Gidarien Gaitasun Agiria (GGA) lortu eta berritzeko modua

Gidarien Gaitasun Agiria, kasuen arabera, azterketa gainditu edo etengabeko prestakuntzako ikastaro batean parte hartu ondoren lor daiteke.

GGA lehen aldiz lortzeko, hasierako kualifikazioko ikastaro bat egin behar da zentro baimendu batean eta bi espezialitateen arteko batean azterketa bat gainditu behar da:  salgaiak (C baimenetarako) edo bidaiariak (D baimenetarako).

Lortzeko bi modalitate daude:

  • Arrunta: 280 orduko ikastaroa eta azterketa gainditzea.

  • Azkarra: 140 orduko ikastaroa eta azterketa gainditzea.

Eskoletara joan eta probetan aurkezteko aukera dago nahiz eta oraindik ez eduki kategoria horretako gidabaimena. Horrez gain, ikastaroa Espainiako edozein zentrotan egin daiteke.Hasierako prestakuntza egin eta testa gainditzeko betebeharra soilik gidabaimena horrela lortu zutenek daukate:

  • 2018ko irailaren 11tik aurrera, D1, D1+E, D edo D+E kategorietarako, bidaiarien garraioan.

  • 2009ko irailaren 11tik aurrera, C1, C1+E, C edo C+E kategorietarako, salgaiak garraiatzeko.

Lehenago gainditu zutenek etengabeko prestakuntza ikastaro bat egin beharko dute.

Horrez gain, martxoaren 23ko 555/2012 Errege Dekretuak ezarritako errepideko garraiorako ibilgailuak gidatzeko teknikari titulua dutenek ere ez dute hasierako prestakuntza edo azterketa gainditu beharko. Kasu honetan, ziurtagiria zuzenean emango zaie, bai salgaien bai bidaiarien garraioan, ohiko modalitatean.

Atzerriko pertsonen kasuan, honako hauek hasierako kualifikazioa jaso ahalko dute:

  • EBko estatu bateko nazionalak, ohiko bizilekua Espainian badute.

  • Hirugarren herrialde bateko atzerritarrak:

    • Jarduera Espainian ezarritako enpresa batean egiten badute, edo

    • Bizileku iraunkorrerako baimena edo lan eta aldi baterako bizileku baimena Espainian daukatenak.

Ikastaroa bukatu ondoren:

  • Bukatu eta gehienez ere urtebeteko epean gainditu behar da azterketa.

  • Izangaiek proban parte hartu ahal izango dute, ohiko bizilekua edo ikastaroa non egin duten kontuan hartu gabe.

  • Azterketak bi orduko iraupena dauka eta 100 galderako test bat da; lau erantzun alternatibo ditu. Asmatutako erantzun bakoitzeko puntu bat lortuko da; okerreko erantzun bakoitzak 0,50 puntu kenduko ditu, eta erantzun gabeko galderak edo erantzun bat baino gehiago daukatenek ez dute punturik emango. Gainditzeko 50 puntu behar dira.

  • Behin betiko emaitzak argitaratuta, GGA txartela emateko eskaera egin daiteke, aldez aurretik beharrezko tasa ordaindu ondoren.

  • Txartelak gehienez 5 urteko indarraldia dauka.

GGA azterketaren eskaera

Arabako Foru Aldundiak GGA lortzeko sei deialdi egiten ditu urtean.  Egutegia Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (ALHAO) argitaratzen da urte amaieran.

GGA azterketaren emaitzak

Espezialitate bateko (salgaiak/bidaiariak) hasierako kualifikazio azterketa gainditu dutenek, beste espezialitatekoa lortu nahi badute, soilik beste espezialitateari lotutako ikastaroaren zatian bertaratu eta azterketa zati hori egin beharko dute. Honako kasu honetan:

  • 35 orduko ikastaro azkarra egin ahalko dute, edo 70 ordukoa modalitate arruntean:

    • Bidaiarien sustapena: Salgaien GGA edukiz gero.

    • Salgaien sustapena: Bidaiarien GGA edukiz gero.

  • 25 galderako azterketa gainditu behar dute. Gainditzeko 12,5 puntu lortu behar dira.

Baimenen kategorietako batean etengabeko prestakuntzako ikastaroak egin dituzten gidariak beste kategoriako prestakuntza jarraitua egiteko betebeharretik salbuetsita egongo dira.

Etengabeko prestakuntza ikastaroek 35 orduko iraupena izango dute eta GGA daukatenen ezagutza eguneratzea dute xede.

Etengabeko prestakuntza ikastaroak soilik aldez aurretik hasierako prestakuntza egiaztatzen duten GGAren titularrek egin ahalko dituzte eta aipatutako kategoria batean indarrean dagoen gidabaimena badaukate.

Ikastaroa honela egin behar da:

  • GGA eman denetik 5 urte igaro baino lehen, eta 5 urterik behin errepikatu egin behar da.

  • GGA txartela iraungi baino 12 hilabete lehenagoko epean egin daiteke, indarraldi datari eutsiz.

Eskaera egin ondoren, Arabako Foru Aldundiak GGA txartelaren ordez iraupen bereko beste bat emango du, ikastaroa gainditu eta kategoriako gidabaimena indarrean dagoela egiaztatu ondoren.

Lanbidea utzi dutenek, eta indarrean dagoen txartela ez daukatenek, jarduerari berriz ere ekin aurretik etengabeko prestakuntza ikastaro bat egin beharko dute.

Atzerriko pertsonek ere etengabeko prestakuntza ikastaro horietan parte har dezakete baldin eta, eskatutako betekizunak betetzeaz gain, ohiko bizilekua Espainian badute edo Espainian lan egiten badute.

Izapidetu

Gidarien Gaitasun Agiria (GGA) administrazio eskudunak emandako gidariaren kualifikazio txartelaren bitartez egiaztatzen da.

Aurrealdean, besteak beste, datu hauek datoz:

  • Txartela eman duen estatu kidearen irudi bereizgarria
  • Txartelaren informazio zehatza, honako hauekin:

1. Titularraren abizenak

2. Titularraren izena.

3. Titularraren jaiotze data eta tokia.

4a. Txartela egin den data

4b. Txartela iraungiko den data.

4c. Txartela eman duen agintariaren izendapena (atzealdean inprimatu daiteke).

4d. Gidabaimen zenbakia ez beste zenbaki bat, administrazio erabilerarako.

5a. Gidabaimenaren zenbakia.

5b. Txartelaren serie zenbakia.

6. Titularraren argazkia.

7. Titularraren sinadura.

8. Titularraren egoitza, bizitokia edo helbidea (aukerako aipamena).

9. Kualifikazio eta etengabeko prestakuntzari dagozkien ibilgailuen kategoriak.

 

Atzealdean, besteak beste, honako hauek jaso behar dira:

9. Gidariak zein ibilgailu kategoriatan betetzen dituen kualifikazio eta etengabeko prestakuntzako betebeharrak.

10. Erkidego kodea.

11. Bide segurtasunari lotutako edo kudeaketarako ezinbestekoak diren aipamenak jasotzeko erreserbatutako espazioa, hala badagokio.

EBko herrialdeetako gidariek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2003ko uztailaren 13ko 2003/59/EE Zuzentarauak onartutako edozein dokumenturen bitartez egiaztatu ahalko dute dagokien kualifikazioa.

Hirugarren herrialdeetakoek honela frogatu ahalko dute prestakuntza eta kualifikazioa:

  • Erkidego ereduko gidabaimena, bertan erkidego kodea duela, gidabaimenaren titularra bada.
  • Araudian aurreikusitako gidariaren kualifikazio txartela, kasuan kasuko erkidego kodearekin.
  • Hirugarren herrialdeetako gidariaren ziurtagiria. Ziurtagiriaren enpresa eskatzaileak gidarien gaitasun profesionaleko ziurtagiria aurkeztu behar du eskaeran, eduki behar duten gidarien kasuan.