Zalduondoko Lazarraga Jauregia
- Kultura
- Museoak
- Lazarraga Kulturgunea
- Historia
- Zalduondoko Lazarraga Jauregia
Zalduondoko Lazarraga Jauregia
Monumentu kategoria du 1984az geroztik eta Euskal Autonomia Erkidegoak kultura ondasun kalifikatu izendatu zuen 2002an.
Familiako kide batek, Juan López de Lazarragak, eta haren emazteak, Juliana Díaz de Santa Cruzek, sustatu zuten, ustez, jauregiaren eraikuntza XVI. mendearen bigarren erdialdean.
Eraikin trinkoa da, oinplano ia karratukoa; bi solairu ditu –beheko solairua eta lehen solairua–, eta Euskal Herriko landa eraikinen ohiko sendotasuna eta soiltasuna dira nagusi. Portada da interesgarriena: fatxada nagusian dago, ekialdera begira; lehenengo solairuko galeria, aldiz, hegoaldeko fatxadan dago, lorategira irekita.
Jauregiak hainbat estilotako elementuak konbinatzen ditu, batzuk beste batzuk baino berritzaileagoak. Portadaren eta armarriaren ardatzak tamaina handia du eraikinaren proportzioei dagokienez, eta aurrea hartu zion Barrokoaren iritsierari. Sarrerako atearen alboetan zutabe bikoitzak daude, eta atearen gainean, antzeko bao batean, familiaren armarri handia, albo bakoitzean zutabe bat eta gerlari mehatxari bat dituena.
Galerian, berriz, bizi-bizirik dirau Italiako Errenazimenduak. Solairu nagusiko etxeko gune pribatu horrek argia eta espazio irekiaren ikuspegia bilatzen zituen.