Arabako Landa Inauteriak
Lehen solairuko erdiko gunea ospakizun hauei buruzkoa da, bereziki Zalduondoko inauteriei eta Markitosi buruzkoa.
Arabako herri askotan galdu egin ziren jai horiek diktadura frankistan (1939-1975). Herri batzuetan, betiko desagertu ziren, baina beste batzuetan berreskuratu egin dituzte azken hamarkadetan, kultura elkarteei esker. Elkarteek lan handia egin dute festaren elementu nagusiei buruzko idatzizko eta ahozko lekukotasunak biltzeko (pertsonaiak, dantzak, ibilbidea, herri bazkariak, etab.). Erakusketan, bideo baten eta azalpen panelen bidez, Arabako inauterien bost adibide eta bertako pertsonaia nagusien mozorroak ikus daitezke. 2015ean, Eusko Jaurlaritzak kultura ondare immaterial izendatu zituen.
1793tik dugu Zalduondoko inauterien berri. Markitos da erabateko protagonista, amerikana grisa, txapela eta galtza beltzak dituen panpina bat, hamahiru arrautza margotuz egindako lepoko batez apaindua. Gaitz guztiak irudikatzen ditu, eta konpartsa batekin batera agertzen da (porreroak, atsoa, artzaina, ardiak, hartza, hezlea, etab.), baita golde bat daraman idi parearekin ere. Markitosek herri osoa zeharkatzen du, eta epaiketa baten eta kondena sermoi baten ondoren (ezagutzen den lehenengoa 1898koa da), sutan erretzen dute.
Horrez gain, aretoan, Arabako beste herri batzuetako adibideak ere erakusten dira; besteak beste, Ilarduia, Egino eta Andoingo Lastozko gizona, Kuartangoko Arrianoko atsoa, Santikurutze Kanpezuko Toribio edo Salcedoko Porreteroa. Pertsonaia horiei urtean zehar herrietan gertatutako kalte guztiak leporatzen dizkiete, eta, azkenean, exekutatu egiten dituzte. Konpartsekin batera joaten dira denak. Konpartsa horiek herriko gazteek osatzen dituzte normalean. Gazteak mozorrotuta ateratzen dira (hartza, artzaina, errementaria, kinkila saltzailea, apaiza, latorrigilea, etab.), eta aurpegiak maskaraz estalita edo beltzez margotuta. Eta, askotan, musika tresnak izaten dituzte, hala nola karrakak edo kaskabiloak.