Kulturguneko beheko solairuko beste leku batek Blas Arratibel (Zalduondo, 1906-1986) gogorarazten du. Blas Arratibel herriko kultur elkartearen eta Gune honen sorreraren sustatzaileetako bat izan zen. Bizi osoan nekazaritzan eta industrian lan egin ostean, Arratibelek eskulangintzari eta herriko ondarearen eta tradizioen zaintzari ekin zien erretiroa hartu eta gero. Interes berezia agertu zuen inauteriak eta inguruko toponimia berreskuratzeko.

Arratibelen garrantzia zela eta, Arabako Foru Aldundiak haren izena eman zion 1986tik urtero antolatzen den Blas Arratibel artisautza lehiaketari. 2011. urteaz geroztik, lehiaketa irabazten duten lanak Lazarraga jauregian jartzen dira ikusgai. Hala, Artisautza tradizionala eta Sorkuntza berria modalitateei dagozkien 40 pieza ikus daitezke. Zeramikazko piezek, ehungintzakoek, larrugintzakoek, zurgintzakoek, kristalezkoek eta urregintzakoek aukera ematen dute Arabako nahiz Euskal Herriko egungo artisautzaren ikuspegi zabala izateko.

Arratibelek egurra landu zuen, eta pieza txikiak sortu zituen; besteak beste, kutxak eta begirada enigmatikoko gizon eta emakumeen aurpegiak eta kirten landuak zituzten makilak. Baina haren obrarik handiena, lehen solairuko aretoan ikusgai dagoena, Zalduondoko maketa bat da. Sei urtez (1973-1979) aritu zen egurrezko prototipo erraldoi hori egiten. Prototipo horretan herriko etxe, plaza, eraikin erlijioso eta txoko guztiak agertzen dira: guztira laurogei elementu. Aretoan, gainera, Arratibelen bizitzari eta obrari buruzko bideo bat ikus daiteke.

 

Blas Arratibel