gizarte arloko betebeharrak bete behar ditu:
    • Zergapekoen Erroldan alta emanda egotea, baimena motaren araberako garraio jarduerari dagokion epigrafean.
    • Gizarte Segurantzaren erregimenean inskribatuta egotea.
    • Estatuarekin, Gizarte Segurantzarekin eta AFArekin zorrik ez izatea epe exekutiboan.
  • Espainian matrikulatutako ibilgailu bat (gutxienez) edukitzea, jabetzan, finantza errentamenduan edo errentamendu arruntean; eta eskaera aurkezten den unean, ibilgailu horri lehen aldiz matrikula jarri zitzaionetik bi urte baino gehiago ez igarotzea.
  • Garraio kudeatzailearen lana egiten duen pertsona fisiko bat edukitzea.
  • Kudeatzaileak eta baimenaren titularra den pertsona fisiko zein juridikoak zintzotasunaren betekizuna bete behar dute.
  • Establezimendu bat edukitzea, non honako hauek gordeko diren: kontabilitate agiriak, langileen kudeaketari buruzkoak, gidatze eta atseden denborei buruzkoak eta egiten duen garraio jarduerarekin zerikusia duten gainerako agiriak.
  • Behar besteko finantza ahalmena edukitzea eta konkurtsoan edo kaudimengabe deklaratua ez izatea, egoera horretatik salbuesten duen ebazpen arrazoiturik ez badago. Ahalmena honela zehazten da:
    • Pertsona juridikoa: kapitala eta erreserbak batuta gutxienez 9.000 euro izatea, ibilgailu bakar batekin jarduten badu, eta beste 5.000 euro, ibilgailu gehigarri bakoitzeko.
    • Pertsona fisikoa: ibilgailuak jabetzan, finantza errentamenduan edo gutxienez 24 hilabeteko eperako errentamendu arruntean edukitzea, horien artean hamabi urtetik gorako antzinatasuna duen ibilgailurik ez egotea (lehenengo matrikula kontuan hartuta).

Titularrak baldintza horiek betetzen ez baditu, honako hauek aurkeztu beharko ditu:

  • Finantza entitate batek edo aseguru etxe batek emandako bermea, hartzekodunen aurrean bermatzaile solidario moduan aritzeko, finantza ahalmen gisa eskatzen den zenbatekoaren neurrian.
  • Finantza entitate batek adierazitako zenbaterainoko kreditua lortzeko aukera bermatzen diola frogatzen duen dokumentazioa.