Salgaiak garraiatzeko zerbitzu pribatu osagarrirako (MPC) baimenak
Salgaiak garraiatzeko zerbitzu pribatu osagarrirako (MPC) baimenak
Garraio pribatua partikularra edo osagarria izan daiteke. Salgaien garraioari dagokionez, bereizi behar dira:
- Garraio pribatu partikularra: Gauza pertsonalak edo etxekoak toki batetik bestera eramateko beharrak betetzen ditu. Gehienez ere 6 tonako gehieneko masa baimendua (GMB) duten ibilgailuetan egin daiteke. Salbuespen gisa, GMBa handiagoa izan daiteke, pertsona horrek kirol edo aisialdi jarduera bat egiteko erabiltzen dituen makinak, animaliak edo elementu osagarriak toki batetik bestera eramaten baditu, beren ezaugarriak direla medio, aipatu muga gainditzen ez duen ibilgailu batean eraman ezin direnean.
- Garraio pribatu osagarria: Beren jarduera bestelakoa izan arren, jarduera nagusia garatzeko beharrezkoa den osagarri gisa salgaiak garraiatu behar dituzten enpresek egiten dutena. MPC motako baimena ez da beharrezkoa:
- Salgaiak 3,5 tonatik beherako GMBa duten ibilgailuetan garraiatzeko (Lurreko garraioen antolamenduari buruzko Legearen 103.2 artikulua).
- Administrazioaren organoetan, administrazio jardueran sortzen diren salgaiak garraiatzeko beharrak betetze aldera, barne funtzionamenduko jarduera gisa egiten den garraio ofiziala (Lurreko garraioen antolamenduari buruzko Legearen 103.2 artikulua).
- Orduko 40 kilometro edo gutxiagoko baimendutako gehieneko abiadura duten ibilgailuetan egiten den salgaien garraioa (Lurreko garraioen antolamenduari buruzko Legearen 42.2 artikulua).
- Makina edo gailu finko batzuk dituzten ibilgailuetan egiten den garraioa (ekipo elektrogenoetan, garabietan, zundaketak egiteko ekipoetan eta abarretan), baldin eta makina edo gailu horiek ibilgailu horietan soilik erabiltzekoak badira (Lurreko garraioen antolamenduari buruzko Legearen 42.2 artikulua).
Foru Aldundia da egoitza fiskala Araban duten enpresentzako baimenak izapidetzeko eskuduna. Salbuespen gisa, enpresek beste lurralde historiko edo beste autonomia erkidego baterako eska dezakete baimena, han bulegoak dituztela, jarduera nagusiaren zati bat bertan egiten dutela eta horretarako garraioa behar dutela egiaztatzen badute.
- Enpresak garraioa ez den beste jarduera batean aritu behar du.
- Salgaiak garraiatzeko beharra justifikatu behar du, baita garraioa enpresaren jarduera nagusiaren zati dela edo horretan integratuta dagoela frogatu ere.
- Bidaiaren abiapuntuak edo helmugak enpresaren jarduera nagusiari lotutako lanak egiten diren toki bat izan behar du.
- Erabiltzen diren ibilgailu, atoi eta erdiatoiek enpresaren antolaketan integratuta egon behar dute, jabetzan, finantza errentamenduan edo errentamendu arruntean.
- Gidariek enpresaren antolaketan integraturik egon behar dute, eta, behar izanez gero, beharrezko gaikuntzak eduki behar dituzte.
- Garraioa ezin da bereizirik kontratatu edo fakturatu. Kostua produktu edo zerbitzuaren azken prezioan sartu behar da, BEZa aplikatu aurretik.
Baimena eman ondoren, gidariek honako hauek egiaztatzen duen dokumentazioa eraman behar dute ibilgailuan:
- Salgaiak enpresaren jarduerari lotuta egotea.
- Ibilgailua eta gidaria enpresaren antolaketan integraturik egotea.