Garraio operadoreen (OT) baimenak
Garraio operadoreen (OT) baimenak
Garraio operadoreak (OT) salgaiak estatu mailan zein nazioartekoan errepidez garraiatzeko zerbitzuen kontratazioan bitarteko gisa aritzen dira. Baimen mota hori honako hauek behar izaten dute:
- Garraio agentziak: salgaien garraioa kontratatzean bitartekari aritzen dira, erabiltzaile eta garraiolarien artean ezarritako antolakunde lagungarri moduan.
- Garraio bitartekariak: salgaien nazioarteko garraioa antolatzen dute, besteren konturako.
- Biltegiratzaile banatzaileak: beste batzuen salgaiak gordetzen dituzten gordailuzainak dira eta, gainera, salgai horiek banatzeaz edo banaketa kudeatzeaz arduratzen dira.
- Logistikako operadoreak: bezeroek jarduera garatzean eskatzen dizkieten eragiketak besteren konturako antolatu, kudeatu eta kontrolatzea da beren espezializazioa.
OT motako baimena eskuratzeko, salgaiak edozein motatako ibilgailuetan garraiatzeko zerbitzu publikoari (MDP) eskatzen zaizkion baldintza berberak bete behar dituzte enpresek, baina 60.000 euroko finantza ahalmena egiaztatu behar dute.
Honako hauek ez dute OT baimenik eskatu behar:
- Salgaien garraio publikorako MDP motako baimenen titularrak, baldin eta 60.000 euro edo gehiagoko kapitala eta erreserbak dauzkatela egiaztatzen badute. Administrazioak ofizioz gaitzen ditu.
- Salgaien garraio publikorako baimenen titularrak, ahalmen propioa aldi batean gainditzen duen eskariari erantzuteko, beste garraiolari batzuen kontratazioan bitartekari ari direnak (besterik gabe); bitartekotza horren ondorioz erabiltzen diren besteren ibilgailuen kopuruak inoiz ere ezin du gainditu ahalmen propioa, ibilgailu kopuruan neurtzen dena.
- Garraiolarien kooperatibak eta merkaturatzeko sozietateak, beren bitartekotza salgaien garraiorako baimenen titularrak diren bazkideek bakarrik ematen dituzten garraio zerbitzuak merkaturatzean datzan heinean.
Enpresa horiek beren jarduera egiteko telefonoa eta bitarteko informatiko edota telematikoak bakarrik erabiltzen dituzte, bezeroekin harreman zuzenik izan gabe; hala ere, hori ez da oztopoa OT motako baimena eskatzeko eta, hala badagokio, lortzeko.