Etnografia atala jauregiaren beheko solairuan dago, eta garai bateko inguruko biztanleen eguneroko bizitza eta lana erakusten ditu.

Gune bitxienetako bat baserriko sukalde tradizionala da, non familia guztia elkartzen baitzen suaren berotan. Kasu honetan, sutondoa ez dago erdian, tximiniaren ondoan baizik, sukaldeko hormetako batean. Gainera, burdinurtuzko xafla bat dago, horma suaren berotik babesteko, bai eta erabilera arrunteko hainbat elementu ere; adibidez: sua bizkortzeko hauspoa, suhatzak edo gaztainak erretzeko erabiltzen den xafla zulatuzko danbolina. Horrez gain, badira zartaginak, metalezko kazolak eta elikagaiak garraiatzeko eta kontserbatzeko beharrezko zeramika piezak ere.

Elementu berezienetako bat aulkia edo zizelua da, sukaldeko hormetako bat ixten zuena. Banku luze bat da, erdian mahai eraisgarri bat duena, eta arasak alboetan. Beheko aldea, gainera, kapoitegi gisa erabiltzen zuten. Altzari handi horrek hotzetik eta aire korronteetatik babesteko ere balio zuen. Garrantzi handiko beste pieza bat tamaina handiko labea da. Bertan garizko edo artozko ogia egosten zuten. Normalean astean behin pizten zuten, eta hurrengo zazpi egunetarako ogia egosten.

Sukaldearen ondoan, familia aberats baten gela dago, Lazarraga jauregiko jabearen familiarenarena bezalakoa izan daitekeena: ohe bat, gau mahaia, komoda eta garbitzeko objektuak, hala nola garbiontzitxo bat edo pixontzi bat.

Beste gune batean, artzain txabola edo borda bat dago. Bertan, gazta egiteko hainbat tresna ikus daitezke; besteak beste, kaikuak edo gaztak prentsatzeko zurezko moldeak, beheko sua edo iratzezko ohea.

Nekazaritzak inguruan duen garrantzia gogorarazteko, nekazaritza ekoizpeneko hainbat tresna ere badira ikusgai; adibidez, patatak ereiteko makina bat eta nekazaritzako hainbat lanabes.

 

Etnografia Zalduondo