Horma pinturak
Lazarraga jauregiko beste elementu berezi bat hormetako margolanak dira. Eskaileraren horma atala eta lehen solairuko galeria apaintzen zituzten, eta 100 m2 inguruko azalera hartzen zuten. Multzoa apartekoa eta bakarra da garai hartako eraikin zibil batean, bai Araban, bai Euskal Autonomia Erkidegoan, ez baitzen pintura apaingarri hutsa: izaera narratiboko programa bat zuen.
Diego Cegamarena da, ustez. Gipuzkoarra jatorriz, tailerra jarri zuen Munainen (Donemiliagako kontzejua, Araba), eta 1566 eta 1582 bitartean jarduera piktoriko handia gauzatu zuen Arabako Lautadako elizetan.
Batez ere, Testamentu Zaharreko eta Berriko gaiak jorratzen dituzte, landare eta animalia elementuekin batera; horietako batzuk fantastikoak dira, esaterako, adarbakarra. Pintzeladura horiek (garai hartan erabiltzen zen terminoa) grisailaz eginak daude; beltza eta gris sortak dira nagusi, eta puntu jakin batzuetan kolore ukitu txikiak daude.
Jauregiaren zaharberritze lanetan, pintura horietako batzuk hormetatik erauzi zituzten. Gaur egun, lehen solairuko areto batean ikus daitezke, euskarri berrien gaineko erakusketa muntaketa batean.