Erakusketak informazio zabala eskaintzen du 2004an Madrilen aurkitu zuten eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eskuratu zuen “Lazarragaren eskuizkribua” izenekoaren inguruan. Jatorrizko aleari dagokionez, estalkiak eta 51 orri kontserbatzen dira; horietako batzuk kopiatu egin dira, eta aretoko beira arasetan ikus daitezke.

Eskuizkribuaren egile nagusia Juan Pérez de Lazarraga da, Larreako (Araba) dorreko bizilaguna, Zalduondoko jauregiaren sustatzaile izan zen Juan López de Lazarragaren ahaide eta garaikidea. Dokumentua XVI. mendeko euskaraz eta Arabako lokalismoekin idatzitako lehen testu profano ezaguna da.  Maitasun olerkiak, serranillak, bertsoak eta koplak ditu, batzuk gaztelaniazko bertsioarekin. Eskuizkribua 1564 eta 1567 artekoa da, eta Euskal Herriari buruzko lehen erreferentzia jasotzen du, eusquel erria eta eusquel erriau idatzita. Joanes Leizarraga lapurtarrak egindako eta 1571n argitaratutako Testamentu Berriaren euskarazko itzulpenean ere agertzen da aipamen hori, heuscal herria edo Heuscal-Herrian idatzita.

Zalduondorekin eta bertako Lazarraga familiarekin lotuta dagoenez, Gunea ingurune aparta da agiri hau ezagutu eta haren berri emateko.

 

Juan Pérez de Lazarragaren eskuizkribua